Debagoieneko pentsiodunak Gasteizko topaketan izan dira, EHPMk deituta

Koldo Zubia Salas

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak martitzenean Gasteizko Europa Jauregian egindako topaketa. Irudia: Bergarako Pentsiodunen Mugimendua

Debagoienetik eta Euskal Herri osotik joandako 800 pentsiodun baino gehiago elkartu ziren martitzenean Gasteizko Europa jauregian, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) antolatutako topaketan.

Hasi ginen, hazia gara lelopean, 2018ko urtarriletik astelehenero egin dituzten mobilizazioen balantzea egin zuten martitzenean Euskal Herriko pentsiodunek. Ondorioztatu zuten ia bederatzi urteko borrokak merezi izan duela, helburu garrantzitsuak lortu dituztela eta pentsiodunen mugimendua eragile sozial zabal eta aitortua dela. Hala ere, argi utzi zuten pentsiodunen borrokak aurrera jarraituko duela.

Kalera irteten hasi zirenetik lortutakoari balioa emateko ere balio izan zuen topaketak. Izan ere, mobilizazioen harira, pentsioak "hobetu" egin direla diote pentsiodunek, baina aldarrikapen nagusietako bat oraindik bete gabe dago: gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin (LGS) parekatzea. Horren harira, EAEko erakundeei eskatu diete gutxieneko pentsioak LGSrekin parekatzeko partida bat jasotzeko 2027ko aurrekontuetan. "Azken urteotan, EAEko zerga-bilketak nabarmen egin du gora; gehien biltzen duen kontzeptua pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ) da, langileok eta pentsiodunok ordaintzen dugun zerga. Hain KPI altuek pentsio baxuenak zigortzen dituzte, eta, aldiz, diru-sarrera fiskalen igoera nabarmena ikusten dugu; hortaz, ez dago arrazoirik gutxieneko pentsioak LGSrekin ez parekatzeko", adierazi dute. 

Gainera, Nafarroako kasua ekarri dute mahai gainera, gutxieneko pentsioa 1.190 eurora igo baitute han: "Positibotzat eta aurrerapausotzat jotzen dugu aurrekontu-akordioa; hala ere, ez da iristen gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzera, nahiz eta gerturatu egiten den". Diotenez, Nafarroako esperientziak erakusten du EAEn ere gutxieneko pentsioak osatzeko eskumenak eta baliabideak badituztela.

Manifestazioa Bergaran

Aurrera begira, pentsioen erosteko ahalmena bermatzea, 40 urtez edo gehiagoz kotizatutako erretiro aurreratuen koefiziente murriztaileak indargabetzea eta pentsioen genero-arrakala amaitzea jarri dituzte helburuen artean. Horrez gain, azaroaren 11ko greba orokorrari babesa adierazi diote (ikus 2.orria); eta azaroaren 21ean Bilbon egingo den manifestaziorako eta azaroaren 23an Euskal Herriko herri eta hirietan deitutako mobilizazioetarako dei egin dute.

Halaber, osasun zerbitzu publikoa indartzeko beharra azpimarratu zuten topaketan. Horrekin lotuta, manifestazioa egin zuten Bergaran astelehenean. Iralatik osasun-etxera joan ziren, lehen mailako arreta zerbitzuak udan izandako "okertze progresiboa" salatzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak