Emma Igartua: "Iaz baino gela bat eta bi irakasle gehiago izango ditugu aurten herri eskolan"

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko ira. 10a, 16:08
Asteon eman diote hasiera ikasturte berriari Elgetako Herri Eskolan. Astelehenean ordutegi osoarekin hasiko dira, eta lehenengo eguna izango da bi urteko gelan sartzen diren 14 umeendako. Eskolako zuzendari Emmanuel Igartuarekin egon gara.

 

87 ikasle izango ditu aurten Elgetako Herri Eskolak. Kopuru polita, ezta?

Horrela da. Iaz baino gela eta irakasle gehiago ditugu aurten. Bi urteko gelara 14 ume datoz, eta bi irakasle gehiago izango ditugu. Bata lanaldi osoarekin, eta bestea erdiarekin. Guztira, 13 irakasle.

Haurreskolaren gela libre egotea ondo etorri da, beraz?
Fenomeno. Gela horretan sartu ditugu bi urteko gelako umeak. Aproposa da oso. Komunak  bertan ditu, lo egiteko gela dauka... ondo egongo dira.

Nola zabiltzate espazio aldetik Elgetako eskolan?
Beste ikastetxe batzuetan nola dabiltzan ikusita ezin gara kexatu, baina ditugun gela guztiak okupatuta dauzkagu. Egia da gela propioa dutela hainbat zerbitzu estrak. Laguntza gela dugu, liburutegia, musika gela, ingelesaren gela, ordenadore gela eta psikomotrizitate gela.

A gripeak eman du zeresana orain arte.

Aurreko astean, barikuan, Donostian elkartu gintuzten Gipuzkoako ikastetxe publikoetako zuzendari guztiak. Informazioa eman ziguten nola jokatu jakiteko. Eskolan kartelak ipiniko dira eta gurasoei eskuorri bat banatuko zaie. Bileran gauza jakinak esan zizkiguten. Garbitasuna zaindu egin behar dela, eta sintomak antzeman bezain pronto gurasoei notifikatu behar diogula umea sendagilearengana eraman dezan. Gainera, hutsegite guztien berri eman behar dugu egunero. Aplikazio informatiko baten bitartez ikastetxean ematen diren falta guztiak bidaliko ditugu Delegaritzara. Umeenak, irakasleenak, eta langileenak.


Zer da Biziberritze programa?

Aurten hasi behar dugu proiektu horrekin. Lehenago edo geroago zentro guztiek egin behar dugun proiektua da. Eskolan dauden estamentu denen arteko— guraso, irakasle, ikasle — bizikidetza zela bultzatu landuko dugu. Protokolo batzuk ezartzearen moduko zerbait izango da. Irakasle guztiak sartuko gara egitasmo horretan. Bilerak egingo ditugu, gurasoak tarteko direla. Izaskun Altuna izango da koordinatzailea, eta liberatuta egongo da zeregin horretarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak