Urtetan egiteke egon ostean, Umeen Euskal Jaia berreskuratu dute

Irati Agirreazaldegi 2004ko eka. 28a, 11:03
Herriko dantzariez gain, baita Bergara, Antzuola, Arrasate, Aretxabaleta eta Soraluzekoek ere, 120 neska-mutilek jardun zuten dantzan goiz eta arratsalde Elgetan.

Urte asko pasa dira Elgetan azken aldiz Umeen Euskal Jaia egin zenetik. Orduko oroitzapenak gaurkotu zituztelako edo dantza doinuek berez herrira alaitasuna ekartzen dutelako, pozik hartu zituzten domeka goizean elgetarrek kanpotik etorritako dantzariak.

Guztira, 120 dantzari inguru elkartu ziren herriko plazan, gehienak Arrasatekoak, bertatik bi talde joan baitziren. Hamaiketakoa egin ostean, kalejiran ibili ziren guztiak. Dantzara joanak ziren Elgetara, eta oinak arinak dituztela probatzeko dantza erakustaldia egin zuten goizean plazan. Talde bakoitzak bi dantza eskaini zituen.

Buruhandiak eta alardea

Herritarrek etxean hartu zituzten bazkalorduan kanpotik joandako dantzariak, eta bapo bazkaldu ostean berriz ere hitzordua egina zuten plazan elkartzeko.

Bazkaria jaisteko, eta ondoren dantza ganoraz egin ahal izateko arindu zitezen, Euskal Jaiaren antolatzaileek korrika ipini zituzten umeak. Antolatzaileek baino gehiago, haiek ipinitako buruhandiek. Batera eta bestera ibili ziren umeak buruhandien zartatekorik ez hartzeko ihesean.

Alardearen txanda etorri zen gero. Eguraldia lagun izan zuten egun guztian, eta alardearen orduan euria hasiko zela bazirudien ere, ateri eutsi zion dantza erakustaldiak iraun artean Nesken eta mutilen dantzak tartekatuz Sagar Dantza, Banakoa, Zinta Dantza, Txankarrankua, Arku Dantza eta Brokel Dantza egin zituzten. Umeek ez ezik zenbait dantzatan irakasleek ere hartu zuten parte, taldea osatzeko nahiko dantzari ez zegoelako. Euskal jaia amaitzeko San Petit eta Txulalai dantzatu zituzten denek batera. Antolatzaileak gustura bukatu zuten eguna eta datorren urtean errepikatzeko asmoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak