Felipe VI.aren bisita salatu du Jarkik ere

Eneko Azurmendi Barrena

Ernaik eta GKSk egin moduan, Jarki Antolakunde Iraultzaileak ere Espainiako erregeak Debagoienera egin duen bisita salatu du. Edozelan ere, gaur ez dute mobilizaziorik egingo eta abenduaren 6rako deitu dute protesta.

Espainiak Euskal Herrian gauzatzen duen "nazio zapalkuntza betikotzeko beste saiakera bat" da gaurkoa, Jarkiren esanetan. "Izan ere, espainiar zapaltzaile nagusietako bat den Felipe V. Erregea datorkigu Debagoienera".

"Testuinguru argi" batean kokatu du bisita antolakundeak. "Hispanitate egunaren ondotik, espainolismoari men egin eta asimilazio nazionala hedatzen jarraitzeko, espainiar estatuburua gure eskualdean azalduko da. Euskal burgesiaren konplize zuzena izanik, espainiar erregeak Euskal Herrian egiten duen enegarren agerpen publikoa izango da; alfonbra gorria jartzea besterik ez zaie falta", nabarmendu du, ohar bidez. 

Gaineratu du "Euskal Herri langileari" dagokiola "euskal burgesiaren konplizitate eta interes ekonomikoak salatzearekin batera, Euskal Herriko zapalkuntza nazionala gauzatzen duten espainiar eta frantziar estatuen kontra egitea". Horregatik, "klase eta nazio zapalkuntza parametro iraultzaileetan jorratu eta botere faktiko zein sinbolikoekin apurtzea ezinbestekoa" dela azpimarratu du Jarkik.

Abenduaren 6an, Durangon

Espainiako erregearen presentziaren "zuriketa" salatzeko asmoz, abenduaren 6an Durangon egingo du manifestazioa Jarkik, 12:30ean. "Debagoienetik, bat egiteko deia luzatzen diogu Euskal Herri Langileari", gaineratu dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak