Lurraldebus zerbitzutik jakinarazi dutenez, Avanza Movilidad Gipuzkoa enpresako autobus gidariek iragarritako greba bertan behera geratu da. Hori horrela, asteburuetan ere autobusak ohiko maiztasun eta ordutegian igaroko dira Debagoieneko geltokietatik.
Hala ere, Avanzako autobus gidari eta LABeko delegatu Fermin Iregik azaldu du egoera konplexua dela eta ez dutela adostasunik lortu enpresarekin: "Guk eskatzen duguna da autobusa martxan jarri aurreko eta osteko lan-jarduna kontabilizatzea. Urtero 160 ordutik gora sartzen ditu gidari bakoitzak autobusaren elementu guztiak egoera onean daudela berrikusten. Laneko inspekziotik adierazi digute enpresa jarrera okerrarekin dabilela, urtean 80 ordu extra bakarrik pilatu daitezkeelako, eta guk bikoiztu egiten dugu kopuru hori".
Ordu horiek kontuan hartzeko eskariak mahai gainean jarraitzen du, ez dutelako inongo erantzunik jaso: "Ekainean greba egiten hasi ginenetik enpresa ez da gurekin harremanetan jarri. Aldundiko Mugikortasun diputatuari bilera eskatu genion, eta esan zigun bitartekari bezala jarriko zirela Eusko Jaurlaritzako Lan Sailekoak, baina ez dute gurekin kontaktatu oraindik. Egia esan, Avanzakoak eroso ikusten ditugu, eta deitzen badigute, ez dugu ezer berririk esango diguten esperantza handirik".
Urrian, beharbada, greba mugagabea
Greba bertan behera uztearen arrazoia langileen ongizatea dela adierazi du: "Plantillaren ia %50 dabil behin behineko kontratuarekin, eta enpresak haien kontratua ez berritzea erabaki dezake greba egitera ausartzen badira. Beraz, kontua oso zail dago".
Dena den, greba presio egiteko tresna egokia dela eta izaten jarraituko duela deritzo Iregik: "Grebarekin min egin dugu. Enpresaren arabera, %74an egin dugu greba. Ezin izan dute errefortzurik jarri, eta ezin izan dituzte txartelak aurrez saldu. Baina ikusita ze portaera duten, momentuz eten egingo dugu. Eta urritik aurrera ikusiko dugu ea grebara itzultzen garen, oraingoan, modu mugagabean".