"Gaur maiteminduta gaude eta bihar minduta; nazkatuta gaude, euforiko gaude, Elgetan gaude; baina ospa egiteko gogoa izaten dugu batzuetan...". Horrelako berbak esan arren ez zuten ez alde egin eta hitzei bertsoek hartu zieten tokia. Elgeta eta Espaloia aipatu zituzten esanez ibilbideko punturik altuenean jendearen neurrira jardungo zutela.
Serio zein umorez
Mikrofono aurrean Unai Iturriaga geratu zen. Bere gutar bertsolaria barrutik atera eta aurpegiko keinu eta eskuen dantza lagun diskoko kantuei segida emanez. Igor Elortzak txanda hartu eta bertsolarien lan tresna den berba izan zuen gai. Hitz jokoekin entzuleen barreak eragin zituen.
Bertso moldeetatik atera eta rap erritmoan gutar parranda zalea azaldu zen Dr Jaiki & Mr Jai abestian. Elortzak mikrofonoa askatuta jardun zuen, arin eta argi jokoek bizitasuna eman zioten kantuari.
Xalbadorren bertso bat errezitatu eta Elortzak mikrofonoan tinko, sentimenduz, abestu zuen hurrengoa Iturriaga lagun zuela. Honek hartu zuen lekua gero Noiz hasi ote zen dena sortarekin.
Hainbat eta hainbat musikariren aipamena egin zuten gero. Guztien abesti edo doinurik ezin erabili eta poutpurri eran kantu ezagunen zatiak korapilatu zituzten baso bana ardo eskuan zutela. Jendeak txaloz lagundu zituen eta izan zen publikotik kantatu zuenik. Amaieran txalo zaparrada, txistuak eta oihuak.
Gutar gonbidatua
Iban Arantzabalen txanda etorri zen gero. Elgetarra gonbidatu zuten taula gainera eta bi habanera eskaini zizkien entzuleei. Bertsolaria ez izanik bere ezintasuna aitortu arren bertsolariak eskertzeko eginahalak egin zituen eta txukun moldatu zen taula gainean. Hala ere, barra ertzean trago bat eskutan mundua konpontzeko parada hartzea nahiago zuela esan zien Elortza eta Iturriagari. Hauen bien erantzunik gabe ez zen geratu elgetarra. Eszenatokiko panpina deitu zioten, baita Bertin Osbornerekin parekatu ere. Beti ere bertsolarien ohiko ironiaz.
Iban Arantzabalek emanaldiaren ostean esan zigun inoiz baino urduriago egon zela hasi aurretik: "Bertsolariek eurek errespetua eman didate eta sekula ez dut abestu eta hainbeste jenderen aurrean gutxiago. Hortaz, niretzat erronka handia zen. Bostekoarekin konformatzen nintzen eta lortu dudala esan didatenez, pozik".
Igor Elortzak ere esan zigun, "hainbat kontzertu entzun ditugu batera, parranda ere ibili izan gara eta Elgetara etorrita, ba Iban gonbidatzea bururatu zitzaigun. Zalantzak izan zituen, ez zekielako zer egin, baina azkenean bi habanera abestu ditu eta ongi jardun du mutilak".
Umore giroko unearen ostean, gai serioagoek hartu zuten tartea: politikaz jardun zuen Igor Elortzak, Unai Iturriagak erritmo biziagoan baina gai sakonez jardun zuen honek ere.
Biak mikrofono aurrean .argi utzi zuten mundua jan guran hasi zirela, baina egun konformatzen direla munduak irensten ez baditu. Abesti hori aprobetxatu zuten musikariak aurkezteko.
Gora gu eta gutarrak kantuari ekin zioten kopla zaharren doinuan, txaloz lagunduta.
Txalo zaparrada entzun eta emanaldia amaitu zela zirudienean jendeak gehiago eskatu zuen. Musikariak hasi ziren bertsotan, puntuka eta entzuleak, noski, barrez. Iturriaga eta Elortzak hartu zuten lekua gero eta Zazpi Eskale taldearen garaiko doinu batekin Espaloiaz eta Elgetaz jardun eta eskertu zituzten Espaloian elkartutakoak. Iban Arantzabalen trago bat hartuz mundua konpontzeko gonbidapena ere izan zuten kanturako gai. Hortaz, berriz noizbait izango dira Elgetan.
Bis-a bi aldiz
Erretiratu ziren bai, baina entzuleek ez zuten ustez nahikoa eta hauen eskaerari erantzunez, berriz irten ziren jeneaurrera Banu, balego eta balitz doinua abestuz. Honekin agurtu zuten saioa eta entzuleak gustura, baita bertsolariak ere: "Bigarren aldia da bi aldiz egiten dugula errepikapena, baina seinale ona da hori, entzuleak gustura eta baita gu ere", esan zigun amaieran Igor Elortzak.