Udalak Salbador kalearendako araudia prestatzen dihardu

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko urr. 24a, 15:27
Egueneko plenoan aurkeztuko diete araudi berria talde politiko ezberdinei. Herritarrendako aurkezpena egingo dute jarraian azken ekarpenak jasotzeko.

 

Oxel Erostarbe alkatearen esanetan amaituta daude Salbador kaleko lanak. "Zenbait garajetan konponketak egin behar dira, baina %95ean eginda daude egin beharreko lan guztiak", esan du alkateak. "Falta zaiguna da ibilgailuen joan etorria antolatzea Salbadorren, Lasaon, San Roken eta herriko beste zenbait gunetan". Erostarbek azaldu duenez argi dute karga eta deskargarako aukera eman beharra dagoela gune horietan bizi diren herritar guztiei, baina aparkatzeko aukerarik ez dela egon behar uste dute. "Araudi hori lantzen gabiltza", esan du alkateak. "Gure asmoa da egueneko plenoan gainerako alderdi politikoei azaltzea eta adostutakoan herritarrei aurkezpen bat egitea euren ekarpenak ere jasotzeko". 

11 eskatzaile tasatuetarako

Azaroaren 5ean, 18:30ean, zozketatuko dituzte udaletxeko osoko bilkuren aretoan Uruburun hutsik gelditu diren bost etxebizitza tasatuak. "11 eskatzaile ditugu eta egia da gehiago espero genituela, baina kontuan hartu behar da azken urteotan Elgetan etxebizitza asko eraiki direla", adierazi du Erostarbek. "Etxebizitza beharra, seguruenik duela bost edo sei urte baino txikiagoa da egun".
udalaren pertsonal politika
Udaletxean hutsik gelditu dira kultura eta kirol teknikari postuak. Alkateak dio laster aurkeztuko dutela egoera horri aurre egiteko proposamen bat, baina aurreratu du errazena jendea kontratatzea izango litzatekeela. "Elgetak dituen beharretara egokitu behar dugu udaletxean lanean diharduen jende kopurua", esan du. "Neurriak hartu behar ditugu, tartean krisia dugulako eta tekniko masifikazioa ekidin beharra daukagulako", jakinarazi du. "Guk ere ardurak hartu behar ditugu" onartu du alkateak. "Batzorde buruek sekulako esfortzua egiten ari dira egunotan tekniko barik funtzionatzen ari direlako, ez aurreko agintaldian moduan. Tekniko batek lan asko aurreratzen du".
Elgeta 21 garapen agentziako gerentearen beharra ere zalantzan ipini du alkateak. "Epe ertainera industria eta etxebizitza alorrak garatuta dituen herri batean gerente horren beharra dagoen aztertu beharko dugu".

Oposizioaren kezkak

Alkateak ez du uste udal pilotalekua lagata dagoenik. "Aurreko agintaldian diru asko gastatu zen pilotalekuan. Arduradunek esan beharko dute zergatik gelditu ziren egiteke gauza batzuk".
Esan du gainera mendi museoaren proiektua ez dela udal gobernuaren lehentasuna. "Patronatuaren eraikinari bestelako erabilpena eman beharko genioke kontuan hartuta, gainera, eskola ondoan dagoela".
Lorategien mantenuaren inguruan esan du lorategiak "ondo" eta "txukun" egon direla. "Ziurrenik aurten izan da Udalak zeregin horretara errekurtso gehien bideratu dituen urtea".

2009ko aurrekontua

"Aurten proiektu potoloen urtea izan da eta datorrena proiektu horiei amaiera emateko urtea izango da", adierazi du Erostarbek eta haurreskola berria aipatu du adibide moduan. Etorkizunera begirako asmoak martxan jartzeko urtea ere izango dela adierazi du. "Kiroldegia, irisgarritasun planaren eguneratzea... herritarren parte hartzearen gaineko egitasmoan ere sakondu behar dugu". Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreratu du aurten Elgetako Udalak 60.000 euro gutxiago jasoko dituela. "Diru asko da hori Elgeta moduko herri txiki batendako", esan du alkateak.

Erostarbek adierazi du adostasunetara iristeko borondatea daukatela eta horrek zerbait atzeratu dezakeela aurrekontuen onarpena, baina datorren urterako kontuak urte amaierarako onartuta nahi dituela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak