Txapel estimatuaren lehian, publikoa eta epaileak bertso onekin asetzeko gogoz

Aitziber Aranburuzabala Juldain

Oñatiko Maider Arregi eta Aramaioko Peru Abarrategi bertsolariak. Bertzolae Elkartea.

Herrialdeetako bertsolari txapelketatan lan ona eginda, "gogotsu" daude Peru Abarrategi eta Maider Arregi Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketan kantatzeko; Bertsosarrerak.eus atarian daude sarrerak eskuragarri

Bihar, zapatua, abiatuko dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, Hazparnen (Lapurdi), eta abenduaren 20an jokatuko da finala, Iruñean. Herrialdeetako txapelketetatik sailkatutako 42 bertsolarik kantatuko dute aurten, eta horietatik bi dira Debagoienekoak: Peru Abarrategi Sarrionandia aramaioarra eta Oñatiko Maider Arregi Markuleta. Estreinakoz izango da oñatiarra eta bigarrenez hartuko du parte Aramaiokoak.

Abarrategi eta Arregi 

Debagoienean ez da aurtengo txapelketaren saiorik egingo, baina publikoan seguru izango dela eskualdekorik; horien artean, parte hartuko duten Debagoieneko bi bertsolariei bultzada ematera joango direnak. Txapelketa abiatzen den egunean kantatuko du aramaioarrak, eta "gogotsu" dago. "Kasualitatez, aurreko aldian moduan, lehenengo saioan kantatzea egokitu zait. Helburuei dagokienez, gustatuko litzaidake saio ona egitea eta neure buruarekin gustura geratzea bihar; ez da erraza izaten txapelketan aurrera egiteko sailkatzea, baina ez dut horretan askorik pentsatzen. Izan ere, Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketan galtzeko gutxi dudala uste dut. Ez da erraza, oraingoz, txapelketa zelan joango den aurreikustea, publiko asko batuko duela seguru nago, eta, orokorrean, bertso-maila bermatuta dago, zalantza barik", azaldu du aramaioarrak.

Estreinakoz kantatuko du txapelketa nagusian Oñatikoak: "Urduri nago, nire lehenengo Euskal Herriko Txapelketa delako, baina gogotsu ere bai, aukera handia baita kantatu ahal izatea. Nire helburua ahalik eta saiorik onena egitea da, kontzentrazioari eustea eta nire ikuspuntutik ekarpena egitea. Hori lortzen badut, ez da gutxi. Txapelketa interesgarria izango delakoan nago. Uste dut gure belaunaldiko bertsolari asko gaudela gogotsu erakusteko badakigula bertsotan, eta gustatuko litzaidake entzuleak sentitzea bertsolaritzaren etorkizuna bermatuta dagoela".

Hazparnen, Abarrategi

Eki Mateorena, Maddi Ane Txoperena, Miren Artetxe, Unai Anda eta Xabat Galletebeitia izango ditu Peru Abarrategik bihar Hazparneko Mendeala Gelan, 17:00etan hasita, taularen gainean lagun. "Plazer hutsa da egokitu zaidan seikotea. Talde berezi samarra osatzen dugula uste dut: belaunaldi ezberdinak daude, lurraldetasun ezberdintasunak... Seion artean saio txukuna egingo dugula uste dut, helburu kolektibo moduan txapelketari hasiera txukuna emateko", dio Abarrategik.

"Ondo prestatuta" doala dio, udan ohi baino plaza gutxiago egin baditu ere: "Entrenamendu aldetik ondo ari naiz; bertso-eskola dezente egiteko aukera izan dut, Aramaioko bertso-eskolakoekin eta baita txapelketan parte hartuko duten beste batzuekin ere. Egin beharreko ariketei dagokienez ez dut kezka berezirik; alde horretatik, lasai nago. Badakit nire gertuko jendea biharko saiora joango dela; herriko bultzadarik sekula ez zait falta izan". 

Arregi, Donapaleun

Urriaren 3an, Oñatiko jaietako Herri Egunean, egokitu zaio Maider Arregiri Donapaleuko Airetik Gelan, 17:00etan, kantatzea. "Senideak, behintzat, etorriko dira, baina Herri Eguna konpetentzia handia da. Iparraldean tokatu izanak eman dit autokritikarako aukera. Hegoaldean kantatzera ohituago nago, eta ohartzen naiz hemengo erreferentziak hobeto kontrolatzen ditudala", dio Arregik. 

Eneko Lazkoz, Iñaki Viñaspre, Oihana Iguaran, Saioa Alkaiza eta Sarai Robles izango ditu Arregik alboan. "Sarai, Saioa eta Oihana ahalduntze bertso-eskolatik ezagutzen ditut, eta poza eta lasaitasuna ematen dit haiekin kantatzeak; pozik nago egokitu zaidan taldearekin. Entrenamenduak ondo doaz; saioko ariketak ohikoak dira, eta horrek konfiantza ematen dit".  

Lierni Altuna, gai-jartzaile

Arregiz eta Abarrategiz gainera, Lierni Altuna aramaioarrak ere parte hartuko du: "Orain dela hamazazpi urte egon nintzen Euskal Herrikoan; hortaz, aurten bigarren aldia dut. Azaroaren 28an izango naiz, Gasteizen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak