Intxortako lubakiak eta gordelekuak ezagutu dituzte bisita gidatuan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko abu. 5a, 16:18
Gerra Zibila Euskal Herrian oinarri hartuta, ibilbide tematikoa egin dute gaur Elgetan. 30 lagun inguru elkartu dira plazan. Elgetako Espaloia Kafe Antzokitik abiatuta, lehendabizi Interpretazio Gunea bisitatu dute eta ondoren 5 kilometroko ibilbide tematikoa oinez egin dute. Erantzun ona izan du irteerak; hala, hurrengo irteera abuztuaren 29an izango da.

Historia hurbilean gure ingurukoei gertatutakoa ezagutzea zen gaur Intxortako ibilbide tematikoan parte hartu dutenen nahia. 30 lagunetik gora elkartu dira Elgetan, goizeko 11:00etan ibilbideari hasiera emateko.

Lehenengo Espaloian ordu erdi inguruko ikus-entzunezkoa izan dute; eta, ondoren, oinez Intxortara igo dira.

Momentu hunkigarriak

Han, gerrako lubakiak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. Ibilbide hunkigarria izan da askorentzat, euren senide edo ingurukoak han ibilitakoak zirelako.

Gerra Zibila Euskal Herrian oinarri hartuta, ibilbide honetan Elgetako Intxorta mendiaren magalean izandako frontearen hainbat xehetasun ezagut daitezke. Hain zuzen, zer gertatu zen argitzea eta ezagutaraztea derrigortzat jo dute Intxortan izan direnek.

Maiatzean inauguratu zuten ibilbidea

Maiatzean inauguratu zuten Intxortako ibilbide tematikoa. Intxorta ingurua berreskuratu eta ezagutzera ematea du helburu. Proiektu honen bitartez, Intxortako lubaki eta gordeleku garrantzitsuenak berreskuratuko dituzte. Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Elgetako Udalak elkarlanean egindako proiektua da.

Bost kilometroko ibilbidea

5 kilometro inguruko ibilbidea da, ordubeteren bueltan egiteko modukoa. Ibilbideak aparkalekua dauka Intxortako Atea eskulturaren ondoan; eta bisitarien harrera-gune finkoa, Espaloia Kafe Antzokian. Gune horretan, maketak, panelak eta proiekzioak izango dira, besteak beste.

Hurrengo irteera, abuztuaren 29an

Hurrengo irteera eguna abuztuaren 29a izango da. Interesatuek izena eman beharko dute 943 71  89  11 telefonoan. Pertsonako hiru euro ordaindu behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak