Iazko egitarau antzerakoa aurtengo Ferixa Nagusiko jaietan ere

Larraitz Zeberio Lekuona 2010ko eka. 11a, 14:19
Udal jai batzordeak 28.647 euroko aurrekontua aurreikusten du. Domekako ferian 17 idi pare egongo dira ikusgai, eta arratsaldean malabaristak egongo dira.

Feria Nagusiko jaien egitaraua prest du Udalak. Iazko programarekin alderatuta, aldaketa gutxi antzematen dira. "Iazko arrakasta ikusita jai batzordeak eutsi egin dio egitarauari", azaldu du jai batzordeko buru den Oxel Erostarbe alkateak. Iaz bezala, Kupela taldeak girotuko du egueneko Mozorro gaua, uztailaren 1ean egingo dena. Bigarren urtez brindisa egingo da eta umeendako, eurak horrela eskatuta, olinpiar jokoetan oinarritutako jokoak prestatuko dituzte Udalak eta gurasoek. Honekin lotuta, bilera deitu dute biharko, zapatua, 10:30ean Salbador kalean, eta eguraldi txarrarekin frontoian.

Erretiratuen eta umeen eguna

Barikuan, uztailak 2, erretiratuak eta umeak izango dira protagonista nagusiak. Plazan ipiniko dituzte aurten umeendako puzgarriak, eta eguerdiko salda Ozkarbi elkartearen aurrean emango dute. Nobedade moduan karate erakustaldi batek ordezkatuko du herri kirolen erakustaldia, eta gaztetxeko lautadan bazkaria egingo dute aurten. Iaz moduan Peli Arantzabalek alaituko du Espaloian egingo den erretiratuen bazkaria, eta bits festa izango dute umeek arratsaldean. Hori bai, batukada izango da iluntzean kaleko giroa animatzen eta erromeria, aurten, Itzel taldeak egingo du. Gaztetxean, berriz, kontzertuak egongo dira bariku gauean. Bizardunak eta Joxpa taldeek egingo dute emanaldia.

Zapatuan, Herri Eguna

Asto karrera, paella jana, eta erromeria izango dira aurten ere Herri Eguneko ekitaldi nagusiak. "500 lagunendako paella eta saiheskia egongo dira", adierazi du alkateak. "Kantuak eta dantzak Jainaga eta Narbaiza bikotearen eskutik izango dira". Gaztetxeak ere kontzertuak antolatu ditu jaietako zapaturako; Desmascarados eta Mal de Ojo taldeak izango dira Elgetan.

Domekan, Feria Nagusia

Urteroko azokarako, berriz, aurten ere ganadu erakusketa zabala iragarri dute. Makineria eta burdindegi azoka ez da faltako, ezta inguruko artisau eta produktu naturalen ekoizleak ere. "17 idi pare espero ditugu", aurreratu du alkateak. Ez da ahaztu behar animalia horiek direla, aspaldian, Elgetako azokako berezitasuna. Azkenaldian moduan, gainera, idi probak egingo dira eguerdi partean. Elgetako trikitilariek girotuko dituzte kaleak domeka goizean, eta umeek play-back saioa izango dute atzera ere arratsaldez.
Domeka iluntzerako, aurten, malabaristen ikuskizuna prestatu dute. Iazko kabaret ikuskizunak ez zituen aurreikuspenak bete eta aurten apustu berria egitea eraΩbaki dute jai batzordean. Jaiei amaiera emateko urteroko txitxiburduntzia egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak