Aralarrek urtebete Udalean eman ostean balorazio positiboa egin du

Irati Agirreazaldegi 2004ko eka. 8a, 16:58
Udalean urtebete pasa ostean, balorazioa egin zuen Aralarrek astelehenean. Balorazio orokorra egin ostean, Gobernu akordioaz jardun zuten eta baita Udaleko hainbat proiekturen gainean ere. Bide batez aurrerantzerako dituzten asmoen berri ere eman zuten.

Urte bete Udalean eman ondoren balorazio positiboa egin du Aralarrek, bai lortutako emaitzen gainekoa, baita egiten diharduen lanarena ere. “Herritik herrirako egiten den lanak Udalean gero eta pisu handiagoa duela uste dugu”, esan zuten zinegotziek.

Balorazio orokorra positiboa den arren, gobernu akordioa dela eta zera adierazi zuten: “ Gobernuan elkarrrekin egoteak etengabeko elkarrizketa eskatzen du, bai gai txikietan, bai gai garrantzitsuetan, bai Udalaz gaindiko gaietan. Elkarrizketak izanda erreza edo zaila izan daiteke adostasunak topatzea; elkarrizketarik ez badago berriz, ezinezko da. ARALARrek ateak parez pare zabalduta dauzka elkarrizketarako, espero dugu EAJ-EAk jarrera aldatzea. Pena da iaztik gurekin berba egiterik ez gura izatea. Ez dugu lortu bilerarik egiterik gobernu jardunaren gainean".

Lanerako modu ezberdinak

Baina elkarrizketa eza ez da gobernu akordioan topatu duten arazo bakarra. "Lan egiteko modu desberdinak ere badauzkagu. Ondorioz, gero eta zailagoa da gobernu akordioari eustea: erabaki garrantzitsuak ez dituzte gurekin adosten, batzordeetan edo erabakiguneetan ematen den informazioa publiko egitea ez dute ondo ikusten: boletinari egindako kritikak adibide garbiena esaterako", azaldu zuten.

Azalpen hauen ostean, proiektuen berri eman zuten: Saihesbidea, Espaloia, eguneko zentroa, haur eskola, garraio publikoa, zaintza eta aisialdi zerbitzua, mendi museoa, kirol instalazioak eta babes ofizialeko etxeak.

Arazoak arazo Aralarrek bere bideari eutsiko diola esan zuen gero: “Iraindu gaituzten arren, gurekin elkarrizketarik izan gura ez duten arren eta gurekin egoki jokatzen ari ez direla uste dugun arren ARALARrek bere bideari eutsiko dio. Gure jokatzeko modua herritarrei gauzak argi eta garbi esatean oinarritzen da eta horri eutsiko diogu".

Erronkak

Horretarako, datozen hiru urteei begira hainbat erronka plazaratu zituzten:

  • Herritarrak erabakietan zeresana badutela konturaraztea: partaidetza bultzatzen jarraituz.
  • Udala herriarengana gerturatzea: Herritarrak etengabe informatzea da Aralarren asmoa: boletina, batzar informatiboak, hedabideak...
  • Udalaren barne funtzionamendua hobetzea: Alderdien arteko elkarrizketa etengabekoa izateko ahalegina. Langile eta politikoen arteko koordinazioa bultzatu eta hobetu behar da. Aralarrendako erronka nagusiena da Udalean somatu denn giro nahasiari beste aire bat ematea.
  • Alderdi ezkertiar eta abertzale berriaren agerpenak aro berri bat zabaldu du Elgetako Udalean. Etorkizunean aro berria sendotzen ahaleginduko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak