Kultura etxeko igogailua laster egongo da erabilgarri

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko urr. 24a, 13:08
Oxel Erostarbe alkateak jakinarazi du “egunotan” ipiniko dutela martxan; “udal eraikinetan genuen hutsune garrantzitsua zen” adierazi du.

Udal liburutegia, KZgunea, ludoteka... zerbitzu asko hartzen ditu Kultura Etxeak gaur egun. Orain arte, ordea, eraikinak ez ditu gutxieneko irisgarritasun neurriak bete eta mugikortasun arazoak dituzten herritarrendako ezinezkoa izan da zerbitzu horiek erabiltzea. Baxua eta hiru solairu ditu eraikinak eta udal liburutegia bigarrenean dago, esaterako.
         Oxel Erostarbe alkateak jakinarazi du laster egongo dela martxan Kultura Etxeko igogailua. “Hauteskunde kanpainan agindu genuen igogailua martxan ipiniko genuela eta laster, egunotan, egongo da erabilgarri”, ziurtatu du alkateak. Udalak Orona enpresari esleitu dio igogailua martxan jartzeko lana. Aurrekontua 6.231,58  eurokoa da.

Erabiltzaileen aspaldiko eskaera

Pozik hartu dute albistea Kultura Etxeko erabiltzaileek, tartean Maria Elena Eztenaga udal liburuzainak. “Premiazko gauza bat dela uste dut. Liburutegia bigarren solairuan dago eta jendeak askotan eskatzen du igogailua zailtasunak dituztelako bertara iristeko", adierazi du Eztenagak.
Liburuzainak gogoratzen du hasiera batean igogailua martxan egon zela, duela 20 bat urte edo. "Matxuratu egiten zen behin eta berriz umeek erabilpen txarra ematen ziotelako”, gogoratzen du. “Gora eta behera ibiltzen ziren ezkutuan. Behin eta berriz konpontzea garestiegia zela-eta, Udalak zegoenetan uztea erabaki zuen”. Inoiz edo atzera ere martxan jarri izana gogoratzen du Eztenagak. “Ekitaldi bereziren baterako edo erretiratuen hitzaldiren baterako... baina eguneroko erabilpenerako ez”.
         Ume txikiekin liburutegira igotzen diren gurasoak, ebakuntzaren bat egin eta eskailerak igotzeko zailtasunak dituztenak, igeltsuarekin daude umeak... "Jende ugarik eskatzen du igogailua eta pozten naiz atzera ere martxan jartzea. Hori bai, argi eduki behar dugu ondo zaindu beharko dugula denok berriz ere barik geratu nahi ez badugu behintzat”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak