Domekan eman zioten amaiera Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen faseari, eta erabakita gelditu zen nortzuk izango diren finalerdietara igaroko diren hamazazpi bertsolariak. Debagoieneko bi ordezkariek, Maider Arregi oñatiarrak eta Peru Abarrategi aramaioarrek, ez dute lortu fasez pasatzerik. 659 puntu eskuratuta, 19. postuan gelditu da Arregi, eta 33.ean Abarrategi, 631 punturekin.
Egindakoarekin gustura
Abarrategi izan zen bietatik lehena kantatzen, Hazparnen, irailaren 19an. Txapelketa osoko lehen saioa izan zen, eta 2022ko edizioan gauza bera gertatu zitzaiola gogoratzen du aramaioarrak. Hala ere, saioarekin gustura gelditu zela azaldu du: "Gustura sentitu nintzen, ez dut kexa handirik. Uste dut jakin izan nuela oholtza gainean lasai eta zentratuta egoten; batez ere, lehenengo zatian". Hala ere, Abarrategik badaki zer den txapelketa, eta nola labainkada bakoitza garesti irten daitekeen: "Gustura hasi nintzen kantuan, eta uste dut horrek konfiantza puntu bat eman zidala, baina, gero, konfiantza edo tentsio puntu hori bi orduz mantendu behar da, eta edozein akatsek Euskal Herrikoan gogor zigortzen zaitu, eta uste dut hori niri ere gertatu zitzaidala".
Arregiren kasuan, urriaren 3an kantatzea egokitu zitzaion, Donapaleun. Saioan ondo sentitu zela azaldu du Arregik, eta bertan zeuden guztien arteko giroa nabarmendu: "Oso ondo sentitu nintzen. Talde-giro ona geneukan, bai bertsolarien artean, bai gai-jartzailearekin, bai ganbarazainekin". Urduri zegoela ere aipatu du oñatiarrak, hori bertsogintzan beti txarra ez den arren: "Hasieran, urduri nengoen, baina urduritasunak kontzentratzen lagundu zidala uste dut". Lehen aldia zuen Arregik txapelketan, baina ez du uste horrek txarrera eragin zionik: "Ilusionatuta nengoen; agian, horretan eragin zidan gehien. Dimentsio aldetik ez zen hain areto handia, eta entzulea bero sumatu nuen; beraz, esperientzia nahiko erosoa izan zen. Ez dut uste txarrera eragin zidanik".
Ilusioz eta arduraz bizitako saio bereziak
Dagoeneko eskarmentu handiko bertsolariak dira Arregi eta Abarrategi, eta ohituta daude plazaz plaza eta saioz saio ibiltzera. Hala ere, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa ezberdina da, eta bestelako handitasun bat duela uste du aramaioarrak. Horrek, saioak berezi egiten dituela gaineratu du: "Euskal Herriko Txapelketako saio guztiak dira bereziak. Txapelketak handitasun ezberdin bat dauka, eta jende mordoak jarraitzen du. Bakoitzak bere helburuekin bizi duen txapelketa bat da, baina, nahiko tentsio sumatzen da txapelketaren inguruan".
Abarrategirekin bat etorri da oñatiarra, eta txapelketaren oihartzun horrek saioa ilusioz eta arduraz bizitzera eraman duela adierazi: "Ilusioa eta ardura sentitzen nituen, biak maila berean. Euskal Herrikoak oihartzun pixka bat badauka eta nahi nuen aprobetxatu bai nire bertsokera erakusteko, bai mikrofonotik mezu politiko batzuk helarazteko".
Maila handiko bertsolariak
Bertsolari izateaz gain, bertsozaleak ere badira bi debagoiendarrak, eta txapelketa ikusten jarraitzeko nahia erakutsi dute. Oholtza gaineko jarduna amaitu zaien arren, txapelketarekin harremanduta jarraituko dutela adierazi du Arregik: "Lagun batzuek lortu dute aurrera egitea eta bai bertso eskoletan, bai entzule moduan, txapelketaren parte izaten jarraituko dugu, bigarren plano batean bada ere".
Finalerdietan maila handiko bertsolariak daudela azaldu dute biek, eta Abarrategi kiniela batzuk irekita egongo direlakoan dago: "Iruditzen zait lehen fasean gertatu den bezala, oso entretenigarria izango dela fase hau. Kiniela batzuk irekita egongo dira. Bertsolari bakoitzak bere posturatik biziko du fasea. Suposatzen dut aurrez finalista izan direnek pisu edo presio pixka bat sentituko dutela, finaleko leku hori defendatzeko. Beraien burua hortik oso urruti ikusten ez dutenek berriz, gose dexente sentituko dute finaleko postu horretatik gertu egoteko".