Goiener energia berriztagarrien kooperatibak eta Arrasateko Sein Industria Hornidurak elkarlan berria iragarri dute, Debagoienean energia burujabetza eta autokontsumo partekatua bultzatzeko helburuarekin. Bi erakundeen arteko lankidetzari esker, Auzoargi autokontsumo proiektua jarriko dute martxan Musakola auzoko Sein-en eraikinaren estalkian.
Goienerreko Oier Etxebarriak azaldu duenez, ekimen horren aurretik Lazkaoko Biziolan eta Elgoibarko Etxepe tailerretan lortutako esperientziei jarraitzen die: "Elgoibarren, esaterako, Etxepe Mekanizatuen estalkian jarritako instalazioari esker, inguruko familiei bertako energia berriztagarria kontsumitzeko bidea eman zitzaien, hasierako inbertsiorik egin gabe. Aurretik egindako esperientzia horien bidetik, orain Arrasateko zein Aretxabaletako bizilagunei zabaldu zaie aukera bera, bailaran sortutako energia bertan kontsumitu ahal izateko".
Parte hartu nahi duten herritarrek ez dutela inolako inbertsiorik egin behar gaineratu du: "Goiener arduratuko da instalazioaz, tramite guztietaz eta dagozkion kostuez. Horrez gain, proiektuak ez du etxeko obrarik eskatzen, ohiko argindar sarea erabiltzen baita. Parte hartzeko baldintza nagusia instalaziotik 5 kilometroko erradioan hornidura kontsumo-puntua izatea da, eta Goienerreko bazkide egitea".
Eredu horrekin merkatu elektrikoaren gorabeheretatik babestutako "prezio finkoa" lortzen dela ziurtatu du, ingurumenari "eragin positiboa" ekartzeaz bat, tokiko energia berriztagarria kontsumituz.
Proiektuaren xehetasunak azaltzeko eta bertaratutakoen zalantza guztiak argitzeko, aurkezpen-hitzaldia eta batzarra antolatu dituzte datorren urriaren 20an, arratsaldeko 18:00etan Arrasateko Kulturateko Loramendi aretoan.