Argi dago ate joka dugula atez atekoa Elgetan ere. Erabaki serioa da agintariek uneotan esku artean dutena. Labur esanda atez atekoa edo bosgarren edukiontza da mahai gainean dituzten bi aukerak. Ezker abertzalearen eta Aralarren aldeko botoekin Elgeta parte den Debagoieneko Mankomunitateko Ingurumen Batzordeak ekainaren 9an onartu zuen atez atekoaren alde egitea. Gainera, zabor bilketa sistema horrekin herri txikietan hastea aztertzen dihardute, eta Antzuola eta Elgeta dira lehenengo bi aukerak.
Zaborraren udal batzordea
Elgetako alkateak esan du hurrengo asteetan landuko dutela gaia udalean talde bakoitzak bere iritzia eman dezan. Udal talde politikoak gaia aztertzeko eskaera jaso dute, eta udal gobernuaren asmoa da batzorde bat sortzea gaia lantzeko. Ferixa Nagusiko jaien ondotik izango da hori.
Bosgarren edukiontziaren aukera
Atez atekoak kontrako iritziak ere sortu ditu. Bosgarren edukiontziaren alternatibaren alde agertu dira, orokorrean, sozialistak eta jeltzaleak. Azaltzen dute epe luzera atez atekoa garestiagoa dela eta emaitzak antzekoak direla.