Euriak ez du eragotzi 300 debagoindarrek auzolanean erreka garbitzea

Eki Letona Erretolatza

Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean ekimenak deituta, bosgarrenez egin dute gaur goizean bailara mailako erreka garbiketa. Eguraldia lagun izan ez duten arren, 300 lagun baino gehiago elkartu dira Debagoieneko herrietan erreka eta inguruak garbitzeko. Elgetan, ordea, azken orduan bertan behera utzi dute hitzordua.

Euripean bada ere, erreka eta bazterrak garbitzeko lanetan aritu dira gaur goizean herritarrak. Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean taldeak antolatutako ekimenaren helburua da ibaietan eta haien inguruan pilatutako hondakinak jasotzea, baina baita herritarrak erreketara gerturatzea eta ingurune horien zaintzaren inguruko kontzientziazioa sustatzea ere.

Gaur goizeko eguraldiak dezente baldintzatu du eguna. Elgetan, esaterako, bertan behera utzi dute hitzordua. Hala ere, gainontzeko herrietan aurreikusi moduan auzolanarekin aurrera egitea erabaki dute, eta 300 lagun baino gehiago batu dira guztira. Hondakin mordoa atera dituzte: sofak, supermerkatuko karroak, haizegailuak, botilak eta latak...Eta plastikoa, plastiko asko. Herri guztietan, goizeko lana borobiltzeko hamaiketakoa egin dute.

Aurreko edizioetan era askotako hondakinak atera dituzte erreketatik eta bertako bazterretatik. Beste urte batez, garbiketek erakutsi dute erreketan zaborra pilatzen jarraitzen dela, eta horrelako ekimenek ingurunea zaintzeko eta kutsaduraren inguruan kontzientzia hartzeko balio dutela.

Erreka garbitzeaz harago

Bosgarren edizioa izan du aurten Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean ekimenak. Antolatzaileek aurrez azaldu zutenez, erreka garbitzeaz harago doa egitasmoa: ibaiak ezagutzeko, haietaz gozatzeko eta haien zaintzaren garrantziaz jabetzeko aukera eskaintzen du. Horrez gain, herritarren arteko elkarlana eta auzolana sustatzea ere badu xede. GOIENAk zabal jarraitu du gaurko goizak bailarako herri ezberdinetan eman duena, eta astelehenean erreportaje zabala eskainiko du bertan herritarrek egin duten lana erakusten.

Erreka garbiketaren argazkiak, herriz herri

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak