Avanza enpresako langileek hitzarmen kolektibo berria sinatu dute

Julen Murua Mesonero

"Langileen gehiengo zabalaren babesarekin" lortu dute akordioa sinatzea, ELA sindikatuak jakinarazi duenez.

"Sei urteko negoziazioaren eta 26 greba egunen ostean", Lurraldebus zerbitzua eskaintzen duten Gipuzkoa Avanza Movilidad enpresako langileek "hitzarmen berria sinatzeko akordioa" lortu dutela jakinarazi du ELAk. Sindikatuak adierazi du 26 greba egunak "erabakigarriak" izan direla "urteetan aurrera egin ez zuen negoziazioa desblokeatzeko eta, azkenean, hitzarmenak jasotzen dituen hobekuntzak lortzeko". Gainera, prozesu guztian enpresa "prekaritate egoerei eustea defendatu, mutualitateek laneko bajen kudeaketan esku hartzea proposatu eta lortutako akordioak aldatzen" saiatu dela gaineratu du.

Honako hauek dira sinatu berri duten hitzarmen kolektiboan nabarmentzen diren hobekuntzak:

  • Urteko 1.592 orduko lanaldia eta toma y deje –lanaldia hastean edo amaitzean lankide batekin erreleboa egiteko egin beharreko denbora– hurrengo lizitazioan benetako lan-denbora izateko konpromisoa.
  • Erretiro partzialerako errelebo-kontratu mugagabeak.
  • Inaplikazioak ezabatzea.
  • Aldi baterako langileen egoera erregularizatzeko eta argitzeko aukera emango duen lan-poltsa sortzea.
  • Lanaldia 22 orduz murriztea, hitzarmenaren indarraldian geratzen den urte eta erdian.
  • Soldata-igoerak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak