Energia berriztagarrien komunitateak: teoriatik praktikara

Gontzal Belategi Zubia

Ixotzenen instalazio fotovoltaikoa. (Argazkiak: Ixotzen, Berener, Esnargi, Leintz Bailarako Ekiola, Oneko, Ernamuina, Ehnergia eta Goiena)

20ko hamarkadaren hasieran heldu zen lehenengoz energia berriztagarrien komunitateen ideia Debagoienera, eta, geroztik, ugariak izan dira eman diren aurrepausoak. Egun, bost komunitate daude eskualdean, eta ia herri guztietan dute eragina. Guztiek dituzte proiektuak esku artea, eta, denborarekin, erreferente bilakatu dira Euskal Herrian. 

Azken urteetan energia berriztagarrien komunitateen loraldia gertatu da Debagoienean, eta ideia huts izatetik eskualdean errotzen ari den errealitate izatera pasatu dira. Gaur egun, bost dira eskualdean antolatuta dauden komunitateak: Ixotzen, Esnargi, Berener, Leintz Bailarako Ekiola eta Oneko. Urte gutxian, energia trantsizioaren gaian ekarpen handia egiten dabiltzan ekimenak dira horiek, eta, emandako pauso guztien ondorioz, eskualde mailan izan duten inpaktuaren argazki osatu bat emateko aukera dago.


Esnargi sortze bidean zeneko hitzaldia.


Onekoren proiektu aurkezpena. 


Berenerren proiektu baten muntaketa.

Ideia bat zena, egitate bilakatzen

Eskualdeko energia berriztagarrien komunitateen elkargune den Ernamuinako koordinatzaile Aritz Ameztegik (Andoain, 1972) azaldu duenez, horiek Debagoienean lurreratzeko hainbat gertakari izan ziren aldi berean 20ko hamarkadaren hasieran: "2020an, D2030eko abiapuntuan, hainbat tailer egin ziren, herritarren interesak identifikatzeko, eta energia berriztagarriak eta halako gaiak aipatzen hasi ziren. Horrez gain, sasoi berean, Goiener herriz herri ibili zen Energia komunitateak zer ziren azalduz".

Debagoiena, alde horretatik, aitzindaria izan da; izan ere, garai hartan, Europa mailan sortu berria zen ideia bat besterik ez zen komunitateena: "Zerbait berria zen; 2018-2019 artean hasi zen lehenengoz Europan gaia aipatzen. Orduan, hau guztiau oso teorikoa zen oraindik". Azkenean, 2021ean ideia praktikara eramaten hasi ziren: "Ideia praktikara 2021ean eraman genuen, udalekin izandako elkarrizketa batzuen ondorioz. Bergara eta Elgeta izan ziren lehenak beren herrietan talde motorrak sortzen. Ekiola beste bide batetik joan zen; izan ere, Udala Energiaren Euskal Erakundearekin eta Krean-ekin hasi zen urratsak egiten". Modu batean edo bestean, herritarrei lanerako tresnak ematea izan zen lehen helburua: "Bazegoen herritarren artean zerbait egiteko gogoa; horrenbestez, lehen helburua hori izan zen, herritarrei nolabaiteko egitura bat ematea horretan aurre egiteko".


Ekiolaren lehen batzar orokorra.

Kontsumo handiko lurraldea

Ameztegik dioenez, orduko hartan eskualdeko egoera energetikoa bereziki txarra zen: "Egoera nahiko kaxkarra zen. Debagoiena energia asko behar duen eskualde bat da. Herritar bakoitzak beste edozein lekutan baino energia gehiago kontsumitzen zuen. Hein batean, normala da; eskualde oso industrializatua da, eta Gipuzkoa mailan isolatuenetakoa, trena bezalako tresna bat ez egoteak mugikortasunean eragiten duelako". Gainera, ia ez zen energia berriztagarririk sortzen: "Berriztagarrien ikuspuntutik, bertan sortutakoa 2016an ez zen ehuneko bostera heltzen, eta Elgeako parke eolikoaren datuak bertan sartzen diren arren. Hori gabe, ehuneko bat edo bi bakarrik zen".

