Abuztuaren 12an gertakari historikoa izango da gurean: Eguzkiak, Ilargiak eta Lurrak lerrokatze perfektua osatuko dute, eklipsea eraginez. Ikusmin handia sortu du gaiak, eta eguzki-eklipse segurtasunez behatzeko Eusko Jaurlaritzak gomendio sorta argitaratu du Eklipsea ikusteko lekurik onena zu zauden lekua da lelopean. Azpimarra, gehienbat, ISO 12312-2 arauaren arabera homologatutako betaurrekoak erabiltzean eta behaketa egiteko gertuko leku bat aukeratzean egin dute.
Homologatutako betaurrekoak bakarrik
Eklipsea ikusteko, berariaz eguzkia behatzeko prestatutako, eta ISO 12312-2 arauaren arabera ziurtatutako betaurrekoak erabiltzea gomendatzen da. Homologatutako betaurrekoekin ere, ez da gomendatzen Eguzkiari jarraian 45 segundo baino gehiagoz begiratzea. Behaketa tarte laburretan egitea eta atsedenaldiak hartzea komeni da. Ohartarazi dute, eguzkiari zuzenean babes egokirik gabe begiratzeak erretinan kalte larriak eragin ditzazkela.
Gaineratu dute eguzkitako betaurreko arruntek, erradiografiek, negatibo fotografikoek edo beira belztuek ez dutela behar besteko babesik eskaintzen. Erabili aurretik, gainera, betaurrekoek CE marka eta erabilera argibideak dituztela egiaztatzea gomendatzen da, baita atzamarkadarik, pitzadurarik edo bestelako kalterik ez dutela ziurtatzea ere.
Prismatikoekin, teleskopioekin edo argazki-kamerekin ere ez da zuzenean Eguzkiari begiratu behar, tresna horiek argia kontzentratzen dutelako eta begietako kalteak izateko arriskua handitzen dutelako. Horrelako tresnak erabiltzekotan, eguzki-iragazki ziurtatuak dituztenak baino ez dira erabili behar.
Ahal den heinean, joan-etorriak ekidin
Joan-etorriei dagokienez, eklipsea behatzeko gertuko lekuren bat aukeratzea gomendatzen da, beharrezkoak ez diren mugimenduak eta sortu daitezkeen pilaketak saihesteko. Beste leku batera joatea erabakitzen dutenek bidaia aldez aurretik planifikatzea, aukeratutako lekura garaiz iristea eta itzulera modu mailakatuan egitea gomendatzen da.
Abuztuaren 12an, gainera, denbora luzez Eguzkiaren eta beroaren eraginpean egon beharra saihestea gomendatzen da. Horretarako, eguzkitako krema erabiltzea eta behar bezala hidratatzea komeni da. Haurrei, adinekoei eta pertsona zaurgarriei arreta berezia jartzeko abisua eman dut.