Magia, trikimailu eta txantxa artean, ilusionismoaren herria izan da Elgeta

A.G. 2006ko mai. 8a, 10:32
Magia-zale ugari eta beste horrenbeste ikusnahi elkartu ziren asteburuan Elgetan, II. Magia Mostran. Punta-puntako ikuskizunak eskaini zituzten, eta umorea eta magia modu apartekoan batu.

Magiarekiko zaletasuna piztu gura ei dute Elgetako Espaloian. Bigarren aldiz antolatu dute mostra aurten, eta, jasotako erantzun bikaina ikusita, jakin-mina behintzat zabaltzen hasi dela ematen du. Gutxiagorako ere ez zen. Puntako magoak eta ikuskizunak egon dira asteburu osoan Elgetan, saio ikusgarri eta benetan gozagarriekin.

Barikuan, motorrak berotzen hasteko munduko kartomagia txapeldunak egin zuen ikuskizuna. Migue magoak, txantxa eta adar-jotze artean, aho-zabalik utzi zituen Espaloiko ikusleak bere atzamarren abileziarekin. Maisu horren saio bikaina baino lehenago, baina, iazko mostrako irabazleari txapela eman zioten. Jandro magoak atseginez jaso zuen txapela eta makina bat txantxarako aitzakia ere izan zen saria, beretzat benetan "bitxia" ei zena. Eta txalo artean agertu zen jarraian Migue magoa eszenara. Umorea labaingarri moduan, karta eta zapi jokoekin sartu zien ziria ikusleei eta oholtzara igoarazitako boluntarioei. Barre ugari entzun zen, baina horrek ez zion Migueri meriturik kendu, grazia handiarekin trikimailu ikusgarriak egin zituen-eta.

Zapatuan goraino

Gala nagusia zapatukoa izan zen eta esperotako erantzuna izan zuten ikuskizunek. Kafe antzokia guztiz beteta eta ikusleak ezin parte-hartzaileago, lau magoek zaleak liluratu zituzten. Iazko irabazleak, Jandro magoak, egin zituen aurkezpen lanak. Lau mago ibili ziren zapatu gauean: Karim, karta eta jokoekin, Francisco Aparicio, ikusleei poltsikoetatik edozer ateratzen iaioa, Jorge Blass soka jokoekin eta Arno frantziarrak txoriekin egin zuen ikuskizuna. Denetan azken horrena ikusgarriena izan bazen ere, algara handienak Francisco Apariciok eragin zituen, ikusleei erloju, diru-zorro eta gorbatak kentzeraino.

Domeka eguerdian magia herriko kaleetara atera eta Arabako Ilusionismo Elkartekoak ibili ziren saioak kalean egiten. Arratsaldean, berriz, Philippe Atchoum ibili zen puxikekin figurak egiten. Domekakoa familiari zuzendutako eguna izan zen, haurrendako ikuskizunekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak