Puntua aldizkariaren 510. zenbakiko Erreportajea atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Tenperatura leunak eta urte osoan banatutako euria dira hemen daukagun klima atlantikoaren bi ezaugarri nagusi. Hori dela eta, gutxitan gertatu izan dira sute larriak gure mendi eta basoetan. Dena den, gero eta kezka handiagoarekin ikusten dugu nola ari diren ugaritzen azalera handiko suteak Iberiar penintsulan bertan. 260.000 hektarea baino gehiago erre dira udan; Madril, Avila, Toledo, Castello, Almeria eta Huesca izan dira gehien kaltetutako lurraldeak. Debagoienean, eskala txikiagoan bada ere, kiskali dira landa inguruak: Antzuolan bitan –bata martxoaren 21ean, Irimo Barrena auzoan, eta bestea Deskarga mendate inguruan, uztailaren 6an–, Eskoriatzan bitan –ekainaren 23an Fagor Ederlan alboko muinoan, eta irailaren 8an Elgea inguruan–, eta Oñatin beste behin –Gorgomendin, uztailaren 9an–. Azken sute hori faktore klimatiko "nahiko berri" batek piztu zuen, Jon Gaztelumendi Mendiak eta Habitata Kudeatzeko Zerbitzuko atalburuaren hitzetan: "Tximista baten ondorioz sortu ziren sugarrak. Urik gabeko ekaitza izan zen; Mediterraneo inguruan ekaitz lehor bezala dira ezagunak. Hemen, ekaitzak urarekin etorri izan dira, baina aurten, batzuetan ez da hala izan. Beraz, sute-arriskuen kasuistika handitzen ari zaigu".
Haren esanetan, gertaera hura bada hemengo klima "mediterraneartzen" dabilela adierazten duen adibide bat: "AEMETeko zuzendariak aipatu zuen kontzeptu hori, baina ez du esan nahi hemengo klima hangoa modukoa bihurtuko denik, baizik eta prezipitazioak egiteko modua desberdina dela jada. Ikusten ari gara, zaparrada handiak bat-batean, eta, gero, egun askotan euririk ez. Komeni zaiguna da lehengo euri mota, eguneroko zirimiri hori. Hartara, erregaiari ez dio lehortzeko astirik ematen". Kontrakoa ari da gertatzen, eta Gipuzkoa eta Araba arteko mendietan erregaien bitartekoak handitu egin dira. Hain zuzen, Zalduondo eta Larrea (Araba) udalerrietan ezbeharrak izan dira uztailean eta abuztuan.
Teknikariena da agintea
Gaztelumendi buru den Gipuzkoako Foru Aldundiaren operatiboak ere parte hartu zuen Arabako itzaltze-lan haietan, ez baitira Gipuzkoakoez soilik arduratzen: "EAE barruan laguntza emateko ere prest gaude. Gainera, aukera ezin hobea da taldeko kideak prestatzeko eta esperientzia pilatzen joateko". Egoera meteorologikoa kontuan hartuta, abuztua "salbatzen" ibili direla gaineratu du, "sute txikiak handi bilakatzea" eragotzi ahal izan dutelako: "Arabako lankideek, ordea, ez dute zorte bera izan, eta haiekin elkarlanean aritu behar izan dugu, laguntza emanez".

"SUTE BATEAN, IKASITAKOAREN %40 APLIKATZEN DUENAK SEKULAKO LANA EGIN DU"
JON GAZTELUMENDI, OPERATIBOAREN ATALBURUA
Baso-suteak itzaltzeko operatiboa egitura hierarkiko batean oinarritzen da, eta AEBetako Incident Command System (gertakarien aginte sistema, ICS) sistema hartzen dute erreferentziatzat. Sistema horrek larrialdian parte hartzen duten baliabide guztiak aginte-egitura bateratu baten bidez modu ordenatuan, seguruan eta eraginkorrean koordinatzea ahalbidetzen du. Gipuzkoako sistemaren arabera, lehen fasean, sutea oraindik txikia denean, suhiltzaileek egiten dituzte itzaltze-lanak, Mendi Zerbitzuaren laguntzarekin. Suteak dimentsio handiagoa hartzen duenean edo Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuko baliabideak bertaratzen direnean, zerbitzu horrek hartzen du bere gain baso-sutearen zuzendaritza, suhiltzaileekin koordinatuta.
Aginte talde hori baso eta mendi ingeniaritza arloko goi-mailako ikasketak dituzten teknikariek osatzen dute, eta hamasei kidek ematen dute zerbitzu Aldundian. Haien esanetara egoten dira basozainak, dispositiboaren hurrengo katebegia.
Askotariko profilen arteko elkarlana
Gipuzkoan dauden 49 basozainetako bat da Adrian Ugalde arrasatearra. Hain zuzen ere, uztailaren 6ko Deskargako sutean esku hartu zuen: "Aralarko natur parkea da nire jarduera eremua, baina une hartan guardian nengoen eta sutera bertaratzeko abisua jaso nuen. Eskerrak ez zebilela ipar-haizerik, Oñatirantz zabalduko zelako bestela. Zorionez, arratsalderako kontrolatu genuen".
Halakoetan, teknikariek basozainen, suhiltzaileen, urasketako langileen, mendi-enpresetako langileen eta boluntarioen erretenen laguntza izaten dute. Erretenak dira, hain zuzen ere, operatiboaren funtsezko katebegietako bat: "Sute-arriskua dagoenean, mendi-inguruetan ibiltzen gara zaintza-lanak egiten; sutea dagoenean, berriz, basozainen aginduak betetzen ditugu", azaldu du Asier Ingiduak, Agiña izeneko boluntarioen erreteneko kideak. Debagoieneko hori Gipuzkoan dauden hamahiru taldeetako bat da. Erretenen balio nagusia lurraldearekin duten loturan, ingurua ezagutzean eta mendiko lanak egiteko dituzten gaitasunean eta jakintzan datza.
MENDIAK ETA HABITATA KUDEATZEKO ZERBITZUKO TEKNIKARIEK ERABAKITZEN DUTE ZER EGIN BASU-SUTE BATEN DIMENTSIOA HANDIAGOTZEN DENEAN
Esan bezala, operatiboaren beste zutabe bat mendiko lanetan espezializatutako enpresetako langileek osatzen dute; horien artean daude uraskekin –motoponpak– lan egiten duten mendiko kamioilariak. Horietako bat Pedro Egaña oñatiarra da, mendiko lanetan eta baso-suteen itzalketan esperientzia handia duen profesionala. Aginduak bete behar dituztela jakin arren, segurtasunari dagokionez azken erabakia norberak hartu behar duela azpimarratu du: "Horra ezin naiz sartu; horra, berriz, bai… Bakoitzaren ikuspuntua oso garrantzitsua da. Bataren eta bestearen iritziak kontrastatu ondoren, non sartu eta non ez baloratzen dugu".
EGITARAU HIERARKIZATUAN OINARRITZEN DIRA: BASOZAINEK TEKNIKARIEN AGINDUAK BETETZEN DITUZTE, ETA ERRETEN BOLUNTARIOEK, BASOZAINENAK
Azkenik, duela pare bat urte Eusko Jaurlaritzak 1.000 litroko Bambi ontzi batez hornitutako B3+ helikoptero bat alokatu zuen, hiru foru aldundiek erabil dezaten. Antzuolako sutean oso baliagarria izan zen helikopteroaren eta lurreko erretenen arteko elkarlana. Egañak azaldu zuenez, "Urkulun Bambi ontzia urez bete eta sutera itzultzeko joan-etorria minutu gutxian egiten zuen".
Mendia ondoen ezagutzen dutenak
Sute txiki batean, Antzuolakoan bezala, esaterako, 30 lagun inguru aritu daitezke operatiboan. Gaztelumendiren esanetan, "guztiek ondo ezagutzen dute mendia, eta suteetan esperientzia eta prestakuntza dute; horrek segurtasuna eta lasaitasuna ematen du". Funtsean, espezialistak dira: "Badakite azken urteetan zer motatako mozketak, landaketak edo xehaketak egin diren inguruko mendietan; tokiko berezitasun meteorologikoak eta topografikoak ezagutzen dituzte; badakite zer pista dauden irekita, edozein makineria nola erabili eta talde batek, makina jakin batekin, denbora-tarte batean zenbat metroko sasi-garbiketa egin dezakeen. Paisaiari begiratu hutsarekin identifikatzen dituzte erregaiak, kontrol-lerroak eta arriskuak. Gainera, sute-analisian duten prestakuntzari esker, aurreikus dezakete sua noraino irits daitekeen, eremu hori erretzeko zenbat denbora beharko duen eta zer intentsitate izan dezakeen".

"ANTZUOLAKO UZTAILEKO SUTEAN, IPAR-HAIZEA IBILI IZAN BALITZ, OÑATIRANTZ HEDATUKO ZEN"
ADRIAN UGALDE, BASOZAINA
Itzaltze-lanez gain, sutea kontrolatu ondorengo lana ere funtsezkoa da. Antzuolako sutearen kasuan, sua itzali ondoren, beste hiru egunez aritu ziren aktiboki zaintza- eta itzaltze-lanetan, berpizteak saihesteko.
Prestakuntzaren garrantzia
Une erabakigarria iristen denerako ahalik eta prestatuen egon daitezen, hainbat prestakuntza-saio egiten dituzte urtean zehar. Hasierako prestakuntza gisa, 2025ean eta 2026an, Baso Suteen Aurkako Batzordearen gomendioei jarraituz eta hobetuz, operatiboko kide bakoitzaren eginkizun eta ardura-mailari egokitutako prestakuntza eman zieten esperientzia handiko profesionalek.
Apirilean egin ziren praktiketako batean, esaterako, dispositiboko langileak Leintz Gatzagan elkartu ziren, eta, besteak beste, eskuko erremintekin defentsa-lerro bat eraiki zuten eta helikopteroarekin eta uraskarekin elkarlanean jardun zuten. Prozeduren errepaso orokorra ere egin zuten: segurtasun prozeduren erabilera, egoera bakoitzean agintea nork duen eta irrati bidezko komunikazioak nola erabili behar diren gogoratzeko, besteak beste.
KANTAURIAR ISURIALDEAN UDAZKENA ETA NEGURA DIRA SUTEAK PIZTEKO GARAIRIK ARRISKUTSUENAK, LANDAREDIA LEHORRAGO DAGOELAKO
Nolanahi ere, estres-maila ez da bera simulazio batean eta benetako sute batean. Horregatik, gakoa prestakuntza-saioetan ikasitakoa eta entrenatutakoa benetako egoeretan aplikatzeko gai izatea da. Gaztelumendiren esanetan, "kide batek saio horietan ikasitakoaren %40 benetako sute batean aplikatzea lortzen badu, sekulako lana egin du". Era berean, prestakuntzak segurtasunaren ikuspegitik duen garrantzia azpimarratu du: "Larrialdien arloan, istripu gehien gertatzen diren emergentzia-mota baso-suteak dira, baldintza gogorretan, mendi eremuan, pertsona askorekin eta etengabe aldatzen ari den egoeran lan egiten delako".
Neurri eraginkorrak
Duela lau hamarkadatik hona ari dira giza egitura horrekin lanean, eta, Gaztelumendiren arabera, estatistikek erakusten dute oso emaitza onak eman dituela: "Hein batean, administrazio beraren barruan biltzen ditugulako suaren kudeaketaren fase guztiak: prebentzioa, itzalketa, ikerketa eta erretako eremuen leheneratzea". Gainera, estrategikotzat jotzen du suteen prebentziorako neurriak sustatu izana: "Baso mozketak eta gero, zuhaitzen adarrak eta bestelako hondakinak lerro edo kordoietan pilatzea eta bertan usteltzen uztea bultzatzen dugu, lurjabe gutxi batzuen artean oraindik horiek erretzeko ohitura dagoen arren. Neurri horiei esker, 80ko eta 90eko hamarkadetan izaten zen sute kopuru handia murriztea lortu genuen".
Etengabeko zainketa
Udazkena eta negua dira Kantauriar isurialdean suteak pizteko garairik arriskutsuena, eta aurtengoak bereziki arriskutsuak izango direla aurreikusten du Mendi Zerbitzuak, basoko erregaia ohi baino lehenago lehortu delako eta hildako erregai ugari pilatu delako mendian, su hartzeko prest. Izan ere, udan landaretza berdeago mantentzen da, baina neguan sikatzera jotzen du: "Izotza eginez gero, are eta gehiago. Horri gehitzen badiozu hego-haizearen etorrera, landa-eremuetako erreketak kontrolik gabe gertatzeko aukerak handitu egiten dira", gehitu du Pedro Egañak. Alde on bat ere badela esan du Asier Ingiduak: "Gaua heltzen denean, tenperaturek apaltzera jotzen dutela".
Beraz, suteak saiheste aldera, jendeari legedia zorrotz betetzeko eskaera egin diote.
Baimena jasotzean, baldintza guztiak betetzearen garrantzia
Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuak urtean 4.000 erreketa-baimen inguru izapidetzen ditu Gipuzkoan. Basozainek mendian bertan ikuskatzen dituzte eskaera horiek guztiak.
Suteak gertatzen direnean, ebidentzia eta ezagutza zientifikoetan oinarritutako ikerketak egiten dituzte. Emaitzek erakusten dute baso- suteen ohiko arrazoietako bat erreketa egiteko baimenaren baldintzak ez betetzea dela; esaterako, sua piztu ondoren behar besteko zaintzarik ez egitea.
Izan ere, erreketa-eremuak egun batzuk igaro ondoren berpiztu daitezke, eta, behar bezala kontrolatzen ez badira, baso-sute bat eragin dezakete.
Erreketa bat ehuneko ehun segurua izan dadin, pauso hauek jarraitu behar dira:
1. Lurjabe batek hondakinak erre nahi baditu, baimena eskatu behar dio basozainari, harekin zuzenean harremanetan jarrita.
2. Basozaina eremura bertaratzen da, tokia aztertzeko eta zer, non eta nola erre behar den azaltzeko.
3. Baimena jasotzean, eskatzaileak hainbat baldintza bete behar ditu; besteak beste, erreketa egingo duen egunean ea baimenduta dagoen kontsultatu beharko du.
4. Sua erabat itzali arte behar bezala zaindu beharko du.
"Basoa maite dugulako gara boluntario"
ASIER INGIDUA. BASO-SUHILTZAILE BOLUNTARIOA

Eskoriatzako zazpi kidek baso-suteak itzaltzeko Agiñak izena duen taldea sortu zuten 1996an. Asier Ingidua (Aretxabaleta, 1976) da haietako bat.
Zerk eraman zintuzten saltsa horretan sartzera?
Baserri-munduarekiko atxikimenduak. Badakigu lursailen ezaugarriak zeintzuk diren, eta horiek babestearen aldeko jarrera dugu. Natura zaintzearren gara baso-suhiltzaile boluntarioak, eta gustura gaude egiten dugun lanarekin.
Zuen ekarpena errekonozitua dagoela esango zenukete?
Faltan sumatzen dugu notizietan erreten edo boluntarioei aipamena egitea. Ziur asko, jendeak ez daki boluntarioak garela lan handiena egiten dutenak, kearen gainean gaudenak.
Sutea dagoela abisatzen dizuetenean, nola jokatzen duzue?
Sute-arriskua dagoenean, buzoak autoan izaten ditugu, eta tresna guztiak puntu konkretu batean. Sutea Debagoienean gertatu bada, berehala abisatzen digute irratitik. Bost minutuan egoten gara prest.
Ze tresna erabiltzen dituzue?
Eskuzko erreminta asko: lurra kolpatzeko su-palak, su-mozteak egiteko aitzurrak, motxilan 17 litro ur eramateko matabiak, narrak mozteko aihotza... Ur-aska ere badugu eskura, kamioi bat.
Zer egin behar da halako talde bat sortzeko?
Bi asteburu inguruko ikastaroa jaso behar da, Aldundiko teknikariek eta basozainburuek ematen dutena.