Errealitate hori aldatzeko nahiak eta grinak garapen handia ekarri dute bost urteren bueltan: "Ideia-proposamen haietatik gaur egunera garapena handia izan da. Bost energia komunitate sortu dira, eta ia herri guztiek dute berea. Aldea ikaragarria da, alde horretatik. Jende askok eman du pausoa; izan ere, boluntarioek osatzen duten taldek dira. Horren eskualde txikian, bederatzi herriko eskualde batean, bost talde izatea martxan ikaragarria da".

Lankidetza, komunitateen oinarria

Egindako bide horretan, lankidetzak pisu handia izan du: "Energia berriztagarrien komunitatearen kontzeptuak berak eramaten zaitu lankidetza-eredu horretara". Hori hainbat modutan egikaritzen da. Alde batetik, herritarrek osatutako taldeak izanda, haien arteko lankidetza litzateke lehen planoa. Debagoienaren kasuan, udalekin dagoen harreman estua dela medio, haiekin forma ezberdinak hartzen dituen lankidetzan egiten da lan. Fagorrekin osatu den lankidetza ere aipagarria da; izan ere, eskualdeko komunitateen ezaugarri berezi bat da hori, eta finantzaketaren ikuspuntutik, erabakigarria.

Hala ere, lankidetza mota horietan aipagarriena komunitateek elkarren artean duten saretzea da. Debagoienean Ernamuina taldean elkartu dira komunitate guztiak, eta Errenteriako, Elorrioko, Otxandioko eta Itsasondoko komunitateak ere joaten dira, gonbidatu. "Hau guztia berria da, eta ez dago erreferenterik. Sozialki berrikuntza ikaragarria da, eta horregatik erabaki genuen nork bere bidea egin beharrean talde bat sortu, elkartu, beharrak identifikatu eta soluzioak bilatzea. Isolatuta dagoen komunitate batek gauzak egiteko zailtasun gehiago ditu".

Saretze horretan, aurrerapauso handi bat eman zen zapatuan; hain zuzen, Euskal Herriko energia berriztagarrien komunitate guztiak elkartzen dituen Ehnergia sarea aurkeztu zuten, Iruñean. Horrek aukera berriak dakartzala uste du Ameztegik: "Ikusiko da hortik zein zerbitzu eta laguntza heltzen diren, baina lankidetzak plano zabal asko hartuko ditu. Eskala txikian gertatzen dena haratago eramateko balioko du".

Egindako lanaren fruituak

Denbora gutxian Debagoiena energia berriztagarrien komunitateen erreferenteetako bat bilakatu da. Ehnergiaren sorreran ikusi zen hori: "Debagoienak gai honetan badu erreferentzialtasuna. Ehnergiaren sorreran ere Ernamuina izan zen hartu zuten erreferentzietako bat". Egin den lan guztiak bere fruituak eman ditu, eta herritarrek ekimen horiei egin dien harreran ikus daiteke: "Gaur egun, 610 familiatik gora daude energia komunitateetan sartuta, eta kontuan izanda ez dela kanpainarik egin eta komunikazio guztia ahoz ahokoa izan dela, uste dut ez dela gutxi. Gainera, hor badago beste faktore bat; izan ere, bazkide kopuruak eta instalazio gaitasunak eskutik joan behar dute. Bestela, bazkide pila bat izango dituzu zerrenda baten, baina, nazkatuta, joan egingo dira. EBK-k hor oreka bat mantentzen saiatu dira, eta gauzak era ordenatuan egiten". Aipatu beharrekoa da zifra horren barruan Oñatiko eta Leintz Gatzagako bazkideak zenbatu gabe daudela oraindik.

Ekimen guztiek dituzte instalazio fotovoltaikoak oinarri hartutako proiektuak martxan –Oñatikoa osatze bidean dago–, eta gehienak beste bat jartzeko asmotan dira. Horrek eragina izan du errealitate energetikoan, mugatua bada ere. 2023ko datuak –argitaratu diren azkenak–2016koekin alderatuz gero, aldaketa txiki bat igartzen da: "Egoerak hobera egin du, baina, hein handi batean, kontsumoak behera egin duelako. Komunitateen aurretik, eskualdean sortzen zen energia berriztagarria ez zen ehuneko bostera heltzen, kontsumoarekin alderatuta, eta 2023ko datuen arabera kopurua ehuneko seira igo da, hori kontsumoaren jaitsierak eragin badu ere".

Datu horiek ez dituzte oraindik proiektu gehienak jasotzen, eta bidean diren emaitzak askoz hobeak direlakoan dago Ameztegi: "2024 eta 2025. urteetako datuetan saltoa emango dela aurreikusten dugu; izan ere, 2023ko datuetan hainbat proiektu oraindik jaso gabe daude. Guk egindako kalkuluekin, jarritako instalazio guztiak kontuan hartuz, aurretik zegoena hirukoiztu egingo dela aurreikusten dugu. Eskualde mailako inpaktua, akaso, anekdotikoa da, baina esan dezakegu jarri diren instalazio fotovoltaikoei esker kopurua hirukoizteko bidean gaudela, eta hori aurrerapauso handia da".

Debagoieneko energia berriztagarrien komunitateak bide onetik doazela erakusten du horrek guztiorrek, baina oraindik egiteko asko dagoela uste du Ernamuineko koordinatzaileak. Lanaren zati handi bat komunitateen egiturak sendotzea izango dela dio: "Etorkizunera begira eman beharreko pauso nagusiak bizirauteko egiturak sendotzea izango da. Jaioberri hori indartu egin behar da, gorputza hartu eta bere bidea egin dezan. Esango nuke hor ari direla bidea egiten. Dirulaguntzekin, Ernamuinarekin, Ehnergiarekin, Goienerren laguntzarekin... ea nola egiten dugun hori guztia".

 

IXOTZEN

Elgetako energia berriztagarrien komunitatea da Ixotzen. Ibilbide luzea du; izan ere, bertako kide Mari Karmen Larrañagak 2022an Udalak antolatutako hitzaldi baten kokatzen ditu haren hastapenak: "Udalak bazituen plaka fotovoltaiko batzuk, beren beharrak ase eta familia zaurgarriei laguntzeko. Aukera ikusi zuten, eta hitzaldia antolatu". 60 pertsona inguru elkartu ziren bertan, eta, osteko ibilbidean, Goienerren eta Emunen laguntza jaso zuten; azkenean, 2023an kooperatiba sortu zuten.

Proiektu parte-hartzailea

Herritarrengandik harrera beroa izan du ekimenak lehen unetik, eta hori ondo islatuta gelditu zen 2025ean pilotalekuan jarri zuten instalazio fotovoltaikoaren proiektua egikaritzerakoan: "Herritarrei beren argindarfakturak eskatu genizkien, eta hori oso pertsonala da. Horrelako instalazio batek energia sortzen den momentuan kontsumitzea eskatzen du. Horren ostean, komeni zitzaienei galetu genien ea proiektura atxikitu nahi zuten". Bateriarik jarriko ez zutenez, kontsumo baxuko etxeei edo eguzki-indar gutxiko uneetan kontsumo handia zutenei ez zieten gomendatu proiektuan sartzea.

Horrez gain, beste hainbat proiektu ere jarri dituzte martxan; esaterako, hirigasarekiko dependentzia murrizteko proiektuak edo biomasa kontsumitzen duten etxeei erosketa kolektiboak eskaintzea. Etorkizunera begira, proiektu horiei eusteaz gain, eskolako teilatuan instalazio berri bat jartzea dute helburu, eta baterien egokitasuna aztertzen dabiltza. Auto partekatuen gaia ere jorratu nahi dute, herriko mugikortasun arazoei aurre egiteko.

