40 gradura bizitzeak dakarrena: beroaren zama osasunean eta pertsonen ongizatean

Xabier Urtzelai 2026ko uztailaren 28a

Arrasateko Zarugalde kaleko farmaziako fatxadan dagoeneko termometroa, 40 graduko tenperatura adierazten.

Inoiz ez du horrenbeste berorik egin ekainean Debagoienean, eta erregistroak daudenetik beroaldiak ez du inoiz horrenbeste iraun. Tenperatura altuek kaleak hustu dituzte, etxe barruak berotu eta lanerako, kirolerako zein aisialdirako baldintzak zaildu. Baina beroa ez da deserosotasun hutsa: osasunean eragina izan dezake; bereziki, haurrengan, adinekoengan eta gaixorik daudenengan. Eta etorkizunean ez du hobera egingo duen itxurarik.Testua: Xabier Urtzelai Atxa. Argazkiak: Goiena.

Arrasateko estazio meteorologikoak ekainean inoiz erregistratutako tenperatura altuena erregistratu zuen hilaren 24an: 41,9 gradu. San Juan suko garren beharrik gabe, Arrasate –eta Debagoien osoa– urtu egin zen egun hartan. Erregistroak daudenetik Arrasaten ekainean jaso den tenperaturarik altuena da hori. Elorregin, ekainaren 22an, erregistratu zen tenperatura altuena, 41,6 gradu. Oñatin, ekainaren 23an, 40,8 gradu egin zituen eta Urkulun, ekainaren 23an eta 24an 40,5 gradura heldu zen termometroa. Beste datu esanguratsu batzuk ere utzi ditu aurtengo ekainak; esaterako, gurean hiru egunetan erregistratu ziren 40 gradutik gorako tenperaturak. Eta aurreko hamar urteetan behin bakarrik gertatu zen hori, 2018ko ekainaren 18an: 41,3 gradu. 

Puntua aldizkariaren 508. zenbakiko Erreportajea atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Hala, aste hauetan tenperatura altuak izan dira hizpide, baina baita bero boladaren iraupena ere. Euskalmeten arabera, ekaineko bero boladak hamaika egun iraun zuen, eta, maila horretara iritsi gabe, baina uztailean ere tenperatura altuak izan dira… Horrek, noski, arlo askotan izan du eragina.

Beroaldia larrialdi zerbitzuetan

Debagoieneko ospitaleko larrialdi zerbitzuetako mediku Ane Alberdik nabarmendu du beroaldiak eragin zuzena izan duela, bereziki, lehenagotik gaixo zeuden pazienteengan. "Pertsona nagusiak dira zaurgarrienak, bakarrik bizi den jendea... Eta, horrekin batera, baita gaixotasun kronikoak dituztenak ere: bihotz arazoak dituztenak, biriketako edo giltzurrunetako arazoak dituztenak... Pertsona horien artean izan ditugu zorabio kasuak, konorte galerak, hipotentsio kasuak, desorientazioa... Eta, euren gaixotasunari begira ere, beroaldiak ez du laguntzen".

"EKAINEAN KONTURATU GARA GENITUEN PROTOKOLOAK EZ DIRELA NAHIKOA IZAN"
OLATZ ETXABE, ABAROAKO ZUZENDARIA

Hala, Osakidetzak 2026ko Bero Plana argitaratu du. "Helburua da profesionalen eta pazienteen osasuna bermatzea. Horrekin batera, nahiz eta jendeak ezagutu ez, Osakidetzak badu Osasun Eskola izeneko egitasmoa, eta bertan beroari aurre egiteko gomendio mordoa jasotzen dira, bai orokorrak eta baita, esaterako, haurrendako edo pertsona nagusiendako gomendio zehatzak ere", dio Alberdik.

Adi pertsona nagusiekin

Alberdik aipatu duenez, halako beroaldiak daudenean edadetuak dira gertutik zaindu beharreko giza taldeak. Ondo daki hori Arrasateko Iturbide egoitzako zuzendari Olatz Etxabek. "Ekaina izugarria izan da. Lehendik geneuzkan protokoloak ez dira nahikoa izan. Iturbide egoitzako solairu guztietan ez dugu aire giroturik, eta gure asmoa bada denean jartzea, baina, horretarako, lehenago leihoak aldatu egin behar dira... Tira, kontua da sanjuanetako astean ikusi genuela zer zetorkigun, eta erabaki genuen aparteko instalaziorik behar ez duten bost aparatu jartzea, pinguino zenekoak. Izan ere, etxe barruan 30 gradura geunden. Eta aparatu horiek nik uste nuena baino eraginkorragoak izan dira; horiekin ondo hoztu ahal izan ditugu zenbait gune, esaterako, jangela eta egongela, eta jendea erosoago egon ahal izan da bertan.

"NAGUSIEK GEHIAGO SUFRITZEN DUTE; BEREZIKI, GAIXOTASUN KRONIKOAK DITUZTENEK"
ANE ALBERDI, DEBAGOIENEKO LARRIALDIETAKO MEDIKUA

Etxabek dio egun batzuetan Iturbidetik irten ere ez zirela egin asko. "Bero harekin ez zegoen inora joaterik. Goizeko freskotasuna aprobetxatzeko, lehenengo solairuko terrazara irten izan da jendea, baina pertsona nagusi batzuk prestatzeko denbora behar izaten dugu, eta gertu zeudenerako terrazan ere bero egiten zuen". Etxaberen esanetan, halako egunetan arreta areagotu egiten dute. "Nagusiei sarriagotan ematen diegu ura, bestela ez dute urik edaten. Kanpora irten behar badutem krema eman, txapelak eraman ditzatela... Baina 26 urte daramatzat Iturbiden lanean, eta ez dut halakorik bizi izan". 

Jendea, hotz bila

Azken hilabetean zaharren egoitzetatik jaso dituen dei mordoak harritu du Hotz-Bero klimatizazio enpresako arduradun Gorka Arrese. "Eskoriatzan, Bergaran, Beasaingo zahar etxean ere egon gara, eta baita tutoretzapeko etxeetan ere. Maiatzetik hona sekulako eskaera pila izan dugu, aurreko urteetan baino handiagoa", dio eskoriatzarrak. "Azken batean, guk kanpaina domestikoa deritzoguna da etxebizitza partikularretan egiten duguna, eta bai, urtero gora egiten dute eskaerek, baina, esan moduan, aurtengoa olatua izan da. Duela hiru hamarkada, lantegietan, komertzioetan, bulegoetan... egiten genituen instalazioak. Kontua da jendea ohitu egin dela lanean eroso egoten, autora sartzen garenean aire girotua izaten, tabernara joan eta kafe bat gustura hartzen, eta gero, norbere etxera etorri, eta egiten duen beroaz ezin lorik egin. Jendeak hotza eskatzen digu, horixe gura dute etxean, eta are gehiago azken hilabetean egin duen beroa dela eta".

"GAUR EGUN, HAIZE GIROTUKO APARATUAK OSO EFIZIENTEAK DIRA, ETA ISILAK" GORKA ARRESE, HOTZ-BERO ENPRESAKO ARDURADUNA

Arreseren esanetan, bereziki aire girotuko gailuek 2000. urte inguruan aurrerapauso handia eman zuten efizientziaren ikuspuntutik, eta gaur egun denetariko eskaintzak dituzte. "Etxebizitza guztietan, akaso, ezin da aire girotuaren ohiko instalazio bat egin, edo ez da momentu egokia. Etxearen kanpoaldean jarri behar den aparaturako ez dagoelako lekurik –balkoietan jarri behar dituzte, fatxadetan eta teilatuetan ezin daitezkeelako jarri–, etxe barruan obra handia egin behar delako, edo ekonomikoki ez delako momentu aproposa. Baina badaude beste alternatiba batzuk; esaterako, pinguino moduan ezagutzen ditugun aparatu mugikorrak. Ez da gailu efizienteena, edo isilena, baina, batzuetan, alternatiba ona izaten da, eta ekonomikoagoa". 


Aire girotuko 'pinguino' deritzon gailu bat.

Energiaren dependentzia handiegia

Aitor Axpe arkitektoa eta Barne Diseinuko irakaslea da. Aretxabaletarrak dio azken urteotan energiaren bidez saiatzen garela etxebizitzak berotzen ala hozten, baina badirela bazterrean utzi diren, eta kontuan hartzekoak diren, egiteko beste modu batzuk. "Gure klima aldatzen dabil, eta gure arbasoek etxebizitzak egiteko orduan erabiltzen zuten arkitektura bioklimatikora bueltatu beharko genuke. Gaur egun, botoi bati sakatu eta energia bidez saiatzen gara etxebizitzak berotzen edo hozten, eta lehen, beste elementu batzuk izaten zituzten kontutan. Baina energiaren prezioa garestitu egin da, eta tenperatura geroago eta beroagoak ditugu; orduan sortu dira arazoak".

"GURE ARBASOAK ETXEAK EGITEKO ARKITEKTURA BIOKLIMATIKOAN OINARRITZEN ZIREN" AITOR AXPE, ARKITEKTOA

Arkitektura bioklimatikoa eraikinak tokiko klimara egokituz diseinatzeko modua da. Helburua ez da energia gutxiago kontsumitzea soilik; batez ere, etxebizitza edo eraikin bat berez erosoagoa izatea da, eguzkia, haizea, itzala, orientazioa, materialak eta inguruko landaredia aprobetxatuz. "Modu sinplean esanda, gure planetan lau klima mota ditugu, eta gurea orain arte izan da klima epela, hotzeranzko joerarekin. Baina hori aldatzen dabil, eta pasatzen ari gara klima epelera, baina berorako joerarekin. Eta, horrela jarraitzen badugu, klima beroa izatera pasako gara, beroa eta hezea. Orain arte, gure arbasoek negu gogorrak izaten zituzten, eta uda leunak. Baina orain, negu leunak izatera pasa gara, eta uda gogorrak. Eta horrek aldaketak eskatzen ditu etxebizitzak diseinatzeko orduan, eta baita gure herrietako kale eta plazak diseinatzerakoan ere". 

Horren harira, Axpek dio estrategia berriak behar direla. "Eguzkitik babestu behar dugu. Arrasateko alde zaharra zergatik da gainontzeko guneak baino freskoagoa? Eguzkia ez delako bertara sartzen; kale estuak dira, gune hermetikoa da. Gaur egun, eredua da kale zabalak egitea, argitsuak, eta zuhaitz guztiak moztu egin ditugu; isla efektua sortzen da horrela. Zuhaitzak ureztatu egin behar dira, lana ematen dute, ados, baina kontrol termikoa egiten laguntzen dute, itzala ematen dute; horregatik dira garrantzitsuak". Eta, gainera, jendeak galdu egin ditu etxeak fresko mantentzeko ohiturak. "Orain, aire girotua jartzen dugu martxan, baina lehen, etxea ondo aireztatzen genuen, eta horretarako ere garrantzitsua da etxeen orientazioa zein den jakitea, gaueko haize freskoa bilatu, leihoak irekita lo egin…".

"LEGE BATEK ARAUTU BEHARKO LUKE BEROALDIETAN LAN ARLOAN ZELAN JOKATU" AMAGOIA LASAGABASTER, ELA-KO ORDEZKARIA

Pentsa daiteke Andaluziako garai bateko etxeen eredua izan daitekeela aproposa beroari aurre egiteko. "Baina guri ez digu balio; arabiarrek euren arkitekturan ura erabiltzen zuten asko, patio iturridunak, ura bideratzen zuten freskotasuna lortzeko; lurrun efektua bilatzen zuten, eta hori klima sikuetan lagungarri da, baina guk hezetasun handia dugu, onddoak eta lizuna baino ez genituzke lortuko. Gurea klima azpitropikal hezeko eredutik dago gertuago, etxebizitza luzexkak, haize dominantea aurkitu, fatxada irekiak haizea sartzeko eta hezetasuna ateratzen laguntzeko, teilatu handiekin… Eta, horrekin batera, ze material erabiltzen den ere garrantzitsua da. Gaur egun, oso material sintetikoak erabiltzen ditugu; isolatzaile lana egiten dute, baina ez dute prozesu higrotermikoa ahalbidetzen –eraikin batean beroaren eta hezetasunaren arteko portaera bateratua–".

Lantokietan neurri eraginkorrak

Beroaldiak dagoeneko ez dira salbuespena, eta, horren ildora, neurriak hartu behar direla nabarmendu du ELA sindikatuko ordezkari Amagoia Lasagabasterrek. "Osalanek gomendioak ematen ditu, baina ez dago legez araututa. Hasteko, beharrezkoa da estres termikoaren harira lanpostu bakoitzaren gaineko azterketa bat egitea. Ez da gauza bera bulegoan aire girotuarekin lan egitea edo tailer batean zortzi orduz zutik eta beroa ematen duen makineriaren ondoan lan egitea. Guk aste hauetan erregistratu ditugun intzidentziak, orain arte, lanpostuan zorabiatu egin diren langileenak izan dira. Zorionez, ez dira larriagoak izan, baina neurriak hartu behar dira, egoerak ez duelako hobera egin behar. Horregatik diot lege bat falta dela, hori guztia jasoko duena. Gaur egun, enpresek bero protokoloak dituzte, bertako laneko ordezkaritza legalek ezarritakoak. Hala, egoera jakin batean berehalako arriskua ikusten badute esku hartzeko eskumena dute, baina, erabaki subjektibo batean oinarritu beharrean, horrek arautuago egon beharko luke, legez. Ura eskura izatea etengabe, bentilazioa bermatzea, aire girotua jartzea posible den tokietan, zona freskoak jartzea eta atsedenak areagotzea bertan egoteko, lan-kargak txikitzea, arratsaldeko lan-txandak egokitzea... Badira estres termikoa gutxitzeko neurriak, eta, seguruenik, leku guztietan ez da posible izango neurri denak martxan jartzea, esaterako, leku batzuetan ezin delako produkzioa eten, baina horregatik diot: enpresen partetik jarrera edo intentzio ona erakustetik harago, eraginkorrak diren neurriak hartu behar dira".

Kirolaria zaintzea, ezinbesteko

Lanean bai, baina aisialdian ere eragina izaten dute halako beroaldiek; besteak beste, kirol jarduerak egiteko orduan. Ekaineko azken astean, esaterako, Arrasate Enduro eta Oñatiko Torreauzo kroseko antolatzaileak eguraldi iragarpenei begira egon ziren, aste barruan sekulako beroa egin zuelako. Zorionez, zapatutik domekara eguraldiak freskatu egin zuen, eta ondo egin ahal izan zituzten bi lasterketa horiek.

"BEROA DELA ETA, TORREAUZO KROSEAN KORRIKALARIAK ZAINTZEN SAIATZEN GARA" AINARA DIAZ DE GEREÑU, ABIXARAN TALDEKO KIDEA

Torreauzo krosa antolatzen duten Abixaran taldeko kide Ainara Diaz de Guereñuk ondo gogoan du iaz gertatu zitzaiena. "Larrialdi zerbitzuek bi korrikalari artatu behar izan zituzten, eta euretako bat ospitalera eraman zuten, bero kolpeak jota", dio oñatiarrak. Larrialdi egoeran Foru Aldundiak du lasterketak debekatzeko eskumena. "Guk horri men egingo genioke, helburua ez da inor arriskuan jartzea. Horregatik, egin dezakeguna da ibilbidean ur gehiago jarri, irteera 10:00etara aurreratu... Aurten, ur-ponpa batekin atletak freskatzea geneukan aurreikusita. Azken batean, korrikalariak zaintzen ahalegintzen gara". 


Korrikalari bat, aurtengo Torreauzo krosean, berotuta. (Argazkia: Goiena)

Osakidetzaren 2026ko Bero Plana; gomendio orokor batzuk

A. Berotik babestu
• Saihestu eguzki-esposizioa eguerdiko orduetan.
• Saihestu jarduera fisiko bizia egitea bero handiko boladetan, eta bero handieneko orduetan.
• Ordubete baino gehiago irauten duten eta tenperatura altuekin zerikusia duten sintomen
harira –ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa, zorabialdia...–, kontsultatu osasun-langileei.
• Arropa arina, zabala eta izerditzen uzten duena erabili.
• Gaueko airea aprobetxatu gelak aireztatzeko eta freskatzeko.
• Ezin bada etxea freskatu, eguneko bizpahiru ordu leku freskoan pasatu.
B. Deshidratazioa saihestu
• Maiz edan ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
• Ez hartu kafeina, alkohola edo azukre asko duen edaririk.
• Janari koipetsuak eta ugariegiak saihestu.
D. Pertsona zaurgarrienak zaindu
• Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan sei hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
• Adineko pertsonek, batez ere bakarrik bizi direnek edo inoren laguntza behar dutenek, zailtasunak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko; beraz, komeni da egunean behin, gutxienez, haiek bisitatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak