Antzuola eta Bergara arteko 800 metroko bidegorri zatia apirila ezkero dago erabilgarri, baina aste honetan egin dute inaugurazio ofiziala, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak, Gorka Artola Bergarako alkateak eta Olatz Lezeta Antzuolako alkateak. Hitzordua baliatuta Bergarako Udalak bidegorriaren bosgarren faseari emango dion bultzadaren berri eman du, Urteaga kaleko bidegorri zatia, 200 metro ingurukoa, hain zuzen ere. Horrela, Aldundiak egin duen 800 metroko tartea Bergarako San Antonioko biribilgunearekin lotuta geratuko da, "herriko hego-ekialdeko auzoak, industrialdea eta erdigunea modu seguruago eta jasangarriagoan konektatzeko". Obrak 175.137 euroko aurrekontua izango du –BEZa barne–, eta Construcciones Zubieder enpresak egingo ditu, lau hilabetetan, lanak udazkenean hastea aurreikusita. Gainera, Bergarako Udalak 100.000 euroko diru-laguntza jasoko du fase honen lanak egiteko Gipuzkoako Aldundiaren eskutik. Gorka Artolaren esanetan, "dena aurreikusitako moduan badoa, Gabonetarako amaituta egongo da Antzuola eta Bergara arteko bidegorriaren lotura, osotasunean".
Bidegorri zati berria egungo errepidea doan leku beretik joango da, eta bidegorriaren eta trafiko motordunaren arteko bereizketa fisikoa izango du, baita semaforoak, segurtasun-elementu berriak, LED argiztapena eta irisgarritasun neurriak ere, "oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna bermatzeko".
Elorregikoa, eguneratzeke
Debagoieneko bidegorriaren ardatzak oraindik amaitu gabeko puntu bat du Elorregin, Tavesa lantegiaren parean, hain zuzen ere. Aldundiko Jasangarritasun Sailaren ardurapeko tarte horrek urteak daramatza konpondu gabe, eta herritarrek lehentasunez esku hartzea eskatu dute. Asensiok azaldu du 2014ko proiektua eguneratuko dela, horretarako URAren baimenak, lur kutsatuen inguruko Eusko Jaurlaritzaren onespena eta lur industrialen titulartasun aldaketak kontuan hartuta. Oraingoz ez dute egutegi zehatzik iragarri, baina datorren urteko aurrekontuetan txertatzeko asmoa dutela adierazi dute.

