Gorrotxategi harategiko ateak betirako itxiko dituzte zapatuan

Edurne Burgaña 2007ko uzt. 23a, 11:12
Elgetan harategi bat dago: Gorrotxategi harategia. Familiko negozioa da, eta 1948an sortu zenetik, fin lan egin dute bertan Gorrotxategi familiakoek. Miren eta haren biloba Mikelek lan egiten dute bertan, baina, zapatuan, betirako itxiko dute negozioa.

Tailerra edo harategia

Bien artean kontatu digute harategiaren historia. Mikel hasi da: "Bi harategi ditugu, bat Elgetan eta bestea Eibarren, eta hango merkatu plazan obrak egin behar dituzte. Berrira sartzeko, diru piloa gastatu behar da, eta, hasieran sartzea erabaki genuen. Baina han, amak eta osabak lan egiten dute, eta amak 58 urte ditu, eta osabak, 55. Beste lau urtean, behin-behineko plazan egon beharko ginateke Eibarren, eta berrira sartzerako, erretiratzeko adina edukiko lukete amak eta osabak. Beraz, ixtea erabaki genuen, bai Eibarkoa, eta baita Elgetakoa ere. Nik tailer batean topatu dut lana: orain, goizetan, Bergaran, eta arratsaldeetan, harategian lan egiten dut, eta horrela, gainontzekoak erretiratu egingo dira".

Tailerra eta harategia oso ezberdinak direla dio Mikelek: "Tailerrean, astelehenetik barikura lana egiten dut, eta listo. Harategian, zapatu eta domeketan ere bai, zubiak daudenean lan egiten da, eta jaiegun baten aurretik, bikoitza egin behar izaten dugu. Udan, berdin; abuztuan, astebete hartzen dugu bakoitzak: nik bat, amak beste bat, eta osabak hirugarrena, baina txandaka; batera, sekula ere ez. Hala ere, harategian lana politagoa da, jendearekin hitz egiten dugu, tratua daukagu; tailerrean, bakoitza bere makinan edo zereginetan dago zortzi orduak, bakoitzak bere lana egiten du". 

Historia pixka bat

62 urtean, bi egunetan bakarrik itxi dute Gorrotxategi harategia: "Aitaita astelehen batean hil zen, eta martitzena itxi genuen; baina, eguaztenean, berriro ere lanera. Zortea eduki dugu: sekula ez gara gaixorik egon, eta horregatik ez dugu itxi", azaldu du Mikelek.

Baina urteak aurrera doaz. Batzuk erretiratzeko adinetik gertu daude, eta beste batzuk, adina aspaldi pasatuta. Mirenek, amamak, 86 urte ditu, baina, oraindik ere, Mikeli bihotzez laguntzen egon da. Berak kontatu digu: "Senarrak ezkongabe zegoela harategia zabaldu zuen, 48an. Ermukoa zen, eta, sei urte soldadu egin ostean, ez zekien zer egin; hala, harakin ikasten hasi zen, eta Elgetan zabaldu zuen harategia. Bere ezagun batek Eibarren utzi egin behar zuen harategia, eta hura ere senarrak hartu zuen. Ezkondu ginenean, bakoitza postu batean jarri ginen. Ni Elgetan jarri nintzen, baina ez nekien ezer ere: okelaren izenik ere ez nekien. Eskola gutxi neukan, eta pisuak ere oraingo modukoak izango balira, askoz errazagoa izango zitekeen. Orain, harategiek oso ondo funtzionatzen dute. Guk, adibidez, asko saltzen dugu, eta itxi egin behar: horrek ematen dit pena. Gustura saltzen dugu, eta bezero onak dauzkagu, baina itxi egin behar".

Urteetako bezeroak dira orain dituztenak: "Gure aititaren bezeroak izandakoak etortzen dira okelatara. Baina ez dugu nahi, ama eta osaba ere amama bezala, nagusitan lanean jarraitzea", esan du Mikelek.  

Enbidoa

Udako oporretan, behingoz, kanpora joango dira. Calpen etxea dute, eta hara joango dira abuztuan. Mirenek azaldu du: "Lehendabizi, ni joango naiz, alaba eta haren senarrarekin; gero, biloba ere joango da, Mikelen arreba, eta gero, gure semea, Eibarko harategian lan egiten duena. Txandaka joango gara guztiok, eta etxea beteta egongo da uda guztian", azaldu du pozik Mirenek.

Gero, bueltan, bakoitzak berea: batzuek, paseatu, eta beste batzuek, lana. Mirenek, behingoz, erretiratu papera egingo du. Harategitik irten eta lagunekin jokoan egin, plazan berriketan egon… herriko guztiak ezagutzen ditu, eta gustura dago. "Ondo pasatzen dut Elgetan", dio. "Baina, udan, kanpora joango gara. Ez dute nahi ni bakarrik egotea etxean, eta horregatik noa ni ere Calpera. Bidaiak erreparoa ematen dit, baina hura oso polita da".

Baina beste pena bat ere badute Mikelek eta Mirenek: Elgetako harategi bakarra izanda, ixterakoan asko okelatara nora joan jakin ezinda geratuko dira. "Nire adineko jende asko dago, 30-40 lagun inguru, autorik ez dutenak, eta ezingo direnak Bergarara arte jaitsi okela erostera", argitu du Mirenek. Enbidoa ere bota du: norbaitek harategia zabaldu nahi badu, jakin dezala Elgetan oso leku aproposa dagoela horretarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak