Debagoienean ere ikusi ahal izango da lerrokatze perfektua

Mireia Bikuña 2026ko ekainaren 9a

Eguzki-eklipsea, ia maximoaren unean. (Argazkiak: Josu Gonzalez, Wikipedia, Star Walk, El Gran Observatorio, ESA)

Oso pertsona gutxi izango dira abuztuaren 12an eguzki-eklipse oso bat egongo dela ez dakitenak. Urtean bitan gertatzen den fenomenoa da hori, baina abuztukoa etxetik bertatik ikus ahal izango da leku askotan; baita gure bailaran ere. Hain zuzen ere, horrek egiten du berezi lerrokatze perfektua. Osotasunaren banda 290 kilometrokoa izango da, eta Arrasate, Oñati, Leintz Gatzaga, Aramaio, Aretxabaleta eta Eskoriatza gune horren barruan sartzen dira; Antzuola, Elgeta eta Bergara, ez.

Astronomia-zale izan edo ez, guztiok dakigu abuztuaren 12an zer-nolako fenomenoa gertatuko den zeru gainean: eguzki-eklipse osoa. Urtean bitan eratzen dira horiek, Ilargia Lurraren eta Eguzkiaren artean jartzen denean eta Eguzkiaren argia osorik edo zati batean estaltzen duenean. Abuztuaren 12koa eklipse osoa izango da, Ilargiak Eguzkia guztiz estaliko duelako. Hori guztiori kontuan hartuta, eta urtean bitan geratzen den fenomenoa izanik, zergatik sortu du horrenbesteko oihartzuna oraingoak? "Guretzat oso inportantea da data, ia etxetik bertatik ikus ahal izango dugulako. Debagoieneko herri gehienetatik ikus ahal izango da eklipsearen osotasuna. Halako fenomeno bat gurean ikus ahal izan zen azken aldia 1905eko abuztuaren 30ean izan zen, eta hurrengoa 2183an izango da. Bi data horiek kontuan hartuta, benetan antzeman daiteke abuztuko eklipseak duen garrantzia. Abuztuan herritar gehienak oporretan egongo gara; beraz, ez dugu aitzakiarik ez ikusteko", azpimarratu du Ilatargi Astronomia Taldeko kide Josu Gonzalezek.

EKLIPSEAK URTEAN BITAN GERTATZEN DIRA, BAINA ABUZTUKOA BEREZIA IZANGO DA, IBERIAR PENINTSULA ZEHARKATUKO DUELAKO, MENDEBALDETIK SARTUTA

Debagoienean ikusteaz harago, abuztuko eklipseak badu beste ezaugarri bat: lerrokatze perfektua izango da. Hori gertatzeko, Eguzkiak, Ilargiak eta Lurrak ia lerro berean egon behar dute, eta ez da beti gertatzen, Ilargiaren orbitak bost graduko inklinazioa duelako. "Eguzkieklipsearen osotasun-bandaren erdian dauden lekuetan ikusi ahal izango da lerrokatze perfektua, eta eklipsearen iraupena askoz handiagoa izango da. Adibidez, Lerma (Burgos) dago gune horren erdian. Minutu eta berrogei segundo iraungo du eklipseak. Debagoiena osotasuna gertatuko den gunean sartzen da, baina ez osorik. Antzuola, Elgeta eta Bergara kanpoan geratuko dira. Beraz, eguna ilundu egingo da, ia %99,99raino, baina ez du osotasuna harrapatuko. Bailarako gainerako herrietan hobeto ikusi ahal izango da, baina iraupen txikiarekin", dio Gonzalezek.

Lurraren planoarekiko bost graduko inklinazioarekin orbitatzen du Ilargiak Lurraren inguruan. Horregatik, haren itzala Lurraren gainetik edo azpitik pasatzen da. Bi planoak gurutzatzen diren puntuei nodo esaten zaie; Ilargiak nodo horiek hilero zehartzen dituen arren, hiru astroak ondo lerrokatzen diren unean bakarrik gertatzen da eklipsea.

Mendebaldetik

Abuztuaren 12ko eguzki-eklipsea Alaskan hasiko da, 07:30 aldera. Laptev itsasoa, Ipar Poloa eta Groenlandia zeharkatu ostean, Iberiar penintsulara helduko da, Ozeano Atlantikotik. Mendebaldetik hego-ekialderako ibilbidea egingo du: Coruña, Lugo, Asturias, Leon, Burgos, Bilbo, Gasteiz, Errioxa, Zaragoza, Teruel,  Mediterraneoko kostaldea eta Balearrak. 290 kilometroko osotasun-gunea izango du. Horren barruan sartzen da Debagoiena. Beheko mapan ikusten den moduan, Elgeta, Antzuola eta Bergara gunetik kanpo geratuko dira, eta Oñati, Arrasate, Aramaio eta Leintz aldea barruan. "Beti da polita norbere etxean halako fenomeno bat ikustea, baina osotasun-guneak markatzen du zenbateraino ikus daitekeen leku bakoitzean. Oñatitik eta Arrasatetik Leintz Gatzagaraino, Aramaio barne, ondo ikusi ahal izango da eguzki-eklipsea, baina iraupen oso txikia izango du. Apenas segundo batzuk. Beraz, Debagoienean ikusiz gero, adi-adi egon beharko dugu; eta, bestela, onena da osotasun-gunearen erdigunetik ahalik eta gertuen egotea". Izan ere, eguzki-eklipse bat ez da nonahi ikusten. Ilargiaren itzala proiektatzen den leku zehatzetan bakarrik goza daiteke. Alegia, osotasun-bandaren barruan dauden lekuetan.

"IKUSI BEHARREKO FENOMENOA DA, EZIN DUGU GALDU; IZAN ERE, EZ DA ERREPIKATUKO" JOSU GONZALEZ, ILATARGI ASTRONOMIA TALDEKO KIDEA

Debagoienean eta EAEko hainbat lekutan egun berezia izango da. Astronomia-zaleendako eta astronomoendako, askoz bereziagoa. Osotasun-bandaren barruan sartzen diren bailarako herrietako bizilagunentzako aholku bat dauka Josu Gonzalezek: "Arrasaten, abuztuaren 12an, eguzki-eklipsearen maximoaren orduan, 20:30 inguruan, Eguzkia zazpi gradu inguruko altueran egongo da zerumugatik. Eguneko gainerako orduetan, haren inklinazioa 62 gradu ingurukoa izango da eguerdian –13:30 inguruan–, eta hura sartzeraino jaisten joango da. Horregatik, Debagoienean eklipsea ikustera doazenentzat, kontuan hartu beharreko aholku bat: altuerako lekuren batera igo behar dute eklipsea ikustera. Herrian geratzen badira, ezingo dute ikusi".

Babesa erabili

Eguzkira babes egokirik gabe begiratzeak, baita eklipse batean ere, erredurak eragin ditzake erretinan, eta ikusmena kaltetu dezake. Hori horrela, zeruko fenomenoa bezain protagonista izan behar du ikusmen-segurtasunak. Eklipsebetaurreko homologatuak –ISO 12312-2 araua dutenak– edo eguzki-iragazki ziurtatuak soilik erabili behar dira; inoiz ez eguzkitako betaurrekoak, erradiografiak edo etxeko beste metodo batzuk. "Babesgarri homologatuak erabiltzea ezinbestekoa da. Begiek ez dute minik sentitzen erretzen ari direnean. Babesa kendu dezakegu eguzkia %100 estalita dagoenean; eta berriro ipini behar dugu lehen ilargi erdia agertzen denean", azaldu du Ilatargi taldeko kideak. Reflex-kamera erabiltzen dutenek ere kontua handia izan beharko dute: ezin dute iragazkirik gabeko bisore optikotik begiratu; izan ere, ispiluak eta prismak lupa batek bezala kontzentratzen dute argia, eta erretina erretzeraino hel daiteke.

EKLIPSEAK URTEAN BITAN GERTATZEN DIRA, BAINA ABUZTUKOA BEREZIA IZANGO DA, IBERIAR PENINTSULA ZEHARKATUKO DUELAKO, MENDEBALDETIK SARTUTA

Eklipsea zeharkako metodoekin behatuko dutenak ere egongo dira: kartoi zulatuarekin, kaxa estenopeikoarekin edo teleskopioa pantaila zuri batean proiektatuta.

Abuztuaren 12ko eguzki-eklipsearen ondoren, Ilargiak bere orbita-ibilbidea egiten jarraituko du. Lurraren atzean jartzen denean, hiru astroak lerrokatuta egongo dira oraindik, eta ilargieklipse bat gertatuko da abuztuaren 28an; hain zuzen, partziala izango da, eta Ilargiaren %93 estaliko da.

Ribabellosan, 1860an

Abuztuaren 12an, 20:28.10ean erabat ilunduko du Gasteizen. Araba osoa sartzen da osotasunaren bandan, 1860ko uztailaren 18an izandako eguzki-eklipsearen moduan. Orduko fenomenoak nazioarteko espedizio zientifikoak erakarri zituen, eta Gasteizko Santa Luzia muinoan –gaur egun, Los Astronomos auzoa– Europako hainbat naziotako misioak instalatu ziren. Oroimenezko monolito batek gertaera hura gogorarazten du: Eremu honetan kokatu ziren 1860ko uztailaren 18an izan zen eguzkieklipse osoa aztertzeko hainbat naziok bidalitako misio zientifikoak. Arabako hiriburuaren kale-izendegian irauten duen ondarea da; izan ere, gasteiztar asko Los Astronomos auzoan bizi dira gaur egun, haren izena zerua behatzeko Santa Luzia muinoa aukeratu zuten misioei zuzeneko omenaldia dela jakin gabe.

Aldi berean, Warren de la Rue britainiarrak Ribabellosa aukeratu zuen bere behatokia instalatzeko, eta, Kew behatokiko (Ingalaterra) foto-heliografo batekin, eklipse oso baten 40 argazki baino gehiagoko lehen serie sistematikoa hartu zuen, Ilargiaren gainean ebakitako eguzki-gailurrak erakutsi zituzten plakak barne. Irudi haiek frogatu zuten protuberantzia gorrixkak eguzki-fenomenoak direla, eta ez ilargi-fenomenoak; eztabaida zientifiko handi bati irtenbidea eman zitzaion, astronomia irauli zuen, eta Euskal Herria XIX. mendeko zientziaren munduko mapan jarri.


Eguzki-eklipsea betaurrekoekin ikusten.

Erlatibitatearen Teoria

ALBERT EINSTEINEK XX. MENDEAREN HASIERAN EGINDAKO ERLATIBITATEAREN TEORIA BERRETSI ZUEN ARTHUR EDDINGTONEK EKLIPSE BATEKIN, 1919AN

Zientziaren aurrerapenerako funtsezko tresnak izan dira eklipseak. Eguzki-eklipse oso batean, Ilargiak Eguzkiaren gainazal distiratsua estali eta koroa agerian uzten du. Fenomeno hori izan zen koronografoa sortzeko ezinbesteko inspirazio-iturri: tresna horrek eklipse bat simulatzen du, eta izarren inguruko objektu ahulak; adibidez, exoplanetak esploratzeko aukera ematen du. Ikusezina ikusgai egiteko modua, alegia.

Albert Einsteinek XX. mendearen hasieran egindako Erlatibitatearen Teoriak fisika irauli zuen, espazioa eta denbora absolutuak ez direla frogatuta. Bada, 1919an, Arthuer Eddingtonek Einsteinen teoria berretsi zuen, eklipse batean: izarrak ez daude beti dirudien tokian, Eguzkiaren grabitateak argia kurbatu eta izarren itxurazko posizioa aldatzen baitu.

Hitzaldiak Bergaran

Abuztuaren 12ko ezohiko fenomenoaren harira, Jakindari osatzen duten erakundeek – Laboratorium museoa tarteko–, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin elkarlanean, zientziadibulgazio programa ibiltaria egiten dihardute. Horren baitan, eklipseen gaineko informazio zabala jasotzen duen Bi ilunabarreko eguna erakusketa izan da protagonistetako bat. "Eklipsea aitzakia da herritarrei zientziarekiko eta astronomiarekiko jakin-mina pizteko eta, horren bitartez, gure ingurunea ezagutzeko", esan zuen erakusketaren inaugurazioan Laboratorium museoko zuzendari Rosa Errazkinek.

Informazioa zabaltzen jarraitzeko, bi hitzaldi egongo dira Laboratoriumen: ekainaren 11n, Eklipseak eta asmakizunak delakoa, Doktoretza Ondoko ikerlari Mikel Falxaren eskutik, 18:30ean; eta uztailaren 4an, Eklipseak: astroak ezkutaketan, jolasten, Ilatargi Astronomia taldeko Josu Gonzalezekin, 18:30ean. Hasi da atzerako kontaketa. Gaur, ekainaren 5a da; 68 egun geratzen dira egun handirako. 

Lau fase izango ditu eta bi ordu iraungo du

Hasiera Ilargia
Eguzkiaren aurrean sartzen hasten da, eta Eguzkiaren ertzean mokadu txiki bat agertzen da. Ia ordubete behar du Eguzkia estaltzeko.

Diamantezko Eraztuna
Osotasunaren aurretik Eguzkiak igortzen duen azkeneko argibristada, eta osotasunaren osteko lehena.

Bailyren Perlak
Ilargiaren mendiak eta haranak zeharkatzean sortzen dituen puntu distiratsuak, Francis Bailyren omenez izendatuak.

Osotasuna
Eguzki-koroa baino ez da ikusten: zerua ilundu egiten da, planetak eta izar distiratsuak agertzen dira, eta hoztu egiten du.

Abuztuaren 12ko eguzki-eklipserako kontuan hartu beharreko batzuk

• Eguzkira babes egokirik gabe begiratzeak erredurak eragin ditzake.

• Eklipse-betaurreko homologatuak –ISO 12312-2 araua dutenak– eta EDP eguzki-iragazki ziurtatuak soilik erabili behar dira.

• Betaurrekoak kendu daitezke Ilargiak Eguzkia %100ean estaltzen duenean eta zerua erabat iluntzen denean.

• Ez erabili eguzkitako betaurrekoak, erradiografiak edo etxeko beste metodoren bat.

• Reflex-kamera erabiltzen dutenek ezin dute iragazkirik gabeko bisore optikotik begiratu.

• Zeharkako metodoak erabili daitezke: kartoi zulatua, kaxa estenopeikoa edo teleskopioa pantaila batean proiektatua.

• Eguzki-eklipsea Alaskan hasiko da, 07:30ean.

• Iberiar penintsulara Ozeano Atlantikotik sartuko da eta mendebaldetik hego-ekialderako ibilbidea egingo du.

• 290 kilometroko osotasun-banda izango du.

• Ia Debagoien osoa osotasunaren bandan sartuko da; Antzuola, Bergara eta Elgeta kanpoan geratuko dira.

• Azken horietan ia %99,99raino ilunduko du, baina osotasuna harrapatu barik.

• Arrasaten, eguzki-eklipsearen maximoaren orduan, Eguzkia zazpi gradu inguruko altueran egongo da zerumugatik.

• Eklipsea Debagoienean ikusi gura dutenek altuerako lekuren batera igo behar dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak