Aurrerabideak bazterrean utzitako iraganaren lekukoak

Hasier Larrea

Ezkerrean, Aramaioko Untzilla auzora doan errepide-zubia. Eskuinean, oinezkoendako zubitxoa eta ubide-zubia. (Argazkiak: Goiena, Asier Agirre, Lukene Igartua, Anaje Narbaiza).

Ibar honetako herrien sorrera eta garapena ezin da ulertu ibaiak eta errekak gurutzatzea ahalbidetzen zuten zubiak kontuan hartu barik. Estuak ziren Erdi Aroan, zabaldu egin ziren gurdiak ugaritu ziren garaian, eta, ibilgailu motordunak daudenetik, errepideen mesedetan egokitu dira, kasurik onenean. Izan ere, badira eraitsiak izan diren zubitxoak, obra handiei traba egiten zietelako. Edo erabilera eta mantentze faltagatik erori direnak. Babes handiagoa merezi dutela uste dute ondare historikoa mantentzearen aldekoek.

Ez dago mugarik aurrerapenaren izenean, dio Never Surrender taldearen kantu batek. Antzinako zubi askoren patua deskribatzen du esaldiak. Traba egin izan diete uholdeak saihesteko, ibaia berroneratzeko eta errepide-lanak egiteko asmoei, eta botatzea beste irtenbiderik ez dute izan hainbat kasutan. Ondare historikoaren ikuspuntutik, galera handiak ekarri dituzte ekintza horiek. Herri memorian gogoratuak izateko ahalegina, behintzat, egin behar dela uste dute ondarea babestearen aldeko eragile eta pertsonek. Anaje Narbaiza bergararrak, adibidez, uste du ez zaiola behar besteko garrantzirik ematen zubi zaharren ezaugarri eta historiari buruzko jasoketa egiteari: "Gerta daiteke zubi zahar bat eraistea beste alternatibarik ez egotea, erakunde publikoek erreka inguruan egin behar dituzten lanak direla eta, baina, gutxienez, inbentariatuta gera daitezela eraikin berezi horiek. Bestela, ondorengo belaunaldiek ez dute jakingo han arku formako zubi bat egon zela".  

"ERAISTEA ERABAKITZEN BADA, GUTXIENEZ, OINARRI TEKNIKOA ETA HISTORIKOA JASOTA GERA DADILA" ANAJE NARBAIZA

Askotariko funtzioak bete zituzten

Gaur egun, ibaiak gurutzatzen dituzten errepideen ondoan daude itxura horretako zubiak, edo errepidea arkudun zubi batetik pasa daiteke, kasurik onenean. Ingeniaritza obra horiek gauzatzea garestia izan da betidanik, eta, mugikortasun beharrak aldatzen joan diren heinean, egokitzapenak egin izan dizkiete, berriak eraikitzea baino merkeagoa zelako. Deba ibaian eta haren ibaiadarretan daudenak ez dira salbuespena. Jose Mari Izaga ingeniari debarrak ondo ezagutzen ditu Leintz Gatzagatik bere jaioterrirainoko zubiak, eta hainbat lan egin ditu. Esaterako, iaz, Bolu-errota izeneko erakusketa ireki zuen Bergarako Aroztegi aretoan, beste hainbat lagunekin batera. Gurean izan genituen lehenengo zubiak noizkoak diren jakitea zaila dela onartu arren, hiribilduen sorrerarekin ugaritu zirelakoan dago. "Erdi Aroaren amaieratik aurrera, herrien arteko komunikazioak hazi egin ziren eta, ibar honetan, Debatik Gasteizerainoko errege-bidea indartu egin zuten. Eremu malkartsua denez, ibai nagusiaren alboetan egokitzen zituzten Gaztelako haria itsasora eramateko bideak, eta ibaiaren alde batetik bestera pasatzea ahalbidetzeko zubiak eraikitzea komenigarria ikusi zuten, ferratokiekin eta errotekin komunikatuta egoteko, besteak beste. Oinezkoen bideak eta mando-bide estuak ziren hasieran. Gerora, zabaldu egin zituzten. XVIII. menderako, diligentzien bideak ziren, zaldizko gurdien joan-etorrira moldatutakoak", esan du Izagak. 

Debagoienean, Bergara da antzinako zubi zabal gehien dituen herria, eta, Izagaren esanetan, "esanguratsua" da kopurua: "Zortzi daude hamar kilometroko ibai-tartean, eta batzuk 300 eta 500 metro arteko distantzien bidez banatuta daude, hala nola Santa Marina eta Zubieta, eta Ondartza eta Zubikua". 

Jauregien eta dorretxeen alboan eraikitako zubiei egin die aipamena Narbaizak, Bergarako lau adibide ekarrita: "Ozaeta, Gabiria, Laureaga eta Ondartza jauregietara zeramaten zubiak XV. eta XVI. mendeen artekoak ditugu. Bergarako jauntxoek helburu ekonomiko eta estrategikoei begira agindu zuten egiturok eraikitzea; zubia gurutzatzeagatik zerga kobratzeko, eta bertatik pasatzen zirenak kontrolatzeko. Gainera, askotan ondoan presak egiten zituzten, beren errotei etekin hobeak ateratzeko". 


Ozaetako zubia, Bergaran.

Urteekin, erabileran aldaketa

XX. mendera jauzi eginda, Vasco-Navarro trenbidea igarotzeko zubi gehiago egin ziren Deba ibaian barrena, eta gaur egun bide berdearen parte dira. Bergaran, ibaiaren zabaleraren arabera, bi, hiru eta lau begikoak daudela adierazi du Narbaizak: "San Lorentzokoa, Ibargarai, Torrekua eta Zerrajerakoa –Agirrebeña– dira handienak. Elorregiko Otsaitz eta Arizti errekak gurutzatzeko ere egin zuten zubi bana, txikiagoak". 

Eta garai harekin jarraituta, ibai inguruak aisialdirako eremu gisa erabiltzen zirela ere jakina da. Zubien ondoko osinak eta erroten presak bainua hartzeko zein arrantzarako toki bihurtu ziren; esate baterako, Narbaizaboluko errota, Bolintxoko presa, Angiozarko osina eta ondoko Amuskibarreko presa, eta Osintxuko Muskiritsuko presa. 

Azpimarratzekoa da joan den mendean errotekin gertatu zena. Industrializazioaren garapenaren eraginez galdu egin zuten garai bateko ekoizpen funtzioa. Aktibitate protoindustrialeko funtsezko eraikinak ziren. Lesarriko irin-errotaren lehen aipamena 1511koa dela gogoratu du Izagak. 1540an, aizto-fabrikatzaile batek egiten zuen lan bertan, eta 1640an, kobrezko galdarak egiteko erabiltzen zen mailu hidrauliko bat zegoen. Gerora, lihozko ehunak egiteko erabili zen azpiegitura, arkabuzezko kanoiak eta mosketeak zulatzeko, eta, azkenik, elektrizitatea ekoizteko zentral gisa. 

Izan ere, XX. mendean hainbat errota-jabek energia ekoizteko baimena eskatu zuten. Kasu konkretu batzuk izendatu ditu Narbaizak: "Narbaizabolukoa 1929tik 1975era egon zen martxan; 4 metroko saltoa zuen, eta 100 litro segundoko ur-emaria. Elortzaboluko errota, Errotatxokoa eta Erroterdikoa ere garai bertsuan aritu ziren energia ekoizten. Uberatik behera daude laurak, Elgeta errekan, eta, oraindik aztarna batzuk ikusten diren arren, desagertu egingo dira".

Aparteko garrantzia eman dio, bestalde, Urittako ubidearen zubiari, Elorregi eta Ola artean. "Deba ibaia azpitik pasatzen da eta zubiak ubide lana egiten du. Bergaran ez dugu beste adibiderik, eta ez da ohikoa horrelakoak ikustea".


Labegaraietako zubia, errepide bihurtua.

Zubihaundiko hirurak, eraistear

Badago antzeko ubide bat Arrasateko Gesalibar auzotik Aramaioko Untzilla auzora bidean. Zehazki, hiru zubi dira, erreportajearen irekiera argazkikoak, hain justu, eta hilabeteotan botatzekoak dira. Zubihandi deitzen da eremua, eta Kataiatik Suñarako A-3930 errepidea igarotzen da handik, argazkiaren ezkerretara dagoen errepide-zubitik. Obrak egiten ari da bertan Arabako Foru Aldundia, joan den apirila ezkero. Lanak bukatzen dituztenean, zubi hori bost metrokoa izatetik hamabi metrokoa izatera pasako da, eta jada ez dira ondoko bi zubiak existituko.

Asier Agirre alkateak "pena" adierazi du horregatik, "leku oso polita" dela iritzita. 60ko hamarkadan eraiki zuten bi zubietatik txikiena, hormigoizkoa da, eta Untzilla, Zabola, Bolinburu, Barajuen, Azkoaga eta Suñako bizilagunak eta animaliak erreka gainetik pasatzeko funtzioa betetzen du. 

Bigarren zubia da ubidea, sasitzak estalitakoa. Harrizkoa da, "askoz zaharragoa", bi begi ditu eta Gesalibarren zegoen errota bati ura eramateko helburuarekin egin zuten. Aramaioko ibaiko presa bati konektatuta zegoen, baina eraitsi egin zuten 2009an, A-2620 errepideko zubi berriak egiteko lanengatik, eta ordutik ubideak ez darama urik. 

Oñatin, adibide gehiago

Urte hartan bota zuten Oñatin Zubillagako errotako zubia. Jerardo Elortza historialariaren arabera, XVI. mendekoa zen. 1983 eta 1992. urteetan Zubillagan izandako uholdeak berriro errepika ez zitezen agindu zuen Ura Agentziak eraisketa, trenbide zaharreko zubienekin batera. Ezaugarri abangoardistadun zubi berri bat eraiki zuten, su-hiltzaileen egoitza parean. 

Zubi zahar haren patu bera izan zuten Montxongoak, Zainartukoak eta Osinurdingoak, kasu horietan ere berriagoekin ordezkatzeko. "Baina inportanteenak, Etxeaundira joateko Torreko zubiak, zutik dirau. Olateko ur-jauziak egin zirenean, 1910 eta 1920 artean, bidea zabaldu egin behar izan zuten, baina arku gotikoa mantendu egin zuten", azpimarratu du Elortzak. 


Torreko zubia, Oñatiko Torreauzon

Ondare-katalogoan txertatzeko beharra

Kontrara, uste du Elorregiko San Prudentzio elizara konektatutako zubi zaharra azkenetan dagoela. Susmo bera dauka Jose Mari Izagak. Komunikazio-zubi garrantzitsua izan zela gogoratu du: "Dokumentuen arabera, 1595 eta 1597 artean eraiki zen, eta haren funtzioa Oñatiko harana Debako errege-bidearekin komunikatzea zen; batez ere, Bergararantz". XX. hamarkadaren azken laurdenera arte eman zitzaion erabilera, autoen errepide bezala, "baina printzatzen ari zenez, debekatu egin zuten bertatik autoekin pasatzea", esan du Narbaizak. 


Elorregiko zubia; atzean, San Prudentzio elizaren kanpandorrea.

Dena den, Bergarako Udalak ez dauka herriko zubiren bat eraisteko Aldundiaren jakinarazpenik, oraingoz. Ura Agentzia Debarroko presak dabil eraisten azkenengo urteetan, Plan Hidrologikoaren baitan, ibaiak berroneratzeko helburuarekin. Hori dela eta, Izagak uste du presak kendu ondoren "oztopo diren beste egitura batzuekin jarraituko dutela; hau da, zubi zaharrekin".

"ONDARE-KATALOGOETAN ONARTUZ GERO, EZ LITUZKETE EDOZEIN MODUTAN ERAITSIKO" JOSE ANGEL BARRUTIABENGOA 

Arrasate Zientzia Elkarteko Jose Angel Barrutiabengoak dioenez, "antzinako zubiak herri bakoitzeko ondare-katalogoan onartuko balituzte ez lirateke edozein modutan eraitsiak izango. Tamalez, azken urteotan galera historiko handiak bizi izan ditugu. Arrasaten, berrienak Axeriko eta Uribeko zubiak izan dira, baina urte batzuk lehenago Mendibarrengo zubia ere desmuntatu zuten, Uribeko zubiaren ondoan zegoena, uholdeak saihesteko asmoz. Harriak pilatuta laga zituzten izkina batean, eta egun batetik bestera desagertu ziren".

Hala, ondare arkitektonikoa zaintzearen aldeko eragileek aldarrikatzen dutena da zubi historikoek beste monumentu historiko batzuei ematen zaien aitortza bera merezi dutela. "Jauregi, eliza eta baserri batzuei ematen zaien moduan. Azken finean, paisaia kulturalaren eta gure izatearen parte dira", borobildu du Izagak. 

'Nola egingo zuten zubia...?'

Antzina, zubiak eraikitzeko egitura zailak zirela ulertzen zuen herri xeheak, eta sinismen hura osagai mitologikoekin elikatzen zuten, ahoz ahoko ipuinen bitartez. Oñatiko Torreauzon, Torreko zubiarena ipuina belaunaldiz belaunaldi transmititu da. Jerardo Elorzak Hala bazan... Debagoieneko plazan ipuin-bilduman jaso zuen, 2004an, eta Lukene Igartua eta Izar Mendiola ama-alabek ilustrazioak gehitu zizkioten iaz, Mila bilduma proiektuaren baitan. 7.000 jentilen eta amandre baten arteko tratuari buruzko kontaketan dago oinarrituta: "Torreko egurrezko zubia uholde batek eraitsita, amandre batek, oinak bustita pasatzerakoan, esaten du ez dagoela jentilik hemen zubia egingo duenik. Orduan, Nikolas izeneko 7.000 jentil agertzen dira, eta, hargin onak izanik, hitz ematen diote harrizko zubia eraikiko dutela, haren biloba eramatearen truke", azaldu du Igartuak. 

 

Arrasate, zubi historikoen eraisketaren adibide

Arrasatearrek ikusi dute nola eraitsi diren balio historiko handiko bi zubi garrantzitsu, gutxienez: bata, Axerikoa; eta bestea, Uribekoa. Lehenengoa Musakola auzoko sarreran zegoen, San Isidro elizaren aurrean. 2012ko uztailean, uholde arriskua saihesteko helburuarekin ordezkatu zuen Eusko Jaurlaritzaren Uraren Euskal Agentziak arkudun zubia arku gabeko zubi batekin. Zubia botatzearen kontra azaldu zen Arrasate Zientzia Elkartea, herriak gordetzen zuen zubi zaharrenetakoa, ziurrenik XVIII. mendekoa, zela azalduta. Eraistekoa zela jakin zutenean, Goienari adierazi zioten "Gasteiz eta Irun arteko errege-bideko zati hura askotan eraberritu zela, jatorrizko egitura errespetatuz". Orduko obra horrelakoa izango ez zenez, "arrasatearrei zubia osatzen duten harri guztiak itzultzeko" eskaera egin zuten, baina ez zuten erantzunik jaso bueltan. Gaineratu zuten espero zutela Axerikoa eraitsiko zen azken zubia izatea. 


Axeriko zubia botatzen.

2022an, Uribekoa

Ez zen horrela izan. 2022ko abuztuaren lehenean, hondeamakinek Aramaio erreka zeharkatzen zuen Uribe auzoko zubia bota zuten, Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoa Gautxori inguruan egiten ari zen urbanizazio proiektuaren baitan. 

"Haserre bizia" adierazi zuten AZEko kideek, kontuan hartuta Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean babestutako ondare gisa katalogatuta zegoela. Dokumentuen arabera, gutxienez 400 urteko antzinatasuna egotzi zioten harrizko azpiegiturari, agirien arabera, XVI-XVII. mende inguruan konponketa batzuk egin zizkiotelako. Horregatik, idatzi bat aurkeztu zuen Udalean 2021eko martxoan. Baina, antza, zubiak ez zeukan ondare historiko izaerarik Planean, eta Uraren Euskal Agentziak obraren baitan zubia eraisteko baimena eman zion unibertsitateari. Hala ere, Udalak "proiektua aldatzeko aukera" eman zion. 

2022ko martxoan aferak dimentsio publikoa hartua zeukan, eta Mondragon Unibertsitateak atzeratu egin zuen zubia eraisteko erabakia. Edonola ere, zubia eraitsi egin zuten, azkenean, kontsulta tekniko eta juridikoak egin ostean, "ezinezkoa" zelako zubia mantentzea. Atzera egin zuten birkolokatzeko ahaleginarekin ere, desmuntatu eta muntatzeko lanetan zubia "behera etortzeko arrisku larria" zegoela iritzita.

Proiektua garatzeko "laguntza ekonomikoen menpe" zeudela ere jakinarazi zuen, eta epe horiek ez betetzeak "laguntzak galtzea" ekarriko lukeela, eta proiektua bera kolokan jarri.


Uribeko zubia, MUren obren garatze-fasean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak