90 urte geroago, bizirik dago 1936ko fusilatuen eta gerraren biktimen memoria

Imanol Beloki Unamuno

Pilar Elkorobarrutia eta Juanito Gorostiza, asteon, Eskoriatzako Marin elizateko eliza aurrean. Argazkia: Xabier Urtzelai Atxa

Memoria Bizia ekimenak memoria-ekitaldia egingo du zapatuan. 1936an Gatzagako eta Eskoriatzako Marin elizateko 13 bizilagun fusilatu zituzten, eta haien oroimenez bi plaka jarriko dituzte: bata Marinen eta bestea Gatzagan.

Memoria Antifaxista Bizirik taldeak 1936an tropa faxistak Eskoriatzara iritsi zireneko 90. urteurrena gogoratzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu. Dagoeneko Apotzagan plaka bat jarri dute, eta Luciano Arkauz Iturberen omenezko ekitaldia egin dute Leten. Bihar, berriz, Maringo elizatean eta Leintz Gatzagan beste bi ekitaldi egingo dituzte; bi herrietako hamahiru bizilagun fusilatuen memoria omentzeko plaka bana jarriko dute.

1936ko udazkenean faxistek fusilatutako Maringo eta Leintz Gatzagako herritarren omenez egingo dituzte zapatuko ekitaldiak.

Eskoriatza (Marin)
• Emeteria Casimira Aranburuzabala Beitia
• Apolinar Uribe Urteaga
• Francisco Biteri Beitia
• Tomas Zubizarreta Errasti
• Teodoro Errasti Izurrategi
• Jorge Iturricastillo Aranzabal

Leintz Gatzaga
• Hilario Arana Zubillaga
• Leon Beitia Errasti
• Manuel Etxabe Zabaleta
• Anselmo Elgoibar Gorostiza
• Jose Idigoras
• Valentin Lamarain Elgoibar
• Jose Salterain Elgoibar

Bi plaka-jartze

Bihar, Marinen, 11:00etan egingo dute lehen ekitaldia, elizaren aurrean, eta Gatzagan bigarrena, 12:30ean, Arrate baserriaren azpiko zelaian. Marinerako autobusa 10:30ean aterako da Eskoriatzako Gaztañadiko geltokitik, eta Marinen ere jasoko ditu bidaiariak. Ekitaldien ondoren, Eskoriatzara itzultzeko autobusak egongo dira orduero. Bi omenaldietan, fusilatutako bizilagunen oroimenezko plakak jarriko dituzte: Maringoa sei lagunen izenekin eta Gatzagakoa beste zazpiren izenekin.

Egitaraua
• 10:30 Autobusa
Marinera, Eskoriatzatik.
• 11:00 Marinen, eliza
aurrean omenaldia.
Autobusa Marindik
Gatzagara.
• 12:30 Omenaldia
Gatzagan, Arrate baserri
azpiko zelaian. Luntxa,
Toki Ederren.

Oroimen historikoaren ekitaldien harira, GOIENAk bi lagunekin hitz egin du asteon: Juanito Gorostizarekin, fusilatutako baten senidearekin; eta Pilar Elkorobarrutiarekin, gerraren ondorioak jasan zituen aita gogoratzeko.

Juanito Gorostiza: "Hark zazpi seme-alaba izanda, imajinatu zein egoera gogorra utzi zuen".

Aitona, faxistek eraila

Maringo Agarre baserriko Juanito Gorostizaren aitona, Apolinar Uribe Urteaga (Eskoriatza, 1878ko uztailaren 23a – Hernani, 1936ko urriaren 21a), 1936an fusilatutakoetako bat izan zen. Gorostizak gurasoei entzundakoaren arabera, Agarre baserria kuartel gisa erabili zuten garai hartan. "Gure baserria Agarre kuartela izan zela esan zidaten gurasoek; lehenengo txarrak egon zirela eta gero onak, eta aitona eraman zutela. Askoz gehiagorik ez zidaten esan", azaldu du. Aitona ardiak zaintzen eta artzain-lanetan aritzen zen, eta, haren esanetan, basoan zegoela eraman zuten. Hala ere, gertatutakoari buruzko bertsio bat baino gehiago entzun izan ditu. "Dena den, gauza asko entzuten dira: han akabatu zutela, Donostiara eraman zutela eta bertan hil… Nori kasu egitea zaila da", adierazi du. Apolinar Uribek zazpi seme-alaba utzi zituen, eta horrek familiak bizi izan zuen egoera gogorra erakusten duela nabarmendu du Gorostizak: "Hark zazpi seme-alaba izanda, imajinatu zein egoera gogorra utzi zuen". Gorostizak ez du gertakariei buruzko informazio gehiagorik, baina oroimen-ekitaldien garrantzia azpimarratu du, fusilatutakoen memoria bizirik mantentzeko.

Kontakizun gogorra

Pili Elkorobarrutiaren kasuan, berriz, aitak, Benigno Elkorobarrutiak, gerraren ondorio latzak sufritu zituen. Izan ere, fusilatua izan ez zen arren, kartzelaratua izan zen. Elkorobarrutiak kontatzen duenez, aitak Nikolas Etxaberekin batera alde egin zuen 1936an, faxistak iritsi zirenean. Hala, Araba aldean ihesi harrapatu, eta ia lau urte eman zituen atxilo. Hilko zutela uste bazuen ere, azkenean aske geratu zen, espetxealdian bizipen gogorrak jasan ondoren. "Lehenengo Gasteizen egon zen atxilotuta. Etxekoek, ordea, denbora luzez ez zekiten non zegoen ere. Sei hilabete inguru eman zituen Gasteizko kartzelan; gero, Iruñeko San Kristobal gotorlekuan egon zen 32 hilabetez, eta, azkenik, ia urtebete Urduñan. Gero, askatu egin zuten", azaldu du Pili Elkorobarrutiak.

Pili Elkorobarrutia: "Negarrez hasi zen, eta dena kontatu zigun; haren erreakzioak erabat hunkitu ninduen"

Urte luzez aitak ez zuen bizitakoaz hitz egin nahi izan. Ia 80 urte zituela, ordea, familiak hari galdetzea erabaki zuen. Elkorobarrutiak gogoan du elkarrizketa hark eragin zion zirrara: "Aitari galdetu genion zer gertatu zitzaion urte haietan. Arratsalde hartan negarrez hasi zen, eta dena kontatu zigun. Haren erreakzioak erabat hunkituta utzi ninduen". Aitak azaldu zien kartzelako gauak zirela gogorrenak: "Han kartzelan… Ez dakizue zer zen hura. Txarrena gauetan izaten zen. Sarrailen hotsa entzuten genuenean, gure bila etorriko zirela pentsatzen genuen. Beldurrez egoten ginen gaua noiz iritsiko". Beldurra ez zen, ordea, presoek pairatu behar izan zuten sufrimendu bakarra. Goseak eta gaixotasunek preso askoren heriotza eragin zuten, bereziki Urduñako espetxean egon zen garaian. San Kristobalgo gotorlekuan bizitako gogortasuna ere gogoan zuen aitak. Elkorobarrutiak oraindik ere gogoan du aitaren lekukotasunak eragin zion zirrara: "Kontakizun hura gogoratze hutsarekin, korapiloa egiten zait barruan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak