Gipuzkoan bada horrelako zerbitzua ematen duen elkarte bat: Nagusilan. Bada, udaleko teknikariek haiekin bilerak egin dituzte nola lan egiten duten eta euren dinamika zein den ezagutzeko eta ikasteko.
Helburua jendeari laguntzea
Helburua da beharrak dituzten herritarrei laguntzea. "Jendeari laguntzea, solidarioa izatea… gizarte zerbitzuetatik bakarrik ezin da laguntza hori guztia eman, herritarren laguntza behar dugu jende horrengana gerturatzeko", dio Ainara Gabilondo gizarte zerbitzuetako teknikariak. Bide berri bat zabaldu nahi dute, herritarren arteko elkartasuna ahalbidetuko duen bidea.
Gutunak bidaliko dituzte
Hala, deialdia zabaldu dute herritarren artean. Datozen egunotan 50 eta 80 urte bitarteko herritarrei gutun bat bidaliko diete etxera. Proiektuan parte hartu gura dutenek bidalitako orria bete eta Udaletxera, erretiratuen elkartera edo Karitasera eraman beharko dute. Izena emateko azken eguna urriaren 30a da.
"Herritarron parte hartzea ezinbestekoa da egitasmo hau aurrera eraman ahal izateko", dio Gabilondok. Boluntarioek egin beharko dituzten lanak dira: pertsona hori bisitatzera joan, nagusi horrekin paseo bat eman… "Pertsonek duten beharren arabera erabakiko da zer egin", dio Gabilondok.
Beharrak aztertuko dituzte
Nagusilan araututa dago eta baditu astean zehar egin beharreko gutxieneko bisita batzuk. Elgetan, baina, baliteke arautegi hori bideragarria ez izatea. Hortaz, beharrak aztertu ostean erabakiko dute zela lan egin.