"Erraustegia eraikitzen bada, 25-30 urterako lotuko gaituzte bide horretara"

Larraitz Zeberio Lekuona 2010ko aza. 24a, 10:48

Gipuzkoa Zero Zabor taldeko kideek hondakinen arazoari buruzko hitzaldia egingo dute eguaztenean, hilak 24, kultura etxean, 19:00etan hasita.

Epe motzean zaborrak kudeatzeko bi ereduren artean aukeratu beharko dugu Gipuzkoan. Mankomunitatea atez atekoaren aldekoa agertu da, baina Udalek dute orain azken hitza. Ainhoa Arrozpiderekin, Mikel Ikatzategirekin eta Jose Mari Irazustarekin izan gara berbetan.

Zer da Gipuzkoa Zero Zabor?
Hondakinen arazoari aurre egiteko lanean dauden taldeen sinergia lortzeko sortu da. Gipuzkoan hondakinen arazoa zertan datzan jakitera eman eta konponbidea gauza dadin eragitea da gure helburua, hau da, Gipuzkoa Zero Zabor lurralde izenda dadin eta Zero Zabor programa bat aplika dadin lortzea. Horretarako lehen aipatutako taldeekin batera jardutea eta talderik ez dagoen herri eta eskualdeetan berriak sortzea da helburua. Horrekin batera, Zero Zabor ereduarekin bateraezina den errauste planta eraikitzeko Usurbilgo itunak eskatzen den sei urteko luzapena bultzatu nahi dugu, eredu iraunkorrak gauzatzeko aukera izateko.


Hondakinek badute irtenbidea?
Gaur egun sortzen ditugun hondakinen %90 birziklagarria da. Badago horren zati handiena berreskuratzea posible egiten duen sistema: atez ateko bilketa. Gainerako %10 hori erraustea baino irtenbide hobeak badaude osasun, ingurumen eta ekonomia aldetik. Eragitea posible da, ontzien lege egoki batekin. Berrerabilpena sustatzeko hartu daitezkeen neurriak garrantzi handikoak dira ere.


Zein da orduan irtenbidea azken errefusa horrendako?
Gaur gaurkoz sistema guztiek behar dute zabortegia, errausketak barne. Kontua da, zabortegia nolakoa izango den, zer botako dugun bertara... Guk ez dugu nahi errauts toxikoak edukiko dituen zabortegirik, ezta oraingoak bezala zaborra usteltzen edukiko duen zabortegirik. Guk organikoa kenduta edo egon daitekeen organiko gutxia egonkortuta geratzen den errefusa inertea gordeko duen zabortegia nahi dugu.


Zein da mahai-gainean dugun eta laster erabaki beharko dugun auzia?
Indarrean dagoen eredu lineala edo zirkularra, hau da zero zabor eredua. Erraustegia eraikitzen bada 25-30 urteetarako lotuko gaituzte bide horretara. Zero Zabor eredua zabaltzen ari da atez atekoren bidez geroz eta herri gehiagotara. Osasuna eta ingurumena gutxi batzuen irabazi azkarren gainetik daudela pentsatzen dugunok, antolatu eta herri eta eskualdeetan hedabide handietatik eman nahi ez duten informazioa zabaldu behar dugu. Era berean, arduradun politikoei arduraz jokatzeko exijitu behar diegu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak