Debagoieneko bertso eskolak ikasturte berria martxan jartzeko prest daude, eta bide horretan, izena emateko epea irekita dutela jakinarazi dute. "Astean ordu betez, bertsoaren munduan murgilduko gara jolasaren, musikaren, inprobisazioaren eta talde-lanaren bidez", azaldu dute Debagoieneko bertso eskolen ordezkariek.
Mundu guztiari irekita
Gaur egun, Antzuolan, Aramaion, Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin daude finkatuta bertso eskola taldeak, baina, bertso eskolen ordezkariek azaldu dutenez, helburua herri guztietan taldeak sortzea litzateke. LH4tik aurrerako herritar guztiei irekita dago deialdia; izan ere, gazteen taldeez gain, helduen taldeak ere badira eskualdean. Nabarmendu dute ez dela beharrezkoa aurretiazko ezagutzarik, garrantzitsuena "ikasteko gogoa eta irrika" izatea dela. Bertso eskolan izena eman nahi duten herritarrentzat bertsotanjolas@gmail.com helbide elektronikoa jarri dute eskuragarri, bertan interesa zein bestelako zalantzak adierazi ahal izateko.
Bertso eskolak, bertsogintzaren oinarri
Eskoriatzako Almen ikastetxean Gipuzkoako lehen bertso eskola sortu zenetik, bertsogintzaren oinarri handienetako bat bilakatu dira hauek. Hauek bertsogintzan duten garrantzia azpimarratu dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan kantuan izan diren Maider Arregi oñatiarrak eta Peru Abarrategi aramaioarrak. "Bertso eskolek garrantzia handia dute. Gaur egun, bertso eskoletatik irteten dira etorkizuneko bertsolariak", azaldu du Arregik.
Abarrategik bertso eskolek bertsoa ulertzeko bestelako modu bat ematen dizula gaineratu du: "Bertso eskola batek bertsoa ulertzeko moduari gorputz bat ematen dio, eta talde baten parte sentiarazten zaitu. Bertso eskolak bertsolaritza ezagutzeko, bertsolaritzan trebatzeko eta bertsolaritzaz gozatzeko modu bat dira".
Bertso munduaren parte den orok bertso eskola bat gertu izan duela uste du aramaioarrak: "Hasi umetatik eta helduenetara, bertsolari eta bertso munduko partaide guztiek izan dute gertu bertso eskola bat". Bider horretan, eskualdeko bertso eskolen indarra nabarmendu du oñatiarrak: "Gure eskualdean bertso eskola indartsuak daude eta oso garrantzitsua da horiei eustea, etorkizunean Debagoieneko bertsolari gehiago egon daitezen".
Aukera askoko proiektua
Debagoieneko Udalen, tokiko bertso eskolen eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen lankidetzan oinarritzen dira eskualdeko bertso eskolak. Horri esker hainbat ekintza eramaten dira aurrera, eta aukera askoko proiektua da bertso eskolena: "Asteroko saioez gain, aisialdiko zenbait ekintza ere eskaintzen ditugu ikasturtean zehar, hala nola, Bertso Udalekuak, egunpasak, Gelatik Plazara ekimena, bertso-saioak, asteburu-pasak, bertsolarien bisitak, eta meriendak", azaldu dute bertso eskolen ordezkariek.