Atzo, domeka, jokatu zuten Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako azken saioa, Agurainen. Ondorioz, erabakita geratu da nork jokatuko duen bigarren fasea. Lehen zazpi saioetako irabazleak zuzenean sailkatu dira, puntuazio altuena duten gainontzeko hamar bertsolarirekin batera.
Hala, honako hauek izango dira bigarren fasera sailkatu direnak: Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Maddi Ane Txoperena, Julio Soto, Saioa Alkaiza, Ane Labaka, Aner Peritz, Maddalen Arzallus, Xabat Illaregi, Aitor Bizkarra, Oier Etxeberria, Oihana Iguaran, Xabat Galletebeitia, Gorka Pagonabarraga, Asier Azpiroz, Agin Laburu eta Andoni Rekondo.
Aipatzekoa da Maider Arregi sailkatzetik puntu bakarrera geratu dela. Izan ere, oñatiarrak 659 puntu eskuratu zituen Donapaleuko saioan eta Andoni Rekondo 660 punturekin sailkatu da –bien tartean, Eneko Araiztegi geratu da, 659,5 punturekin, hura ere kanpoan–. Peru Abarrategi, bestalde, 34. postuan geratu da, Hazparneko saioan lortutako 631 puntuekin.
Bigarren fase honetan ekingo diete txapelketari, era berean, honako bertsolari hauek: Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Joanes Illarregi eta Sustrai Colina. Azkenik, Maddalen Lujanbiok zuzenean jokatuko du finala, azken txapelketako irabazlea izanik.