Seinalea, ur edangarririk gabeko herriko iturrietan

Irati Agirreazaldegi 2004ko mar. 5a, 12:48
Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik eskutitz bat jaso du ur sarera lotu gabeko iturrien gainean. Eskutitz honen arabera, iturri hauek kartel edo seinale bat izan behar lukete herritarrei bertako ura edangarria ez dela adieraziz.

Herrian badira zenbait iturri ur sare publikora lotutakoak, eta hauetatik datorren ura edateko modukoa da. Beste batzuek, ordea, baserri batzuen inguruan daudenak, esaterako, ez dute loturarik sare horrekin, ondorioz, ur hori ezin daiteke edan, edo gutxienez ez da gomendagarria iturri horietatik edatea.

Kartelak

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eskutitz bat luzatu dio Udalari iturri horien aldamenean kartel edo seinale adierazgarriak ipintzeko. Izan ere, Osasun Sailaren eskutitzaren arabera, herritarrek garbi jakin behar dute zein ur den edateko modukoa eta zeinek egin dezakeen kalte.

Udalak berak ere ez daki oraindik ziur zein iturritan ipiniko dituen kartelak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzari berari eskatu diote jakinarazteko zein baldintza bete behar dituzten iturriek bertako ura edateko modukoa dela esateko. Honela, gainontzekoak zerrendatu eta gero hartuko dute erabakia zein iturri diren egokiak.

Analisiak

Udalak inoiz egin ditu iturrietako uren analisiak. Gehienetan ura edangarria dela diote analisien emaitzek, baina udatik udazkenera bitartean uraren kalitatea jaitsi egiten da lehorteak direla eta. Ondorioz ura ez edangarri bihurtzen da, besteak beste ganaduen hondakin urak direla medio.

Herri inguruan dauden iturri gehienek ur edangarria badute ere, badira beste batzuk zalantza sor dezaketenak. Izan ere, lehenengo errekan dagon iturrira ur bila joateko ohitura du elgetar askok. Baina berez iturri hori ez dago sare publikora lotuta, beraz ez da erabat ziurra bertako ura edateko modukoa den ala ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak