Autobus-gidarien greba mugagabea deituko du ELAK

Mirari Altube Arrese 2026ko apirilaren 28a

Lurraldebus zerbitzua ematen duen Avanza enpresarekin zegoen lan-gatazka ez dela amaitu adierazi du ELAk. Urrian aurreakordioa sinatu bazuten ere, sei hilabetera hitzarmenik ez dagoela dio, eta horregatik, greba mugagabea deitzeko asmoa agertu du.

Grebaren hasiera datarik ez dute zehaztu baina eragingo lieke Bilbo, Donostia eta Gasteiz arteko lineei, Debagoieneko zerbitzu guztiei, eta Loiu-Arrasate, Loiu-Donostia eta Loiu-Gasteiz lineei. 

"Hitzarmenik ez"

"Lan-gatazka konponduta" zegoela eta "langileen baldintzak hobetuko" zirela esan bazen ere iazko urrian, ez dela horrela dio ELAk. Gaur gaurkoz ez dagoela hitzarmenik Avanza Movilidad Gipuzkoan diote eta lan-gatazkak "erabat irekita" jarraitzen duela.

Apirilaren 15ean bilera egin zuten Eusko Jaurlaritzarekin: "Argi geratu zen han enpresak ez duela inolako asmorik aurreakordioa enpresa-hitzarmenean adostutako baldintzetan berresteko. Alderantziz, bitartekaritza prozesuan adostutakoa aldebakarrez aldatzeko asmoa du". Hori, "berebiziko larritasuna" duen gertakaritzat jo du ELAk: "Enpresak Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzapean eta Lan Sailburuordetzaren bermearekin lortutako akordio bat ez betetzea erabaki duelako". Horregatik, herritarrei zein Foru Aldundiari esan gura izan diete ez dagoela hitzarmenik, ez akordiorik eta lan-gatazkak bizirik jarraitzen duela.

Egoera horren aurrean, ELAtik adierazi dute greba mugagabea sustatuko dutela: "2025eko uztailean planteatutako aldarrikapenetan oinarrituta, plantilla osoarentzat hitzarmen duin bat bermatu arte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak