Angiozarkoek diote Asentzion badutela zer esan

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko urr. 2a, 14:27
Elgetarekin lantaldea osatu, eta erabakiak elkarrekin hartzeko proposatu dute. Udalak dio, berriz, ez dela Elgeta zer den eta zer ez den eztabaidatzen hasiko.

Angiozarren kexu agertu dira Elgetako Udalak ez duelako Asentzioko lanak egiten hasi aurretik eurekin ezertarako kontatu. "Hedabideen bitartez izan dugu egitasmoaren berri eta Asentzio Angiozarrena da". Eskritura batzuen kopia esku artean duela egin ditu adierazpenok Angiozarko auzo-alkate Mila Elortzak. Idatzi horretan agertzen da nola 1864ko ekainaren 28an Juan Blas de Berraondok Angiozarko parrokiari eman zizkion Asentzioko bere lurrak. "Naturgunea mantentzearen aldekoak gara", azaldu du Elortzak, "eta badakigu Elgetako Udala ere iritzi berekoa dela. Baina gaizki iruditu zaigu putzuan egin duten dragatze lana". Elortzaren ustez, urteotan guztietan putzuan pilatutako materialaren artean informazio ugari egon zitekeen; esaterako, Espainiako gerran putzuari emandako erabileraren ingurukoa. "Gauzak ezin dira horrela egin. Adituak kontsultatu behar dira, ekintza horiek inpaktua izan dezake-eta ingurumenean".

Baserritarrak, kezkatuta

Angiozarren beste kezka bat ere agertu dute. Baserritarrek ez dakite zer gertatuko den Asentziotik igarotzen den zordunpeko bide batekin. "Pinua ateratzeko erabiltzen den bidea da. Pasoa ixten badute, edo kamioien joan-etorriek berritutako bidea hondatzen badute, noren ardura izango da atzera ere konpontzea?". Baserritar horiekin Elgetako Udalak ez duela hartu-emanik izan salatzen du Elortzak.
Angiozarren eskatzen dute  lantalde bat osatzea, non Elgetako eta Angiozarko ordezkariak batuko diren. "Baserritarrekin bilera egingo dugu lehenengo", aurreratu du Elortzak. "Euren  kezkak eta proposamenak jaso ostean Elgetako udaletxera eramango ditugu".

Udalaren iritzia

"Gai honekin norbaitek Angiozarren eta Elgetaren arteko harremanak gaiztotzea nahi badu, bide okerra hartu du", adierazi dute Elgetako Udaletik. "Baserritarrak babestuko ditugu: lurjabeek aukera izango dute oinezko bide berria erabiltzeko; zordunpeko bide guztiekin gertatzen den moduan, erabili ostean zegoen moduan utzi beharko dute. Asentzio dagoen moduan dago urtetan zaindu delako elgetarron dirutik. Putzutik zikinkeriak (txatarra, bizikleta zaharrak, adarrak...) atera ditugu zikina ateratzen gaudela jakinda". Eta jakinarazi dute prest daudela behar diren batzar guztiak egiteko, "eta ahal den neurrian erabakiak adosteko. Elgeta zer den eta zer ez den ez gara eztabaidatzen hasiko, hala ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak