Ehunka karramarro hilda, Asentzion

Arritxu Barruso 2009ko abu. 21a, 11:36

Elgetan, Asentzion, ehunka karramarro azaldu dira hilda putzuaren ertzean. Kanpoko karramarroak dira, karramarro gorriak deiturikoak eta Diputazioak putzuan botatako tratamendu batek akabatu ditu. Diputaziotik azaldu dute froga pilotu bat dela, baina, erabilitako intsektizidak ez diela inolako kalterik eragiten gainontzeko animaliei.

Azken hilabeteetan asko ugaritu dira karramarroak Asentzion, baina kanpoko karramarroak dira eta oso kaltegarriak, gainera. Karramarro gorri moduan ezagutzen dira; inbaditzaileak dira eta kalte handiak eragiten dituzten inguruan; bertako karramarroak gaixotu arazi egiten dituzte; eurei eragiten ez dieten gaitz bat daukate karramarro gorriek, baina bertako karramarroak kutsatu egiten dituzte eta hauek hil egiten dira. Hori horrela, karramarro gorrian dagoen lekuetan ezin da bertako karramarrorik bizi. Landareetan ere kalteak eragiten dituzte karramarrook, jan egiten dituzte-eta.

Gipuzkoako Diputazioko Landa Garapenerako Saila ohartuta zegoen karramarro gorrien arazoaz eta Asentzion tratamendu esperimental bat erabili dute karramarro gorriak akabatzeko. Diputazioako Basanimalien eta Landareen zerbitzuburu Iñigo Mendiolarekin izan gara hizketan. Mendiolak azaldu digu esperientzia pilotu bat dela Asentzion egiten ari direna. Piretrina izeneko intsektizida bat bota dute Asentzioko putzuan, karramarro gorriei bakarrik eragiten diena, hau da gainontzeko animaliengan eraginik ez duena, erabilitako dosia oso txikia delako. Piretrinak landareetatik lortutako intsektizidak dira. Tratamenduari, gainera, koloratzaile bat bota diote, bere hedapena garbi ikusteko.

Mandiolak adierazi du Espainiako CSIC, edo Azterketa Zientifikoen Kontseilu Gorenarekin batera garatutako tratamendua dela. Bertako ikertzaile Javier Diegezek laborategian hainbat froga eta esperimentu egin ostean Asentzion egin dute lehenengo froga. Emaitza oso onak ematen ari den tratamendua dela adierazi du Diputazioko Basanimalien eta Landareen zerbitzuburuak. 


Denborarekin intsektizida bera eta koloratzailea desagertu egingo dira eta Diputazioak lortutako emaitzen jarraipena egingo du. Mendiolak, dena dela, azaldu du ez dutela uste karramarro gorri guztiak akabatzea lortuko dutenik, Asentzion kopuru oso handia dagoelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak