Sorrerako helburu berak dituzue?
Bai, eta hasieran gizartea alde sumatu genuen. Pentsaezina zen errealitate bat pentsagarri egitea lortu genuen, baina, Espainiako Trans Legearen debate faltsuaren harira, giroa gaiztotu egin da, eta denbora asko eman behar izaten dugu zabaltzen diren mezuak gezurtatzen.
Zein da zuen egitekoa?
Gaur egun, 350 familia gaude elkartean, ia ehun Gipuzkoan. Familia berriak artatzen ditugu, informazioa zein babes emozionala eskaintzen diegu... Eskolak eta erakundeak ere artatzen ditugu, hitzaldiak eta formakuntzak ematen ditugu… Azken urteetan egokitu izan zaigu, baita ere, arlo politikoan lan egitea, legeen eta protokoloen alde borrokatzeko. Logikak esaten digu trans helduak ez direla 18 urterekin sortzen. Haurtzaro bat ere izan dute, eta jakin badakigu igarotze-prozesuak* txikitatik egiten direnean gauzak errazagoak direla.
Akonpainamendua da hitz-gakoa?
Bai; bultzatu barik, baina oztopatu barik. Ez da erraza. Askotan, tranpa egiten diogu geure buruari; erantzunaren beldur, ez ditugu zenbait galdera egiten. Hain zuzen ere, horiek izaten dira guraso gehienen beldur nagusiak. Lehenengoa da umea bultzatzea ez den zerbait izatera, baina ezin da hanka sartu umearen sakoneko beharra eta erritmoak errespetatzen badira. Bigarren beldur nagusia da: "Eta gero trans ez bada?". Eta erantzuna da ez dela ezer gertatzen. Zalantzaren aurrean, gainera, hori da trans ez dela jakiteko modurik zuzenena. Eskua eman eta egin bidea batera, ea hortik den. Gehienetan izaten da. Genero-portaera ez-normatiboen aurrean ezinbestekoa da begirada aldatzea. Baliteke guk gure umea mutil bezala pentsatzea, baina neska izatea. Gure kasuan, hiru urte behar izan genituen neska moduan pentsatzen genuen semea ikusteko, eta goiz esan zigun hura mutila zela. Ez da beti horrela izaten.
Nola heltzen dira familiak zuengana?
"350 familia gaude elkartean, ia ehun Gipuzkoan; Familia berriak artatzen ditugu eta informazioa zein babes emozionala eskaintzen diegu"
Batzuetan, eskolak edo gizarte zerbitzuek bideratuta; eta beste batzuetan, nor bere kabuz. Baina hona ez da inor pozik etortzen. Kezka eta galdera askorekin etortzen dira familiak, eta esperantzarekin buruan duten hori, azkenean, ez dela horrela izango. Gero, kasu bakoitza mundu bat da. Batzuetan, umeek nahiko argi esaten dute zer gertatzen zaien; beste batzuetan, ez dakite edo ukatu egiten dute. Gomendagarriena da familien lehentasuna umearen ongizatea eta zoriontasuna izatea. Oso zaila da bide hau egitea babesik ez baduzu, eta adingabea zarenean, zailagoa. Gizartearen babesa, bestalde, oso garrantzitsua da. Lagunek bullying-a egiten badizute eta institutura edo kiroldegira beldurrez bazoaz, oso zaila da aurrera egitea.
Zertan sumatzen duzue azken urteetan kolektiboarekiko giroa gaiztotu egin dela?
Zoritxarrez, sumatzen dugu pertsona errealen bizitza errealetan. Alde batetik, egunerokoan gero eta gehiago dira erasoak eta irainak. Entzuten ditugu, baita ere, gizartearen diskurtso orokorrean ugaritzen ari diren gezurrak: trans haurtzaroak ez direla existitzen, ebakuntzak egiten zaizkiela haur txikiei, pertsona horiek arriskutsuak direla gizartearentzat… Hori guztia gezurra da, baina diskurtso horiek hedabideen bozgorailua dute. Euskal Herrian ez hainbeste oraindik, baina hemendik kanpo bai.
Zein eginkizun dugu hedabideok?
Oso garrantzitsua. Ez dakit zergatik onartzen diren pertsona transfoboen* adierazpenak; izan ere, sexu-erasotzaileak, pederastak edo arrazistak, adibidez, ez dituzte elkarrizketatzen. Uste dut trans kolektiboarekin mugak oso ezberdin jartzen direla. Zaurgarria den kolektibo bateko pertsonen bizitzak zalantzan eta arriskuan jartzen direnean, ez dago iritzirik. Oso larria da identitatearen ukapenak sor dezakeen sufrimendua, eta suizidio saiakeretan topean gaude, zoritxarrez.
Nondik dator kontrakotasun-olatua?
Nazioarteko mugimendu bat da. AEBetan hasi zen, eta ikusi dugu Britainia Handian zein Europan. Etorkinekin bezala, eskuin muturrak aitzakia oso ona izan du trans kolektiboarekin etsai bat sortzeko. Paniko moralak sortzen dituzte, eta trans pertsonekin oso erraza da: populazio oso txikia da, ezjakintasun handia dago eta gezurrak zabaltzea oso erraza da.
Egunerokoan gero eta gehiago dira erasoak eta irainak; Entzuten ditugu, baita ere, diskurtso orokorrean ugaritzen ari diren gezurrak
Zer-nolakoa da hezkuntza-protokoloen eraginkortasuna?
Irakasleen inplikazioari dagokionez, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan baino hobea. Arazoren bat edo beste izan dugu, irakasle batzuek ez dutelako ulertzen lege bat dagoela eta bete egin behar dutela, baina, orokorrean, protokoloak aplikatzen dira. Irakasleek formakuntza eskatzen dute.
Eta medikuntzan sumatu duzue aurrerapausorik?
Haurtzaroan gure umeek ez dute osasun-arreta berezirik behar. Pubertaroko ezaugarrien garapena hasten denean eta ezinegona badago, aukera dute hormona-blokeatzaileak* hartzeko. Tratamendu segurua da, eta urteetan erabili da trans ez diren umeekin. Aurrerago etortzen da hormona tratamendura pasatzeko erabakia. Tratamendu horrek ahalbidetzen duena da gogoko dituzten ezaugarriak garatzea –mutilek, bizarra garatzea; neskek, bularra...–. Hori guztia Gurutzeetako ospitaleko genero unitatean* kontrolatu dute. Albistea da lehen arretako zerbitzuak zabaldu dituztela Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Aspaldiko eskaera da. Ea ondo doan.
Zer esango zenieke trans haurtzarorik ez dagoela sinisten dutenei?
Gerturatu eta entzun. Bere garaian gauza bera esaten zen emakumeen kontrako tratu txarrei buruz eta homosexualitateari buruz. Zerbait ukatuta eta ezkutatuta dagoenean eta bat-batean ikusgarri egiten denean ematen du moda bat dela, baina datuak hor daude.