2026-2027ko ikasturtea hasi dute aste honetan Euskal Autonomia Erkidegoko milaka ikaslek, eta Debagoienean ere ikasgeletara itzultzeko momentua iritsi da. Hezkuntza publikoko eta Kristau Eskolako ikastetxeetan astelehenean hasi zuten ikasturtea, baita Txantxiku eta Aranzadi ikastoletan ere. Arizmendin, berriz, eguaztenean hasi zituzten eskolak, baita Eskoriatzako Luis Ezeizan eta Jose Aranan ere. Joan den urtearekin alderatuta, bailarako derrigorrezko hezkuntzako matrikulazioetan aldaketak eman dira. Jaiotze-tasaren jaitsierari aurre eginez, aurten HH-n pasa den urtean baino 23 matrikulazio gehiago daude. Beste bi etapetan beherakada nabaritu da: LH-n 20 matrikulazio gutxiago daude eta DBH-n berriz, 171 gutxiago.

Lehen eguna berezia izaten da ikasleentzat, baita familientzat ere, eta Aretxabaletako Kurtzebarri Eskolan lehen unetik umore onez eta gertutasunez ekitea helburu dutela dio Amalur Garitonandiak, hango ikasketa-buruak. Horretarako, modu berezian egin zioten harrera aurten ere ikasturte berriari; irakasleak mozorrotuta eta musikarekin iritsi ziren, eskola ondoko jolastokian jarritako alfonbra gorrian desfilatuta. Horren ondoren, patioan elkartu eta koreografia egin zuten, guztiek elkarrekin.
Ikastetxeko atarietan, pozarekin batera urduritasuna izaten da protagonista. Agurtzane Mujikak, Arizmendi Ikastolako Pedagogia arduradunak, aipatu du emozioak borborka egoten direla eta lehen egun horiek asko zaintzen saiatzen direla, haurrak berriro konfiantza hartu eta ikastolara bueltan eroso senti daitezen.
Behin ikasturtea martxan jarrita, askotarikoak dira ikastetxe bakoitzaren erronkak; hala ere, inklusioa eta berdintasuna dira guztietan errepikatu diren ardatzak. Izaskun Marton eta Ana Bodes Elkar Heziko zuzendari akademikoa eta komunikazio-arduraduna dira. Haiek azpimarratu dute ezinbestekoa dela testuingurua ulertu, onartu eta horren araberako erronkak ezartzea. Jaiotza-tasaren jaitsiera eta migrazio mugimenduen harira, aniztasuna eta inklusioa lantzearen garrantzia balioetsi dute: "Bizikidetza ahalik eta onena izan dadin". Garitaonandiak gehitu du, inklusioa erdigunean izanda, Kurtzebarriren lema bihotzez ikasi dela.
Ikasturteko lehentasunak
Begoña Pedrosa EAEko Hezkuntza sailburuak Mendiko Eskola HLHI bisitatu zuen astelehenean, Amurrion, eta adierazi zuen ikasturte berri hau lau lehentasun nagusiren inguruan egituratuko dela: irakurmen, matematika eta zientziarako konpetentziak hobetzea; euskara eta eleaniztasuna; ongizatea, bizikidetza eta hezkidetza; eta ikastetxeek eta irakasleek laguntza egonkorra izatea. EAE osoan aurten 280.386 ikasle izango dira HH, LH, DBH eta Batxilergoan, aurreko ikasturtean baino, 12.291 ikasle gutxiago
PISA: erantzun kaxkarrak
OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak hiru urtean behin egiten duen PISA txostena kaleratu dute, eta emaitzetan beherakada nabarmena izan da, mundu osoan. Joera hori ere izan da Hego Euskal Herrian: ikasleek behera egin dute zientzietan, matematikan eta irakurketan. Kezkatuta dago Pedrosa emaitza horiekin: "Ez dira nahi ditugun datuak; ez dira onak. Ikasketa gaitasuna galdu dugu". Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek 419 puntu lortu dituzte irakurketan, eta 2022an 466 izan ziren; zientzietan, 459 puntu –2022an, 480 puntu–, eta matematikan 460 puntu –2022an, 482 puntu–.