Recydeko enpresa batzordeak kontzentrazioa, kaleratzea salatzeko

Arritxu Barruso 2008ko abe. 12a, 14:58
Elgetako Recyde lantokiko enpresa batzordeko kideek elkarretaratzea egin dute gaur goizean orain dela bi aste izandako kaleratze bat salatzeko. Sindikatuek diote inolako aurre-abisurik gabe egin dutela kaleratzea. Enpresako zuzendaritzak, bestetik, dio arrazoiak diziplinazkoak izan direla eta langileak espediente bat baino gehiago zituela zabalik.

Azaroaren 27an kaleratu zuten Recydetik lantokian hamar urte enpresan lanean zeramatzan langilea. Inolako aurre-abisurik eman gabe eta langile horren aurkako frogarik gabeko salaketekin kaleratu dutela adierazi dute sindikatuek. "Enpresarekin malgutasunezko akordio batera iritsi ginen, aurten hartutako bost egunak hurrengo urterako uzteko. Hori lotu eta hamar egunetara kaleratzea etorri da, inolako arrazoi barik", azaldu du Aitor Basauri enpresa batzordeko kideak.

LAB sindikatuak uste du enpresak krisia erabili duela aitzaki moduan. Adierazi dute azken 15 urtetan enpresak irabazi handiak izan dituela, eta orain bi hilabetez krisiaren eraginak jasan orduko, langileen aurkako neurriak hartzen hasi direla.

Recyde enpresaren zuzendaritzarekin kontaktuan ipini gara eta azaldu dute arrazoiak diziplinazkoak izan direla; langile horrek espediente bat baino gehiago zituela zabalduta eta ez dagoela enpresaren proiektuarekin identifikatuta. Gaineratu dute, egoera ekonomikoa ez dela batere ona eta nahikoa arazo dituztela aurrera egiten horrelako pertsona baten jarrerarekin tiraka ibiltzeko.

Enpresa batzordea ez dator bat honekin: "Diziplinazko arrazoiak izan zirela esan zuten lehenengo, baina, gero onartu dute kaleratzea desegokia izan dela" adierazi du Basaurik.


Jakinarazpena emateko modua ere nahiko bortitza izan zela salatu dute enpresa batzordeko kideek. Gaineratu dute asteko lanaldiaren azken unean kaleratze gutuna ematen ziotela, dirua epaitegian izango zuela adieraziz eta bere gauzak hartzeko esanez.
    
Recydeko zuzendaritzak, baina, gezurtatu egin gura izan ditu adierazpenok. Bortizkeriarik ez dela egon azaldu dute eta langilearekin uneoro errespetu handiz jokatu dutela adierazi dute. Eurendako ere erabakia zaila eta gogorra izan dela gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak