Afrikatik Elgetara erritmo biziz

Miren Arregi Amasorrain 2009ko aza. 1a, 22:03
Zimbabweko Mokoonba taldeak zapatuan eskaini zuen kontzertua Elgetako Espaloia Kafe Antzokian. Sei lagun jantzi afrikarrak soinean, instrumentu afrikarrak esku-artean eta erritmo afrikarra odolean. Hala atera ziren eta hala igaro kontzertuak iraun zituen bi orduak. Elgetara hurbildu zen jendea ere animatu zen bukaerarako eta taula gainera ere atera ziren asko eta asko.

Afrikatik Europara; Zimbabwetik Euskal Herrira. Afrikako bost herrialderen –Malawi, Mozambique, Tanzania, Zambia eta Zimbabwe– artean jokatzen den Crossroads musika lehiaketako irabazleak dira Mokoonba taldekoak. Lehiaketa irabazi izanak Europan gira bat egiteko ateak ireki dizkie, eta zapatuan, Elgetako Espaloia Kafe Antzokian izan zen taldea zuzenean entzuteko aukera. Aurrez, baina, eguerdi partean guraso, nagusi zein umeendako kontzertu-hitzaldia eskaini zuten Gaztelekuan. Bertan azaldu zituzten besteak beste, Zimbabwen gazte moduan dituzten kezkak, nola egiten dituzten erabiltzen dituzten musika tresnak, zeintzuk diren abestietan jorratzen dituzten gaiak...

Gaua helduta, kontzertuaren txanda. Sei lagun jantzi afrikarrak soinean, instrumentu afrikarrak esku-artean eta erritmo afrikarra odolean. Hala atera ziren eta hala igaro kontzertuak iraun zituen bi orduak. Jatorria Afrikako tribu eta kulturetan  duten mugimenduak oinarri, azkenean lortu zuten Espaloian elkartu ziren herritarrak ere dantzan ipintzea. Ezin ukatu euskaldunok badugula zertan afrika  eta euren kulturari enbidia izan. Hura zen hura gorputza mugitzeko modua! Eskenatokiaren beste aldean, berriz, euskaldun talde bat, ipurdia lurrari itsatsita. Pentsa, amaierarako jendea ere animatu zen eskenatokira igotzen, baina kontzertuaren hasieratik taula gainera igotzeko borondatea izan zutenak, bat senegaldarra eta bestea txiletarra. Pixkanaka, baina, gurekoak ere joan ziren animatzen eta kontzertuan aktiboki parte hartzen. Horretan, baina, izan zuten zeresana Zimbabweko sei gazteek; ikusleak animatzen onenak zirela esatea ere ez da gehiegizkoa. 

Perkusioa oinarri
Badakigu jatorri afrikarreko taldeen indarra perkusioan datzala, besteak beste; ezin alde batera utzi orain arte aipatu dugun gorputz adierazpena eta ezta jantziak ere. Baina, zerbaitetan nabarmentzen badira, perkusio erritmoen indarrari dagokionean da hori. Taula gainean sei lagun, eta instrumentu anitz. Batzuk ezagunak, besteak agian ez horrenbeste; hala nola, bi gitarra elektriko, teklatua, bateria, tam-tama, tinbalak, marakak eta halamea (honek hemengo arranaren antz handia zuen) deituriko beste perkusio instrumentu bat. Eta instrumentu horiekin guztiekin, erritmo indartsu eta biziak osatuz, batzuetan afrikara eta beste batzuetan Karibera ere bidaiatu arazi zituzten ikusleak. Talde osoaren lana zen garrantzitsua eszenografian, eta abeslariaren ahotsaren zeresana itzela.

Kontua da, azkenean, eserita zegoen ikuslegoa zutik ipintzea lortu zutela eta Elgetan gau afrikar baten esentzia barru barruraino sartzea lortu zutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak