Bakardadeari aurre egiteko etxebizitza ereduak birpentsatzen

Hasier Larrea

Cohousing edo etxekidetzara bideratutako espazio irekia. (Irudiak: Etxelagun, AESFAS, arkitectureonweb.com, Goiena)

Adineko pertsonen elkarteek eta haien ongizatean jarduten duten eragileek mahai gainean jarri dute zahartzeak ez duela zertan ekarri norbere etxea utzi eta ingurunearekiko lotura haustea. Etxebizitza eta elkarbizitza ereduak eraldatzea proposatzen dute, bestelako alternatiba sozial eta arkitektonikoak esploratuta, helburu argiarekin: bakardade sentsazioa ahalik eta gehien uxatzea, etxebizitza zaintzaren, autonomiaren eta gizarte-harremanen parte den espazio gisa ulertuta. 

Bailarako adineko taldeek askotariko ekitaldiekin abiatu ohi dute ikasturtea, urriaren 1a, Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna, egutegian gorriz markatuta. Bada, nabari da gero eta kezka handiagoa dutela etxebizitza ereduen inguruan, erretiratu osteko urteak ahalik eta modu onenean bizitzeko borondateak mugituta. Adibideetako bat Bergarako San Joxepe Jubilatuen Etxean dago. Bergarako Udalak eta Adineko Kontseiluak hilaren 21etik urriaren 2ra iraungo duen egitaraua antolatu du, erakusketa batekin, galdera zabal honi erantzunak bilatu guran: Nola eta non bizi nahi dut bizitza osoan? Adineko Kontseiluko kide Arantxa Palaciosek esan duenez, erakusketak balio du irailaren 28an 17:30ean Irizar jauregian egingo duten mahai ingurura begira motorrak berotzeko: "Iaz, Usurbilera egin genuen bisita 31 lagunek, herri hartan zaintzaren arloan dituzten ekimenak ikusteko. Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioetan izan genuen, eta iruditu zitzaigun gizarteratu behar direla halako ekimenak. Beraz, panel batzuk jarri ditugu, halako egitasmoen berri emateko. Modu horretan, jendeak jakingo du asteleheneko berbagaia nondik nora joango den".

Bizimodu komunitariorantz 

Mahai ingurua Andrea Pozok dinamizatuko du, adineko pertsonentzako komunitate lagunkoiagoak eraikitzeko helburua duen Euskadi Lagunkoia Berriko teknikariak. Dioenez, bizitza osorako etxebizitzen eta etxebizitza kolaboratiboen filosofiarekin bat egiten duten ereduak azalduko ditu hitzaurrean: "Alde batetik, ikusten gabiltza badagoela joera bat, jubilatuta dagoen jendearen artean, kooperatiba bat sortu eta cohousing ereduan antolatzekoa. Gordexolako Ametxe dugu horren adibide. Etxebizitza egoiliarrak bazkide dituen kooperatiba baten parte da, eta egoiliarrek modu kolektiboan kudeatzen dituzte espazio amankomun guztiak. Bestetik, erakundeen esku hartzearekin egiten diren proiektuak daude. Esaterako, Matia Fundazioak bizitza osorako etxebizitzak bultzatzen ditu Lugaritzen, Donostiako Antigua auzoan. Zaintza maila kontuan hartu gabe, edonor bizi daiteke bertan, baita familiak ere. Komunitatean integratutako alokairuzko etxebizitzak dira, eta egoiliarrak bizitza-planaren akonpainamendua egiten duten erreferente profesionalez lagunduta daude".

EGOITZETAN BIZI DIRENEN INGURUNEA ETXEKOIAGOA ETA PERTSONALIZATUAGOA IZATEKO NEURRIAK HARTZEN HASI DIRA ERAKUNDEAK

Halako egitasmoekin "zaintza pertsonalizatua" bermatzen dela nabarmendu du Pozok, eta dio erakundeen aldetik badagoela kontzientziazio bat ohiko erresidentzia handiak lehengo eredu instituzionaletik aldentzen has daitezen: "Espainiako Gizarte Eskubideen, Kontsumoaren eta 2030 Agendako Ministerioak legedi berria du martxan, egungo egoitzak bizikidetza unitate txikiagoetan antolatzeko. Legedi horrek fokua aldatu gura du, egoiliarren ingurunea etxekoiagoa izan dadin". Ildo beretik, Usurbilgo Egurtzegi egoitzaren funtzionamendua aipatu du: "Intimitatea lehenesteko, egoitza arruntetan ez bezala, pertsona bakoitzak bere logela eta bere giltza dauka. Funtsean, pertsonan oinarritutako zaintza modeloa jartzen da erdigunean".

