Zein da departamentuaren egitekoa?
Zuzendaritzaren helburua da politika publikoetan eta euskal gizarte osoan bizikidetzako funtsezko gaiak lantzea, hala nola aniztasuna, tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza. Interesgarria da Berdinduk egiten duen lana nabarmentzea; bulegoetatik egiten dena trans pertsonei zein beren familiei edo lagunei begira, baina baita gainerako erakundeei, eskolei eta zerbitzu publikoei eskaintzen zaien arreta ere, zalantzak argitzeko, prestakuntza-zerbitzua eskaintzeko eta aholkularitza emateko. Azkena martxan jartzen landa-eremuetako zerbitzua izan da. Zaindu beharreko guneak dira horiek ere.
Kontsulta asko jasotzen dituzue?
Datu eguneratuenak 2025eko Memoriak jasotzen dituenak dira. Hori da itxita daukagun azkena, eta esan daiteke urtean ia 400 kontsulta berri artatzen ditugula. Horiei gehitu behar zaizkie aurretik egindakoak eta epe luzeko jarraipena eskatzen dutenak. Jasotzen ditugun kontsulta gehienek nortasun-gaiekin eta erregistro-aldaketak egiteko jarraitu behar diren administrazio-prozedurekin dute zerikusia. Interesatuek egiten dituzte kontsulta gehienak, eta baita senitartekoek ere. Administrazioetatik ere kontsulta asko jasotzen ditugu. Zerbitzurik egokiena emateko eskatzen dute informazioa, baita eskura dituzten tresnak zein diren jakiteko ere. Telefonoz jasotzen ditugu kontsulta gehienak; beste asko aurrez aurre edo sare sozialen bitartez heltzen zaizkigu.
Mugarri garrantzitsua izan zen Legebiltzarrak 2024ko otsailaren 15ean onartutako Trans Legea?
Gizarte gisa kontzientzia maila gero eta handiagoa dugu, eta identitate-aniztasun gaietan zein horiei lotutako zerbitzuetan arreta bateratua eskaintzeko gaitasuna ematen digun lege bat izatea kontuan hartu beharreko funtsezko mugarria dela uste dut. Trans Legeak*, bestetik, ikusezintasunetik atera beharra zuen kolektibo baten eskubideen aitortza dakar, eta ahalbidetzen du eskubide horiek gauzatu ahal izatea. Dena ez da erraza, dena ez da ospatzeko. Gizarte gisa bide luzea dugu oraindik aurretik, baina legea onartzea garrantzitsua izan zen. Gerora etorri dira, esaterako, zerbitzuen gida, hezkuntza-protokoloak eta abar.
"DENA EZ DA ERRAZA, DENA EZ DA OSPATZEKO; GIZARTE GISA BIDE LUZEA DUGU ORAINDIK AURRETIK, BAINA TRANS LEGEA ONARTZEA MUGARRI IZAN ZEN"
Diskurtsoa polarizatuta dago; zer egin daiteke administraziotik?
Funtsezkoa da identitate-aniztasuna ezagutarazten jarraitzea, erreferenteak eskaintzea, trans kolektiboaren memoria jasotzea; izan ere, ezagutza maila handitzen den heinean, gutxiago estigmatizatzen da. Maxima horretatik lan egiten dugu. Egia da diskurtsoa polarizatuta dagoela. Eztabaida egotea garrantzitsua da gizarte gisa hazten eta heltzen jarraitzeko; betiere, errespetutik egiten bada. Alde horretatik, queer* mugimendutik egiten ari diren lanak laguntzen du debate batzuk zabaltzen eta gizartean nagusi diren bi identitateen barruan sartzen ez diren identitateak ikusarazten. Debate horiek babesten jarraitu behar dugu, gizarte gisa aurrera egin dezagun. Premia zehatzei erantzun zehatzak eman ahal izateak lagun dezake identitate eta pertsona guztiak gizartean integratzeko, bizikidetza bultzatzeko eta mundu guztiak izan dezan lekua gure gizarte honetan.
Nola definituko zenuke transfobia hitza?
Trans* kolektiboaren aurkako jarrera, ekintza, iruzkin eta hausnarketa guztiak, eta trans pertsonak askatasunean bizi izateko aukera arriskuan jartzen dutenak. Sareen erabiltzaile garen aldetik, uste dut guztiok dakigula zeintzuk diren zabaltzen ari diren mezuak. Guztien artean joera handia dago identitate-aniztasuna ez aitortzeko. Askotan entzuten edo irakurtzen da elkarbizitzarako mehatxua izan daitekeela identitateen aniztasuna aitortzea. Kezkagarriena da horrek ondorioak dituela pertsonen bizitzetan, egia baita segurtasunik eza eta beldurra eragin ditzaketela, baita zure baitan berriro sartzea eta zure benetako nortasuna agerian ez uztea ere. Eta ulertu behar dugu pertsona batzuen eskubideak aitortzeak ez dakarrela besteei kentzea, guztiz kontrakoa da.
"EZTABAIDA EGOTEA GARRANTZITSUA DA GIZARTE GISA HAZTEN ETA HELTZEN JARRAITZEKO; BETIERE, ERRESPETUTIK EGITEN BADA"
Zein eginkizun dute honetan guztian hedabideek?
Badakigu komunikabideek indar eta pisu handia duzuela narratibak eta mezuak eraikitzerakoan, eta, nire ustez, kasu konkretu honetan zuen erantzukizuna da mezuak zorroztasunez eta askotariko ikuspegi eta begiradez zabaltzea; betiere, pertsonen oinarrizko eskubideen kontra egin gabe. Eta nik uste dut hor aliatu gisa behar zaituztegula gizarte heldu eta justua eraikitzeko, ahots guztiak aurkitu ahal izateko pertsonen oinarrizko eskubideak errespetatuz eta horrek dakarren erantzukizuna alde batera utzi gabe. Hitz egiteak ez du inoiz arazo izan behar; ez da ona eztabaidak ixtea, horrek eragiten baitu gizarte gisa heltzea eta gizarte gisa sendotzea. Baina muga batzuk badaude, eta uste dut jakin behar dela errespetutik eta guztion aintzatespenetik hitz egiten, identitateak pentsatzeko eta ulertzeko modu asko daude eta. Gakoa da mundu guztiak tokia izango duen gizarte bat eraikitzen jarraitzea, ondoan ditugun pertsonak aintzat hartuz, entzunez, ikasiz, ulertuz eta haiei lekua eginez.