 

ONEKO

Oñatin dagoen Oneko energia komunitatea da, gaur-gaurkoz, eskualdeko talde gazteena. 2025ean ikusi zuen argia, eta, bertako kide Leire Astigarragak azaldu duenez, Udalaren aurrekontu parte-hartzaileak izan zituen oinarri: "Udalaren aurrekontu parte-hartzaileetan, energia berriztagarrien komunitate bat sortzeko proposamena agertu zen, eta horren bidez hasi ginen Oneko sortzen. Lehen hilabeteetan formakuntza-saioak jaso genituen, eta gero, gure energia komunitateari forma ematen hasi ginen".

Lehen proiektua, gauzatzear

Ekimenak lehen unetik izan du herritarren interesa eta babesa, eta aurten iragarri duten proiektua da horren adierazle, aurkezpenera bazkide ez diren hainbat herritar ere joan ziren eta. Proiektua instalazio fotovoltaiko bat izango da, eta Eltzian jarriko da: "Eltziako teilatua utziko zigutela adostu genuen Udalarekin, eta bertan egingo da lehen proiektua. Hau autokontsumo kolektiboko ereduan egindako instalazio fotovoltaikoa izango da".

Taldeko kideak buru-belarri murgilduta dabiltza horretan, eta, etorkizunari begira jarriz gero, hauxe dute jomugan: "Lehendabizi, proiektua amaitu nahi dugu. Instalazioa egin gabe dago oraindik, eta hori egindakoan ere lan ugari izango dugu, autokontsumitzaile guztiek izena eman behar dutelako eta koefizienteen banaketa egin behar delako". Epe luzera, instalazio fotovoltaiko gehiago jartzeaz gain, bestelako proiektuak hasi nahi dituzte, hala nola "hezkuntza proiektuak, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak eta beste energia berriztagarri batzuekin lotutako proiektuak".

BERENER

2022 inguruan jarri ziren martxan Bergaran dagoen Berener komunitateko kideak, bertako Ander Zangituk azaldu duenez. "Euskal Herrian energia berriztagarrien komunitate oso gutxi zeuden. Guretzat erronka bat izan zen hau martxan jartzea, eta, erronka guztien moduan, oso gorabeheratsua". Prozesu parte-hartzaile baten ostean, 2023an eratu zen ofizialki irabazi-asmorik gabeko kooperatiba herritar gisa, eta, bidean, Goienerren eta D2030en laguntza jaso zuten.

Ulertarazteko erronka

Zangituk dioenez, hasiera batean herritarrei kosta egin zitzaien ekimena ulertzea, ia ez zegoen-eta bestelako aurrekaririk: "Egia da hasiera batean jendearentzat zaila zela ulertzea eta azalpen ugari eman behar izan genituela". Hala ere, denborarekin, herritarren babes handia jaso dute; bereziki, proiektuak exekutatzen hasi zirenean. Alde horretatik, berezia da Berenerren kasua; izan ere, gaur-gaurkoz, bi instalazio fotovoltaiko martxan dituen komunitate bakarra da: "Egun, bi instalazio ditugu martxan: bata, Osintxun, bizilagunen instalazio batean; eta bestea, San Martin eskolako teilatuan. Kasu horretan, teilatu publiko batean".

Hala ere, ez dute geldirik egoteko asmorik, eta etorkizunean beste hainbat proiektu egin nahi dituzte: "Epe motz-ertainean posible izan liteke herri mailan beste instalazio bat jartzea. Bestalde, auto partekatuen proiektua martxan jartzea daukagu buruan, kontsumitzen dugun energiaren zati handi bat mugikortasunari lotutakoa da eta. Martxan dauden proiektuetan, berriz, baterien erabilera aztertzen gabiltza".

 

ESNARGI

2024an sortu zen modu ofizialean Eskoriatzako Esnargi Energia Komunitatea, nahiz eta bertako kide Goizane Gabilondok azaldu duen hainbat herritar 2022an mugitzen hasiak zirela: "2022an, talde motorrean dauden batzuk nahi batekin hasi ziren mugitzen, energiaren eta ingurumenaren alde zerbait egiteko asmoz. Herritarren faktura batzuk irakurtzen eta aholkuak ematen hasi ziren".

Leintz Gatzagarako bidean

Urte hauetan guztietan ikasketaprozesu sakona izan dutela nabarmendu du Gabilondok, eta, hain zuzen ere, inguruko beste energia komunitate berriztagarriekin duten hartuemanean jarri nahi izan du azpimarra: "Ez goaz bakarrik, beste kooperatiba energetikoekin kontaktuan gaude momentu oro, eta saretze horrekin geroz eta indartsuagoa da gure garapena". Garapen horrek urte honetan ikusi ditu bere fruituak; izan ere, Luis Ezeizako instalazio fotovoltaikoa jarri dute martxan: "Luis Ezeizan jarri genuen instalazio fotovoltaikoa oinarrizkoa izan da, batez ere, esperientzia moduan, horrelako instalazio bat jartzeak zer dakarren jakiteko".

Esperientzia irabazita, urrats handia egin dute, eta Esnargik Leintz Gatzagarako saltoa emango du; bi herri ordezkatzen dituen komunitate bilakatu da: "Eman dugun azken pausoa Esnargi Gatzagara zabaltzea izan da. Hurrengo instalazio fotovoltaikoa bertan jarriko dugu". Horrez gain, herritarren artean pausoak ematen jarraitu nahi dute, beren jarduna ezagutarazteko eta boluntarioak lotzeko: "Boluntarioak gara guztiak, eta etorkizunean beharrezkoa izango da jende gehiago hurbiltzea".

 

LEINTZ BAILARAKO EKIOLA

2022an ikusi zuen argia Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibak, egun Arrasaten eta Aretxabaletan lan egiten duen komunitateak. Bertako kide Iñaki Larrañagak azaldutakoaren arabera, Euskal Herrian sortu ziren gainontzeko Ekiolen gisa, Energiaren Euskal Erakundeak eta Krean-en babesarekin izan zen abiapuntua. Hala ere, 2023an, herritarren esku gelditu zen ekimena: "2023an, enpresetatik zein erakundeetatik bultzatutako ekimen hura herritarren eskura pasatu zen, nolabaiteko batzar nagusi eratzaile baten ondoren".

Eredu aldaketaren bidean

Kreanen laguntzarekin, instalazio fotovoltaiko bat jarri zuten Leintz Bailarako Ekiolako kideek, Garaian: "Kreanen laguntzarekin, aurrera egin genuen eskaerak eginaz, eta konturatu ginen posible zela instalazio fotovoltaiko bat erosi eta instalatzea, egun Garaian dagoena. 2024an hasi ginen bertan ekoitzitako energia jaso eta bazkide guztien artean banatzen". Proiektuak zuzen funtzionatzen duen arren, garaiko legedia traba izan zela dio: "Lehen, sortzen zen lekutik kontsumitzen zenerako distantziak oso txikiak ziren, eta, gure instalazioa martxan jarri zenean, ez zen uste autokontsumitzeko gai izango ginenik". Hori oztopo izan da herritarrekin bat egiteko, eta ez dute lortu "espero zen kapital soziala" betetzea: "Gaur egun, gutxi gorabehera, instalazioaren %75-edo dugu esleituta kontsumitzaileei, baina, oraindik, %25 falta zaigu guztiz esleitzeko". Hala ere, legedi berriak ematen dituen aukeraz jakitun, dagoeneko hasiak dira autokontsumo-eredu batera pasatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak