Hareazko txorroekin garbituko dute 'Intxortako Atea' monumentua

Udalak gura du urteurreneko ekitaldirako, hilak 27, inguru guztia atzera ere txukun egotea. Egun horretan lore eskaintza eta gudariek erabili zituzten lubakiak non kokatu zeuden ikusteko bisita gidatuak antolatu nahi ditu Udalak 'Intxorta 1937' elkartearekin batera.

Hareazko txorroekin garbituko du Elgetako Udalak Intxortako Atea eskultura. Juan Jose Aranguren da eskulturaren egilea eta berarekin harremanetan ipinita Udalak erabaki du garbiketa prozesu hori dela egokiena monumentua gutxien kaltetzeko.
Urteurreneko egunak aukeratu dituzte monumentuari eraso egiteko. Pintura gorriz eta horiz zikindu dute eskultura. Gertu dagoen gudarien omenezko harria ere apurtu dute kolpeka.
Elgetako Udalak gogor kritikatu du gertatutakoa. "Leku oso berezia da gudariendako. Lehenengo aldia da Intxortako Ateari eraso egiten diotela. Ez ordea gudarien omenezko harriari", adierazi du Oxel Erostarbe alkateak.  "Hilaren 27an, urteurrenarekin batera, Udalak asmoa dauka bertan ekitaldi bat egiteko. Ahaleginduko gara egun horretarako inguru guztia txukuntzen eta garbitzen".

Urteurreneko ekitaldia

Lau egunez frankisten erasoari eutsi ostean 1937ko apirilean apurtu zen Elgetako frontea. Bertan hildako gudarien omenez lore eskaintza egingo du Udalak hilaren 27an. Gainera, bisita gidatuak antolatuko ditu Intxorta 1937 elkartearekin batera soldaduek erabiltzen zituzten lubakiak nondik nora kokatuta zeuden ezagutu nahi duen ororendako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.