Ze helbururekin sortu duzue Elgeta Zero Zabor taldea?
Aurkezpenean esan genuen bezala, zero zabor filosofia lantzeko asmoarekin jaio da taldea. Zaborrarekin dugun arazoak kezka larria sortzen digu, eta irtenbidea bilatu nahi diogu. Azken helburua, zaborrik ez sortzera heltzea izango litzateke. Horretarako, hondakinak murriztea —hondakinik onena sortzen ez dena delako—, produktuak berrerabiltzea —produktuen bizia luzatuz hondakin gutxiago sortzen delako—, eta ahal den guztia birziklatu eta konpostatzea proposatzen ditugu.
Egun ezagutzen dugun eredu lineala —lehengaiak hartu, kontsumitu eta erre edo lurperatu— alde batera utzi, eta eredu zirkular batera jo behar dugu, lehengaiak berriro ere erabili ahal izateko. Eta bide horretan, errausketak ez du lekurik.
Herritarren artean informazio falta nabari dugu eta gure asmoa, ideia hauek azaltzea eta zabaltzea da. Izan ditzaketen kezkak edo zalantzak argitzen saiatzeko prest gaude. Modu berean, gaiari buruzko ekarpenak ongi etorriak izango dira. Aurkezpenean aipatu genuen bezala, guztion parte-hartzea beharrezkoa izango da. Gurekin harremanetan jarri nahi duenak helbide honetara idatz dezake: elgetazz@gmail.com
Jarri zarete harremanetan Elgetako udaletxeko arduradunekin? (Bailarako inkognita gai honekin lotuta)
Kontakturen bat izan dugu, baina oraindik ez dugu bilera ofizialik egin. Une honetan gure lehentasuna ekainerako programaturik dauden ekintzak dira, bai Elgetakoak, bai Donostiako mosaiko erraldoia ere. Esku artean daukagun informazioa zabaldu nahi dugu, herritarrak kontzientziatu, konposta bultzatu, etab.
Badakigu une jakin batean udaletxearekin elkarlanak posible direla zero zabor norabidean, baina urratsez urrats joan nahi dugu.
Zer esango zenieke herritarrei?
Antolatu ditugun ekintzetan parte-hartzera gonbidatu nahi ditugu herritar guztiak. Ekainaren 4an autokonposta ikastaroa Mankomunitateak antolatuta, ekainaren 5ean Errausketari ateak ixten dokumentala, ekainaren 7an konpostari buruzko bideo emanaldia eta jarraian herrian bertan konposta ikustera bisita, eta ekainaren 17an mosaiko erraldoia Donostian, Aire garbiak bira nazan, zero errausketa leloarekin.