Arrasateko Udalak eta Debagoienako Mankomunitateak, belaunaldien arteko bizikidetza programaren berri emango dute urriaren 5ean, astelehena, 18:00etan, Kulturateko ekitaldi-aretoan. Udalarekin eta Bizihabiko taldearekin batera, Arrasateko jubilatuen lau elkarteek hartuko dute parte hitzaldiaren zabalkundean. Antolatzaileek azaldu dutenez, saiorako sarrera librea izango da, lekuak bete artean.
Bizihabi programa Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak bultzatutako proiektua da, eta 2023tik dago martxan. Helburua da etxean logela libre bat duten 65 urtetik gorako pertsonak, alokairu eskuragarri baten bila dabiltzan 35 urtetik beherako gazteekin elkartzea. Bizihabi Kuvu enpresa sozialak kudeatzen du, eta dagoeneko 120 bizikidetza-kontratu inguru dituzte. Gainera, programaren datuen arabera, "pertsona nagusiek, batez beste, 2.000 euro baino gehiagoko diru-sarrerak izan zituzten urtean", eta gazteek, batez besteko alokairuarekin alderatuta "750 euro inguru aurreztu zituzten urtean".
Funtzionamenduari dagokionez, Bizihabiko taldeak prozesu osoa laguntzen du: pertsona bakoitzaren profilaren erregistroa, pertsona bateragarrienen hautaketa, elkar ezagutzeko elkarrizketa, bizikidetza-kontratua, etengabeko jarraipena bitartekaritza-zerbitzuarekin eta alokairua kobratzeko bermea. Eusko Jaurlaritzak zerbitzuaren kostuaren %100 diruz laguntzen du baldintzak betetzen dituztenentzat.
"Lau pertsonatik bat maiz sentitzen da bakarrik"
Saioa Debagoiena Ehuntzen-en parte da, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberriren bitartez, Debagoienako Mankomunitatearekin eta eskualdeko udalekin batera sustatutako Gipuzkoako zaintzarako lehen eskualde-ekosistemaren baitan. Debagoiena Ehuntzenek datu esanguratsu bat nabarmendu du programa berri honen beharra erakusteko; 2025eko abenduan argitaratutako Bakardadeari buruzko inkestaren arabera, "lau pertsonatik bat maiz sentitzen da bakarrik". 444 herritarrek parte hartu zuten inkestaren horretan.
Jasone Giraldo Arrasateko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren hitzetan, "Arrasaten badira bakarrik sentitu eta bizi diren adineko pertsona ugari eta non bizi aurkitzen ez duten gazte ugari ere". Giraldoren hitzetan, Udalaren zeregina ere bada, "horien arteko harremana ahalbidetzea eta esperientzia berri eta eredugarri horiek ezagutzera ematea eta esploratzera animatzea".