Francoren tropen porrota eragin zutenak omenduko ditu Elgetak

Leire Kortabarria 2011ko urr. 9a, 02:00

Gerra frankistan, Elgeta izan zen Euskal Herriko gudari eta miliziano errepublikar zein abertzaleen fronte garrantzitsuenetako bat. Hori jakinekoa da, eta baita luzaroan iraun zuela frankistak eustea lortu zuen hesiak: zazpi hilabete luze eta gogor. Hain gogoratua ez da, ordea, fronte hori noiz eta nola sortu zen. Bada, horixe ekarriko dute gogora oraingo aste bukaeran Elgetan: Francoren gudarosteak gerarazi zituen frontearen sorrera. 1936ko urriak 4 zituela gertatu zen hori.

Egun horixe, urriaren 4a, aukeratu zuten Elgetako Udalak eta alderdi politikoek –guztiek bat egin dute egun horren inguruan– eta Intxorta 1937 Kultura Elkarteko kideek ospakizuna aurkezteko.

Ospakizuna bera etzi, domeka, izango da, horrela jende gehiagok parte hartzeko aukera izan dezan. Izan ere, Elgetako alkateak, Oxel Erostarbek, deialdi zabala egin du: "Denontzako data berezia da, eta gonbidatu gura ditugu elgetarrak eta eskualdeko zein inguruko jendea ekitaldian parte hartzera".

Zauriak ixteko, egia azaleratu

Domeka goizean, etxafuegoek eta kanpaiek gogora ekarriko dute egun berezia dela. Segidan, 10:00etan, bisita berezia egingo dute: lehenengo Salbadorrera joango dira eta lore eskaintza egingo dute han dagoen eskulturan. Gerran erail zituztenen familiak gonbidatuko dituzte bertara.

Hori egin eta gero, Elgetako frontean barrena antolatuta dagoen ibilbide tematikoan dauden gune garrantzitsuenak bisitatuko dituzte: lubakiak, gordelekua, Belgikako miliziano batzuek ekarritako La Belga izeneko metrailadore historikoa... Bisita gidatu hori Intxorta 1937 Kultur Elkartekoek egingo dute.

Ekitaldi nagusia 12:00etan hasiko da eta Intxortako Atean izango da. Musika egongo da eta aurreskua egingo dute dantzariek, eta hitza hartuko dute udal ordezkariek –alkateak eta beste zinegotzi batzuek– eta Intxortako kideek.

Bukatzeko, Elgetara martxa egingo dute, honako leloarekin: Egia, justizia eta kalte ordaina zauriak ixteko, askatasunez bizitzeko. Oxel Erostarbek azaltzen dizkigu horren nondik norakoak: "Martxa horrekin aldarrikatu gura dugu askatasunez bizitzea gura dugula, zauriak ixtea gura dugula. Horretarako modu bakarra da gertatu denaren egia ezagutzera ematea; ez dugu nahi historia mutilatua, urteetako isiltasunarekin amaitu gura dugu.Barrabaskeria haiek aurrera eraman zituztenek ordaindu egin behar dute egin zutena, ezer egin gabe erail zituztenak, epaiketa gabe fusilatu zituztenak... gertatu zena ezagutzera eman eta horrek aldatu egiten du emaitza, historia. Eta, noski, kalte-ordaina eman behar zaie kaltetuei eta euren familiarrei".

Bazkaria ere izango da, aurretik txartela erosi zutenendako.

Hiru lekutik eraso

1936ko urriaren 4 hura egun historikoa izan zen. Goiz hasi zen erasoaldi gogorra Elgetan. Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Juan Ramon Garaik esaten duenez, "egun hartan, erresistentziaren lerroan, miliziano eta gudarien konpainia hauek zeuden: Bergara, Oxintxu, Soraluzekoak, CNT, Padura, Arratia, Arana Goiri, Dragones, Zabalbide, Gallastegi, Belgikako internazionalistak, Bizkaigana, Kortabarria, Etxebarria... eta haiek eutsi zioten erasoari".

Frankisten erasoa hiru aldetik etorri zitzaien goiz hartan. "Bitik ez zuten aurrera egiterik lortu, baina hirugarrenetik lortu zuten lerroa gainditzea eta Intxorta Txiki ondoko Gaztelumendira ailegatu ziren. Gudariek, eraso baten, hainbat hil eta beste hainbat preso hartu zituzten, eta faxistek, porrot eginda, atzera egin zuten", esaten du Garaik.

Frontea egonkortu egin zen, eta 1937ko apirilaren 24ra arte iraungo zuen: zazpi hilabete gogor, negu gorrian, azkenean Francoren gudarosteak eta haien aliatuek Elgetara sartu eta herria hartu zuten arte.

Fronteari esker

Baina erresistentziako gudariek eta milizianoek lortu zutena ez zen ezerezean geratu, Oxel Erostarbek dioen bezala: "Data moduan garrantzia du, horrek aukera eman zuelako lehenengo Jaurlaritza osatu eta lehenengo estatutua onartzeko, Elgetako Estatutua izenekoa. Historikoki data garrantzitsuak dira Euskal Herriarentzako. Borrokaldi gogorrak izan ziren Intxortan eta tropak gelditu izanak ahalbidetu zuen guztia. Herriarentzako ere suposatu zuen frontea hilabeteetan bertan egonkortzea, horrek dakartzan gauza guztiekin".

Datorren urteko apirilean, urtero bezala, baina 75. urteurrena dela aintzat hartuta, ekitaldi bereziak izango dira Elgetan, eta dagoeneko hasiak dira haiek antolatzen.

Oxel Erostarbe - Elgetako alkatea

"Fronteak ahalbidetu zuen lehen estatutua onartzea"

Elgetako alkate Oxel Erostarberen esanetan, "Elgetak lekua izan behar du data historiko garrantzitsu hauek gogoratzen direnean".
Zergatik izan zen hain garrantzitsua frontea?
Aukera eman zuelako lehenengo Jaurlaritza osatu eta lehenengo estatutua onartzeko, Elgetako Estatutua izenekoa. Elgetak lekua izan behar du data horiek gogoratzen direnean. Borrokaldi gogorrak izan ziren Intxortan eta tropak gelditu izanak ahalbidetu zuen guztia.
Frontea apirilean gainditu zuten frankistek…
Elgeta hartu zuten eta sarraski izugarriak egin zituzten. Datorren urtean 75 urte beteko dira eta hasiko gara zerbait berezia gertatzen. 75 urte data esanguratsua da eta ezin dugu denbora beste barik pasatzen laga, ezagutzera eman gura dugu gertatu zena, berriro ez gertatzeko modu onena delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak