Ordutik, hainbat urte pasa dira. Umeak lauzpabost urterekin egin zuen igarotze-prozesua*, Naizen elkarteko kide izaten jarraitzen dute, eta pozik daude, "oso pozik" ikusten dutelako alaba. "Ondo inguratuta dago eta zoriontsua da. Hori da guretzat garrantzitsuena", diote bi gurasoek.
Hori horrela izanda ere, erreportaje berezi honetan parte hartzeko anonimotasuna mantentzeko eskatu dute. Zergatia galdetuta, hauxe erantzuna. "Gaur egun, oso pozik ikusten dugu alaba. Haren izaeraren berri dakien jendearekin ez du batere arazorik, baina, ikusita gizarte hau nola dagoen, beti dago aukera beste modu batera pentsatzen duen pertsonaren bat agertu eta min egiteko. Eta pertsona bakar bat nahikoa da min handia egiteko", dio aitak. "Bada jendea gustuko duena nork bere frustrazioak kanpora ateratzeko beste batzuei min egitea. Hori horrela da. Eta guk nahiago dugu anonimotasuna mantendu. Gaur-gaurkoz, ez dugu inorekin inongo arazorik izan, baina hau ez da plazara erraz ateratzeko moduko gaia oraindik".
Iritzi berekoa da ama: "Bai. Igarotze-prozesua egin zuenean izan zuen bere momentua, eta ez dugu nahi berriz egotea begirada guztien erdigunean".
Txikitatik oso argi
Pertsona bakoitza mundu bat da, eta, kasu honetan, alabak oso txikitatik garbi adierazi zuen zer sentitzen zuen. "Lauzpabost urterekin ume batek ez dizu esaten 'trans naiz eta neska naiz'. Guk ikusten genuena zen asko gustatzen zitzaiola amamaren arropak janztea, eta esaten zigun nagusitan neska izango zela, eta galdetzen genion geure buruari ea kontuan hartu beharreko zerbait ote zen, baina zalantzarekin beti. Azkenean, andereño batek esan zigun guk semetzat genuena alaba zela, haren iritziz. Eta orduan hasi ginen informazioa biltzen, eta Naizen elkartera jo genuen".
Naizen elkartean laguntza handia jaso zutela gogoratzen dute bi gurasoek. "Zalantza handiak genituen. Nik neuk hasieran ez nekien nola jokatu. Gogoan dut behin eta berriz galdetzen nuela ea epealdi baterako izango zen neska edo betirako", dio amak. "Poliki-poliki egin genuen prozesu guztia, eta konfirmatu egin zen neska dela. Umearen izaeran aldaketa handia sumatu genuen. Haserre antzean bizi zen, eta oso bestelako jarrera izatera pasa zen".
"UMEEK EZ DUTE INOLAKO ARAZORIK. ARAZOA NAGUSIEK DUGU; GUK ALDATU BEHAR DUGU BEGIRADA" DEBAGOIENEKO TRANS UME BATEN GURASOAK
Naizen elkarteko kide izaten jarraitzen dute, aholkularitza ona eskaintzen dutelako gai askotan. "Orain, esaterako, dokumentazioa aldatzen ari gara. Azaroko hauteskundeen aurretik egin nahi ditugu egin beharreko guztiak, gertatu daitekeenaren beldur. Honetan ere informazio oso baliagarria ematen dute Naizenekoek, esperientzia handia dutelako". Pozik dira bake-epaitegiko langileek erakutsitako jarrerarekin ere. "Ez dugu inolako arazorik izan. Jarrera oso ona aurkitu dugu. Gure aurretik beste kasu batzuk ere izan dituzte, eta segituan bideratzen dute dena", dio aitak.
"Pozik bizi naiz"
Nerabezaro atarian da alaba, eta "pozik eta zoriontsu" ikusten dute gurasoek. Horrekin batera, "ondo inguratuta" dagoela uste dute. "Ikastetxean, lagunartean, eskolaz kanpo egiten dituen jardueretan... ez du sekula arazorik izan. Haren izaeraren berri ematea tokatu denean ere, denek normal-normal hartu dute kontua".
"ONDO BIZI NAIZ, EZ DUT OZTOPORIK NI NEU IZATEKO; LAGUN ASKO DITUT ETA PERTSONA ALAIA NAIZ" TRANS UME DEBAGOIENDARRA
Pozik bizi dela ziurtatzen du alabak ere: "Ondo bizi naiz, eta ez dut oztoporik ni neu izateko. Lagun asko ditut eta pertsona alaia naiz". Lagunengandik gehien baloratzen duena da haien alaitasuna eta zelan begiratzen dioten: "Ez didate arraro begiratzen. Beste edozein pertsona bezala ikusten naute". Eta hori eskatzen dio gizarteari: "Ez begiratzeko arraro guri. Beste edozein pertsonari bezala begiratzeko". Haren adineko beste trans umeendako gomendioa, berriz, hauxe da: "Hura izaten jarraitzeko eta sentitzen duen horren arabera bizi izateko".
Begirada aldaketa
Izena aldatzea, kalerako lehenengo aldiz soinekoa janztea... mugarri garrantzitsuak izan ziren alabaren igarotze-prozesuan, baita gertukoentzat ere.
Orain hasi dira genero-unitateko* kontsultara gehiagotan joaten. "Jarraipen bat egiten diote alabari, jakiteko gorputza hasi den edo ez pubertaroko aldaketekin, eta, oraingoz, ez dago mugimendurik. Hasterakoan, analitikak eta hezur dentsiometria egingo dizkiote, balorazio bat egiteko, eta erabaki beharko dugu pubertaroko garapena hormona-blokeatzaileekin* bizpahiru urtez gelditu edo ez". Oso pozik daude jasotzen duten osasun-arretarekin. Trans Legea* onartu izana aurrerapauso garrantzitsua izan zela uste dute, eta argi dute umeek ez dutela inolako arazorik. "Arazoa nagusiek dugu; guk aldatu behar dugu begirada".