Hausnarketatik irtenbideetara

Huraxe bera izan zen COVID-19ak eragindako pandemiak utzitako ikasgaietako bat. Testuinguru hartan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak Hariak estrategia aurkeztu zuten 2022an, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko. Adinberriko zuzendari Rakel San Sebastianek azaldu duenez, hemeretzi udalerritako 14.000 pertsona baino gehiagorengana iritsi da, eta 1,1 milioi euro baino gehiago bideratu dute, besteak beste, adineko pertsonen etxebizitzak eta egoitzak birpentsatzeko ekimenak sustatzeko: "Etxebizitza zahartze osasuntsuaren, autonomiaren eta zaintzaren inguruko hausnarketaren parte bihurtu da. Izan ere, gai horrek lotura zuzena du Adinberriren berrikuntza-ikuspegiarekin eta biztanleriaren zahartzeari erantzuteko irtenbide berriak garatzeko beharrarekin".

Barne diseinuaren eragina

Hain justu, Adinberriren babesa jaso zuen EHUko Arkitektura Sailak etxean bizi direnen bakardade sentsazioa saihesteko gomendioak jasotzen dituen Etxelagun gidak. Irizpide arkitektonikoak, teknologikoak eta sozialak jasotzen dituen diseinu-gida da. Lehen pausoa etxebizitzen diseinuak bakardadean izan dezakeen eragina aztertzea izan zela azaldu du saileko zuzendari Olatz Irulegik: "Bakarrik bizi diren hiru pertsonaren etxebizitzak bisitatu genituen, barruko espazioak nola erabiltzen zituzten ulertzeko, eta ohartu ginen etxeak animatu dezakeela jendea kalera ateratzera". Adibide bat jarri du baieztapen hori arrazoitzeko: "Etxetik gutxi irteten zen pertsona bat bisitatu genuenean, sukaldean, etxeko gunerik ilunenean artatu gintuen, han pasatzen zuelako denbora gehien. Sukaldea fatxadatik urrunen zegoen tokia zen. Beraz, etxeak berak eramaten zuen leihotik urrunago egotera. Hainbat eremuren tenperatura eta argitasuna neurtu, eta ondorioztatu genuen inportanteena espazio erabilienak fatxadatik gertu egotea dela, kalearekin kontaktu zuzena edukitzeko". 

INPORTANTEENA DA ETXE BARRUKO ESPAZIO ERABILIENAK FATXADATIK GERTU EGOTEA, KALEAREKIN KONTAKTU ZUZENA IZATEKO

Bakardade sentsazioa murrizten laguntzen duen beste alderdi bat etxe barruko guneak zabalak izatea dela aipatu du: "Ez dute zertan irekiak izan; manparaz estalita egotearekin, nahiko. Kontua da gelek bisualki gertu egon behar dutela. Batez ere, sukaldea, historikoki emakumea bertan sartuta egon den tokia izan delako". Gela "tematiko" bat izatea ere hobetsi du: "Adibidez, kirola egiteko txokoak, bizikleta estatiko batekin, beste dinamismo bat eman dezake, pertsonaren autonomia mantentzen laguntzeaz gain. Baina horretarako, etxea hustu egin behar da, eta emozionalki zaila izan daiteke, esaterako, alargun batentzat. Agian, ez zaude prest espazioa irabazteko ohea kentzeko, baina gauza batzuk kendu egin behar dira".

Ikuspegi integrala

Atariko eskailera buruaren eta etxeko sarreraren artean moldaketa txiki batzuk egin daitezkeela gaineratu du: "Pareko bizilagunarekin elkarrizketak pizteko, bankutxo bat jar daiteke eskailera buruan, edo etxeko sarreran objektu pertsonalak, adibidez, argazki zaharrak, hizketarako aitzakia sortzeko". 

Atari inguruko kaleko espazioari ere egin dio erreferentzia, "gune erdi-pribatu" horren diseinuak lagundu egin dezakeelako pertsona bat haizea hartzera atera dadin. "Banku batzuk baldin badaude, zuhaitzen bat, eta landareak, aitzakia izan daiteke loreak zaintzera irten daitezen", esan du Irulegik.

Etxea harremanetarako eta komunitatearekiko loturak mantentzeko espazioa ere badenez, bisitetarako egokituta izatea ere komeni izaten da. Tertuliarako hobe da, esaterako, mahai nagusia borobila izatea. Datozenak eroso sentitzeko beste gako bat, etxean komun bat baino gehiago izanez gero, horietako bat bisitentzako girotuta egotea dela adierazi du Irulegik: "Izan ere, adinean aurrera joan ahala komunean medikamentuak pilatzen dira, eta, agian, ez dago horren zaindua; beraz, desatsegina izan daiteke. Aukera izanez gero, hobe komun txiki bat izatea bisitarientzat, egonaldia atseginagoa izan dadin". 

Hasiak dira praktikan jartzen 

Norbere etxebizitzan aplikatzeko halako aholkuak eta gehiago topatuko ditu Etxelagun gida deskargatzen duenak. Arkitektura eskolako kideez gain, EHUko beste diziplina batzuetakoek ere hartu dute parte, "psikologia, informatika, soziologia, biologia eta medikuntzakoek", eta denen artean adostutako tekniken inpaktua neurtzen dabiltza dagoeneko. Izan ere, gidan jasotakoak martxan ipini dituzte hainbat etxebizitzatan: "Iaz, prototipo batean lan egiten aritu ginen. 60 urtetik gorako hamaika pertsona autonomo bizi diren tutoretzapeko lau etxebizitzatan izan ginen, Beasainen. Planta berean bizi dira, sukaldaria eta garbitzailea dute, eta pertsona bakoitzak gela bat du eremu pribatu bezala. Beste eremuak, adibidez jantokia, partekatu egiten dituzte. Bi astean behin joaten gara elkarrizketa egitera, eta, ikusi dugunez, gertatzen da, nahiz eta otorduak elkarrekin egin, batzuek ez dutela hitz egiten. Hortik ondorioztatu dugu espazioak akustikoki prest egon behar duela; hau da, baldintza teknikoak bermatuta izan behar dituela hitz egiteko eta entzuteko". 

Ezagutzatik orientaziora

Aholku-zerrenda hori baliagarria izango zaie partikular zein erakundeei etxebizitzak birgaitu eta eraikitzeko orduan. Rakel San Sebastianek borobildu bezala, "Etxelagun bezalako proiektuak laborategi eta erreferentzia izan daitezke, etorkizunean beste udalerri eta eskualde batzuetara eraman daitezkeen irtenbideak garatzeko. Esan bezala, azken helburua ez da etxebizitza esperimental bakar bat sortzea, baizik eta bertan sortutako ezagutza baliatzea etxebizitza gehiago pixkanaka eraldatzeko eta etorkizuneko etxebizitza-proiektuak orientatzeko, pertsonen autonomia, ongizatea eta bizi-kalitatea ardatz hartuta". 

 

"Etxea gradualki moldatzea da onena"


JOXE URTEAGA. ARRASATEKO NAGUSIEN KONTSEILUA

Urteak pasa dira Arrasateko Nagusien Kontseiluan cohousing ereduari buruz hausnartu zutenetik. 
 

Mesedetako eraikinaren cohousing proiektuan hartu zenuten parte. Nola gogoratzen duzu?

Hainbat batzar egin genituen, eta sekulako ideia iruditzen zitzaigun. Adinez nagusiak diren pertsonekin belaunaldi askotariko pertsonak bizitzea, haien artean adinean aurrera doan jendea egonda. Orain badaude bestelako ereduak ere; tutoretzapeko etxebizitzak, esaterako. 

Ze iritzi duzu horien inguruan?

Iruditzen zait hobe dela jendea bere etxean geratu ahal izatea, zaintza konkretu batzuk jasotzen. Emozionalki askoz hobea da norbera azken urteetan egon den tokian mantentzea. 

Etxea egokitzearen aldekoa zara?

Onena norbere etxebizitza dependentzia graduaren arabera egokitzea da, ahal den neurrian. Iristen da puntu bat egoitzara joatea besterik ez dela geratzen, baina, gutxienez, aldaketa ez dadila bat-batekoa izan. Oso dramatikoa gerta daiteke egun batetik bestera jende ezezagunarekin elkartzea, ordutegi eta diziplina guztiz ezberdinetara moldatu behar izatea. 

Batzuetan, kosta egingo da etxea espazio gehiago izateko hustu behar izatea, ezta?

Behin seme-alabek alde egiten dutenean, etxebizitzak handiegi geratzen dira. Traste asko eta behar ez diren gauza ugari. Funtzionaltasuna galtzen dute, zaharkituta geratzen dira. Baina bai, alferkeriagatik-edo kostatu egiten da tokia egitea.

 

"Hobe da arazoak heldu aurretik prest egotea"

 

ARANTXA PALACIOS. BERGARAKO ADINEKO KONTSEILUA

Adineko pertsonek bizitzeko dituzten aukera berritzaileak sustatzeaz dihardu bergararrak.

Zergatik dago bogan cohousing kontzeptua?

Gizartea gero eta zaharragoa delako, eta, horrekin batera, bestelako bizikidetza eta zaintza ereduak sortzen ari direlako. Iparrorratza herri zaintzaileagoa eraikitzea izan beharko litzateke, Usurbilen duten ereduaren antzera. Udal mailan horrelako proiektuak kontuan hartzea oso interesgarria dela iruditzen zait. Hori bultzatzen du Adinekoen Kontseiluak. 

Zer iruditzen zaizu oso inportantea?

Ondo zauden bitartean bizimodu normala egiten duzu, eta, askotan, ez duzu pentsatzen zer gertatuko den zailtasunak datozenean: mugitzeko arazoak, etxean laguntza behar izatea edo beste edozein egoera. Eta, orduan, galdera da: nola egin aurre behar horiei? Kontseiluan konturatu ginen herrian dauden aukera asko ez genituela ezagutzen. Normalean, beharra daukazunean hasten zara informazioa bilatzen; bestela, ez dakizu zer dagoen.

Horregatik prestatu duzue adinekoentzako gida?

Bai; herrian dauden zerbitzu guztiak jasotzeko. Jendeak ikus dezan ez dagoela bakarrik eta baliabideak badituela. Laster argitaratuko dugu gida. Besteak beste, honako kontu hauen berri emango du: etxez etxeko laguntza, telezaintza, ke-detektagailuak, laguntza teknikoak, boluntariotzarako aukerak eta herri mailan sozializatzeko dauden bestelako aukerak.

 

Erabilera sozialerako etxeak Arrasaten


Mesedetako proiektuan jasotako kanpoaldearen diseinua.

Debagoienean, martxan dago Arrasateko Mesedetako ikastetxea belaunaldi arteko etxebizitzetarako bideratzeko proiektua. Gazteentzako alokairuzko etxebizitzen eta adinekoentzako tutoretzapeko etxebizitzen egoitza-multzoa izatea dago aurreikusita. Udalak datorren urtean erosiko du eraikin osoa, 3 milioi eurotan, eta asmoa da Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak esku hartzea etxebizitzak egokitzeko lanetan. 

66 etxebizitza

Ekimena ISEA kooperatibako Aitor Orobengoak garatu zuen, Adinberri Fundazioak 2023an argitaratutako dirulaguntza baliatuta. Proposamen arkitektonikoan LKS KREAN kooperatibak eta apartamentuen diseinuan IDarte Euskadiko Arte eta Diseinu Goi Eskolako ikasleek hartu zuten parte. Orobengoak azaldu duenez, ikasgeletan logela bakarreko, biko eta hiruko 66 etxebizitza eraikitzea jasotzen du proiektuak, eta elizaren espazioan egoiliarrentzako eta auzokideentzako zerbitzuak egokitzea: "Espero dugu proposamena aintzat hartuko dutela erakundeek".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak