Trans* pertsona gero eta gehiago daude?
Nire ustez, kopurua baino datu esanguratsuagoa da ikusgarritasuna, eta, batez ere, trans haurtzaroen eta nerabezaroen kasuan. Orain arte, bazirudien trans identitateak helduetan bakarrik gertatzen zirela, eta ez da horrela.
Zenbait sektorek diote 'moda' hutsa dela.
Askotariko izenak erabili badira ere, historian zehar zibilizazio eta maila sozial guztietan ikusitako eta dokumentatutako fenomenoa da. Gertatzen dena da ikusgarritasuna informazioaren eskutik ez datorrenean topiko horietan erortzeko arriskua dugula. Badakigu, esaterako, Ameriketan bost genero identifikatzen zituztela eta dokumentatuta dago Heliogabalo erromatar enperadorea, adibidez, gizonekin zein emakumeekin ezkondu zela, emakumezko janzten zela erabaki garrantzitsuak hartzeko eta diru kopuru handiak eskaini zituela sexu-kirurgia egin ahal izateko.
"Trans identitateek zalaparta sortzen dute, gizartearen askotariko arazoak mahaigaineratzen eta ikusgarri egiten dituztelako"
Hezkuntza ikertzen duzu, eta kolektiboaren eskolarekiko pertzepzioa ez da ona.
Literatura Zientifikoaren Berrikuspen Sistematikoa egiterakoan ikusten da hori. Aztertutako dokumentuen %97k jasotzen dute kolektibo horrek eskolan giro txarra bizi izan zuela. Egia da gaur egun badaudela zenbait trans pertsona igarotzea inolako arazo barik egin dutenak. Baditugu datuak, eta hori azpimarratu egin behar da, baina kontu handiarekin; izan ere, badakigu kasu gehienetan ez dela horrela.
Nola baloratzen dituzu indarrean dauden hezkuntza-protokoloak?
Aurrerapauso handia dira, baina asko dago egiteko. Gizartearen arazoei konponbidea emateko leku bezala saltzen digute eskola, eta eginkizun oso garrantzitsua du, baina irakasleek formakuntza behar dute eta horretarako baliabide egokiak eman behar zaizkie. Trans identitateen gaineko irakasleen usteak bildu ditugu, nire ikasle batekin elkarlanean. Udazkenean argitaratuko da lan hori. Bada, galdetegian parte hartu duten irakasleen %60k diote ez dakitela protokolorik dagoen edo ez; %20k diote ez dagoela protokolorik; eta gainerako %20ak, badagoela. Datu esanguratsuak dira. Formakuntza kontuetan sartzen bagara, uste dut okerragoa dela analisia.
Trans Legeak hiru urte beteko ditu laster. Mugarri garrantzitsua izan da?
Eskubideak lortzea urte askotako prozesua izaten da, eta sufrimendu askoren ondorioa. Egia da aurrerapauso handiak eman direla. Badakit trans pertsonek ahotsa izan dutela eta elkarlanean lan handia egin ostean ateratako araua dela. Aldiz, hutsuneak adierazterakoan esango nuke pertsona ez-bitarrei* ez zaiela lekurik egin. Igarotzea aipatzen denean beti da emakumezkotik gizonezkora edo alderantziz.
Trans kolektiboak kontrakotasun handiak sortzen ditu; zergatik?
Trans identitateek zalaparta sortzen dute, gizartearen askotariko arazoak mahaigaineratzen dituztelako. Esaterako, komunen erabilera berezitua. Trans kolektiboko jendearengan jartzen da arreta, baina arazoa beste bat da eta ez du zerikusirik trans pertsonekin edo genero-identitatearekin. Azkenean, esaten ari garena da emakumezkoek eta gizonezkoek ezin ditugula espazio berak erabili, emakumezkoak arriskuan gaudelako. Eta horren guztiorren atzean dagoen oinarrizko arazoa da nola sozializatzen eta nola hautematen ditugun zis* gizonak. Gauza bera gertatzen da osasungintzan. Trans haurrak hormonatzeak sekulako zalaparta sortzen du, baina ez dago inolako arazorik pubertaro goiztiarra saihesteko hormona-blokeatzaileak* emateko edo haurdunaldiak saihesteko tratamendu hormonalak ezartzeko.
Zer diozu TERF mugimenduaz?
Lehenik eta behin, trans emakumeak emakumeak dira, eta emakume bakar bat kanpoan uzten duen mugimendu batek ezin du bere burua feministatzat definitu. Nik ez dut identifikatzen korronte horren oinarria zein den: espazio segregatuetan trans pertsonek bizi izan dituzten etsaitasuna eta erasoak dokumentatuta dauden bitartean, trans pertsonek erasotzaile gisa inoiz ez dira dokumentatu. Ez dakit...
Zein ekarpen egin du queer teoriak?
Genero-identitatearen bueltan egiten dut lan, eta nahitaez ukitzen ditudan gaiak dira, baina argitu nahi dut ez naizela aditua ez queer* teorian ez queer pedagogian. Hori esanda, pentsatu behar dugu generoa, arrazarekin batera, mailaketa sozial bat ezartzeko erabili izan diren ezaugarriak direla, eta mailaketa sozial horrek pribilegioetarako sarrera baldintzatzen duela. Queer mugimenduak katalogazio hori hausten duen momentuan pertsona batzuk mailaketa hori egin gabe gelditzen dira, eta pribilegioak ere kolokan jartzen dira. Trans errealitateei esker, gizartean dauden hutsune eta gabezia asko azaleratu dira, eta horregatik sortzen du gai horrek zalaparta. Genero-berdintasuna egongo balitz, trans errealitateek ez lukete inolako 'arazorik' sortuko.
"Honen guztionen atzean dagoen oinarrizko arazoa da nola sozializatzen eta nola hautematen ditugun zIS gizonezkoak"
Akademiatik egin daiteke ezer?
Zoritxarrez, alferrikakoa da pertsona batzuei datuak aurrez aurre eskaintzea. Horma batekin topo egitea bezala da. Ebidentzia zientifikoak ere argi utzi du hori: gai batzuen inguruan nork bere burua non kokatzen duen aukeratzeko orduan, gaitasun kognitiboak edo maila akademikoak baino askoz ere botere handiagoa dute sinismen erlijiosoek edo politikoek.
Adierazpen askatasuna guztiaren gainetik?
Ez, noski. Guztiok dugu adierazteko eskubidea, baina adierazpen guztiak ez dira ez onargarriak ez errespetagarriak. Nire nortasuna ukatuko baduzu, sentitzen dut, baina zure iritzia ez da onargarria. Eta uste dut hori dela azken urteetako arazo nagusia; ahotsa eman zaiola mundu guztiari, eta korronte batzuk gorroto-diskurtsoak zabaltzen ari dira.