Arantxa Arantzeta: "Bonbardaketan hil ziguten aita; ikusterik ere ez genuen izan, hori gogorra da gero!"

Julen Iriondo 2011ko api. 20a, 10:00

Gaur dira 74 urte, Espainiako Gerran, Elgeta bonbardatu zutela. 1937ko apirilaren 20a zen: Francoren aldekoen hegazkinetatik jaurtitako bonbek suntsitu egin zuten Elgeta, eta hainbat lagun hil ere bai, Arantxa Arantzetaren aita tartean. Hilaren 22tik 24ra ere egunero izan ziren bonbardaketak. Elorrio hartu ostean, hilaren 24an sartu ziren faxistak Elgetan. Horrela amaitu zen zazpi hilabete iraun zituen frentea.

Zazpi hilabete iraun zituen frenteak...

Zazpi hilabete asko da gero, zenbat bonba ta zenbat zera! Eta gero bonbardaketak. Kalean geundela: "Badator, badator!". Egunero etortzen zen hegazkinen bat. "Korreoa" deitzen genion. Ez genuen jakiten zer gertatu behar zen, hutsik ote zetorren edo bonbekin. Babestera eliza ostera joaten ginen, elizak ez omen zituztela-eta erasotzen. Han egoten ginen, hormaren kontra jarrita. Ez zituztela elizak bonbardatzen? Harrapatu zuten guztia apurtu zuten eta!

1937ko apirilean iritsi ziren bonbardaketa gogorrenak...

Bonbardaketa handiena hilaren 20an izan zen. Orduan hil zuten gure aita. Kalean zegoen eta zulo baten babestu zen. Ahal zen tokira joan behar izaten zen! Han sartu ziren bera, bi miliziano eta Elgetako beste gizon bat. Antza, pare-parean jo zuen bonbak. Han hil zen, eta ikusi ere ez genuen egin! Ezta amak ere. Hori gogorra da gero!

Beste senideak onik atera zineten, kaletik joanak zineten eta.

Kalean ez zegoen egoterik. Kanpoan egin genituen zazpi hilabete, baserri baten. Lau familia geunden han, Elgetako hiru eta Eibarko bat, bakoitza gela baten. Beheko sua genuen, baina edateko urik ez. Atera kontuak nola bizi ginen. Eskerrak gu geunden leku hura errespetatu zutenari! Kaleko etxea apurtu egin zuten eta itzuli ginenean amaren etxera joan ginen lehenengo. Gero, gurea konpondu zutenean, hara itzuli ginen.

Eta nola egin zenuten aurrera?

Gure aitak okindegia zuen, alokatuta. Baina okindegia zuenak alde egin zuen gerra garaian, eta ez zen berriz azaldu. Anai-arrebok eta amak hartu genuen orduan okindegia. Goserik ez genuen pasatu guk. Aurretik ere, baserrian geundenean, milizianoek lau lagunendako opila ekartzen ziguten doan. Elorrioko bidera joaten ginen egunero haren bila.

Milizianoek ekartzen zizueten orduan jatekoa...

Bai, haiek ziren mutilak haiek! Jende gogorra; gertatu zena izan zen armamentua falta! Ez zeuden prestatuta. Gerra suertatu zenean nork uste zuen, ba, hala izango zela? Pena ematen zuten, halako mutilak milizianoak! Ze tristea izan zen erretiratzea, miliziano denak alde egiten! Beno, asko frentean hil ziren; bonbardaketan ez, baina frentean mutil asko hil ziren. Gure ezagunak asko.

Eta herria nola geratu zen?

Oso herri polita genuen, orain baino politagoa. Orain ere polita dago, baina lehen gehiago. Dena galeriak ziren, etxe ederrak. Dena apurtu zuten. Behera jausi ziren etxeak, eta berriak egin behar izan zituzten.

Ez dadila halakorik gehiago gertatu...

Albistegietan egunero ematen dituzte, Libiakoa ez bada beste nonbaitekoa. Gogorrak dira gertatzen direnak. Kulpa gabeko zenbat hiltzen dituzten?! Gizarajoak! Nik neuk gerrarik ez dut nahi gehiago.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak