Ikasturteko planak finantzatzeko.
Puntua aldizkariaren 505. zenbakiko Erreportajea atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Lagunekin bidaia bat egiteko, gidabaimena atera eta autoa erosteko edo ikasturtean zehar irteten direnak finantzatzeko erabiltzen dute, gehienek, udan irabazitako dirua: "Kontzertuak, ikaskideekin zein kuadrillakoekin egiten diren planak edo norberaren kapritxoak ordaintzeko", adibidez. Horixe erantzun dute, behintzat, erreportaje hau egiteko euren esperientziaz berba egin duten Debagoieneko ikasleek. Aitortu dute udan lagunekin kanpora joateko gastuaz gain beste asko izaten dituztela urtean zehar ere, eta horretan gurasoei laguntzeko kontzientzia badutela, "dena, behintzat, haiek ez ordaintzeko". Guztiek adierazi dute, gainera, ez zaiela astuna egiten udan lan egitea: batetik, eurek aukeratu dutelako lan egitea; eta, bestetik, gustuko lan bat aurkitzen saiatu direlako.
Antzuolan zein Tenerifen
Lan egiteko erabakia hartzea eta "zailtasunik gabea" izatea, bien arteko konbinazio hori esperientzia errepikatzeko modukoa izan da ikasle batendako baino gehiagorendako. Hainbatek aurreko udako lan mota bera eta tokia ere errepikatu dute; beste batzuk, aldiz, ikasketekin lotura handiagoa duten lanak bilatzen saiatu dira, euren curriculuma betetzeko eta gerorako aukeratu duten ogibide hori gertutik ezagutzen hasteko.
Lehendabiziko udan egindako lan moten inguruan galdetuta, umeen aisialdiko begirale edo taberna batean zerbitzari ibili direla erantzun dute gehienek. Produkzio mekanikoko tailerretan, gasolindegietan eta supermerkatuetan lan egitea zer den ere askok bizi izan dute, adibidez. Izan ere, bi horietan jendea behar izaten dute ekainetik abuztura bitartean urteko langileen oporrak ordezkatzeko, eta ikasleak dira leku horiek betetzen dituzten gehienak. Lantegietan udan lan egiten duten ordezko asko esparru horretako ikasleak izaten dira, baina ez denak. Antzuolako Mihai Sandor, esaterako, irakaskuntza ikasketak ari da egiten, eta piezak egiten dituen lantegi batean arituko da udan: "Ez dute loturarik, baina iazko tokia errepikatzea erabaki dut, gustura ibili nintzelako". Arrasateko Naia Zuazubizkarrek ikasteko eta lanerako aukeratu dituen ogibideek ere ez dute antzik. Zuzenbidea ikasi du hark, eta ostatu bateko langile izango da uztailean. Aurtengoa uda berezia izatea gura zuelako egin du aukera hori: "Masterra egingo dut orain, eta ikasle moduan biziko dudan azken uda izango da, hurrengoan langileen oporrak izango ditut eta. Horregatik, etxetik kanpo, Tenerifen, izango naiz uztailean lanean. Dirurik ez dut kobratuko; hain zuzen, jatorduak eta lo-lekua emango dizkidate lanaren truke".
Inbidia pixka bat bai
Udan lan pozik egin arren, lagunek sasoi honetan egiteko asmoa duten bidaiek edo planek inbidia ematen dietela aitortu dute, bide batez. Inbidia hori, baina, txikia dela diote, lan eginda diruaz gain beste gauza asko ere irabazten dituztela konbentzituta. Esaterako, lan ondo egitearen ardura, erabakiak hartzeak dakarrena ikustea eta baloratzea, eta taldean lan egitea, lankideak izatea, zer den. Ez dakite etorkizunean zertan arituko diren, baina udako lan horietan ikasitako balioak edozein ogibidetako lanpostuetarako baliagarriak izango direla uste dute, "bizitzaren oinarri" direla uste dute eta.
Dena dela, inbidia horri buelta ematen ere denak ahalegintzen dira, eta hartzen dute tartea eurek ere udaz gozatzeko, "oporrak" hartzeko. Hala, etxekoekin ez bada lagunekin, edo egun batzuetan batzuekin eta beste aste batean besteekin, kanpora joateko planak ere egiten dituzte "opor normalak" izateko. Udan horrenbeste egun libre izanda, lana eta gozamena, biak uztartzen saiatzen dira. Uda baten baino gehiagotan egiten dute, gainera.
Markel Aldekoa: "Dagoeneko begiz jota dut auto bat"
Getariako hondartzetan ari da sorosle lanetan Markel Aldekoa Izura (Oñati, 2006), Malkorben eta Gaztetapen. Hondartzako denboraldiak zabalik irauten duen bitartean arituko da han lanean, irailaren 13ra arte, ekainaren erdian hasita.
Mekanikako ikasketak egin ditu, baina dio izugarri gustatzen zaiola sorosle lana, eta, lantegi batean jardun ordez, hondartzak zaintzeko lana aukeratu du udarako. "Joan den urtean, Usakon egon nintzen, eta aurten, itsasoan. Gurutze Gorriko boluntarioa naiz, eta pozik hartu nuen aurtengo uda hondartzan lan egiteko aukera". Lanaren alde zailena jendeari egoerak ulertaraztea dela dio: "Batzuek ez diete oharrei kasurik egiten, eta pazientzia behar izaten da azaltzeko. Aurten gertatu zaigu, adibidez, bainua debekatuta egotea karabela portugesak agertu direlako, eta hori azaldu behar izan genien hondartzan zeudenei. Azken finean, gure lana prebentzioa egitea da".
Lanerako mentalizatuta
Hura lanean dagoen bitartean lagunak oporretan daudela jakiteak inbidiarik ematen dion galdetua, baietz aitortu du oñatiarrak, baina lanerako mentalizatuta dagoela dio: "Neuk aukeratu dut udan lan egitea, eta prest nago horretarako. Gainera, dirua ere ez da batere gaizki etorriko. Gidatzeko baimena ari naiz ateratzen, eta dagoeneko begiz jota daukat auto bat. Urtean zehar ere egoten dira gastuak, eta orain irabazitako dirua aurreztea ondo etorriko zait, egia esan".
Leire Arietaleanizbeaskoa: "Herria 'zaintzen' geldituko naiz aurten"
Zuzenbideko gradu ikasketak eta Enpesa Zuzendaritzako masterra egin ditu Leire Arietaleanizbeaskoa Toledok (Bergara, 2002), eta haren ikasketekin lotura duen ofizioa aukeratu du udan lan egiteko. Laboral Kutxak Arrasaten duen egoitza nagusian dihardu ekainaren erdialdea ezkero, hango finantza departamentuan. "Hiru hilabete egingo ditut hemen, eta gero, beste hiru Andoaingo enpresa bateko giza baliabideen departamentuan. Aukera ona izan da Laboral Kutxaren alde egitea. Oso pozik nago hemen. Harrera ona egin didate hemengo langileek. Orain, eurekin batera ari naiz ikasten, eurek oporrak hartzen dituztenean ondo ordezka ditzadan. Horretan ahaleginduko naiz, behintzat".
Asteburuak aprobetxatu
Ekainaren erdi inguruan hasi zen lanean bergararra, eta irailaren bigarren astean bukatuko du lanaldia. Ez du oporrik hartuko udan, baina ondo aprobetxatuko duela dio. "Aurreko urteetan ondo ibili naiz, bidaiak ere eginez. Aurten, herria zaintzen geldituko naiz, baina izango dut aukera asteburu-pasa irteera laburrak egiteko edo parrandan ibiltzeko. Begirale ibili naiz udararen baten, baina lan-mundura gerturatu gura nuen, nire curriculuma betetzen hasteko, eta ez dut penarik uda lanean egingo dudalako. Irabazitako dirua gorde egingo dut. Lana aurkituz gero, langile baten oporrak izango ditut hurrengo udan, eta bidaia handiago bat egiteko izango da orain irabazitako dirua".
Uxue Uribetxeberria: "Udan lan egitea plan ona ere izan daiteke"
Bergarako Jardun euskara elkarteak urtero antolatzen dituen udaleku irekietan ari da lanean, begirale, Uxue Uribetxeberria Larrañaga (Bergara, 2005). Lan-munduarekin duen lehen kontaktua da harendako, lehen esperientzia, baina ez dio axola udan izatea: "Praktikak egin ditut eskolan, eta asko ikasi dut, baina banuen gogoa lana zer den ikusteko eta lanbidean lehen pausoak ematen hasteko".
5 urtekoekin
Irakaskuntzako ikasketen gradua ari da egiten bergararra; lehen urtea egin du. Aurretik, baina, Haur Hezkuntzako goi-mailako zikloa egin zuen. Orain, 5 urteko umeekin dihardu uztaileko udalekuetan: "Udalekuak hasi aurretik egin genuen bilera bat, eta formazio txiki bat jaso begirale guztiok. Umeekin egingo duguna egunez egun planifikatzen dugu, baina, batzuetan, tokatzen da umeekin ekintzak egiteaz gain erabakiak ere hartzea. Hori ere lanaren parte da, eta ardura izaten ikasteak ere asko balio du. Ni oso pozik nago aurtengo udarako egin dudan aukerarekin".
Dio oraindik ez duela dirua zertan gastatuko duen pentsatu, baina ideia asko ditu dagoeneko buruan bueltaka: "Begirale aritzearekin batera, gidabaimena ateratzen ari naiz. Datorren urtean, akaso, kanpora joango naiz, begirale, eta dirua beharko dut horretarako. Eta, horrez gain, urtean zehar egoten diren kapritxoak erosteko ere ez dator batere gaizki dirua. Udan lan egitea plan ona ere izan daiteke, gustuko lana topatuz gero, behintzat".
Ikus-entzunezko bat grabatzen dabil Madrilen Maren Bruña Gonzalez (Eskoriatza, 2006). Antzerki eta zinema ikasketak ari da egiten han, eta udan Goienan lan egiteko aukera zegoela ikusi zuenean ez zuen zalantzarik izan; kazetari lanak eta grabaketa jarduna, biak uztartu ditu. "Gainera, Goienak, lanaz gain, herriko jaietan egoteko aukera ere eman dit; San Pedro jaietan Madrilen egongo nintzen bestela", dio, barrez, eskoriatzarrak.
Andramaixetan gero
Izan ere, Eskoriatzako jai nagusietan, sanpedroetan, ibili da Bruña kazetari lanak egiten. Jaien egitarauak jaso dituen ekitaldiak grabatzen ibili da, besteak beste. "Oso-oso gustura ibili naiz. Argazkilari ere ibili naiz, gainera, eta hori atsegin handiz egin dut".
Lehen egunean urduri sentitu bazen ere, gainerako egunetan eroso ibili dela aitortu du Bruñak. "Gutxi gorabeherako gidoi bat idatzi nuen grabaketetara joan aurretik, eta lagungarria izan zait, baina konturatu naiz inprobisatu ere egin behar dela pixa bat, ez dakizu-eta jendeak zer erantzungo dizun edo dena delako ekitaldian zer pasatuko den. Eta inprobisatzeko, antzerki ikasketak lagungarriak izan zaizkidala uste dut".
Ikasturtea etxetik kanpo eginda, uda etxekoekin gustura pasako duela gehitu du Bruñak. "Asturiasera joango naiz eurekin egun batzuk pasatzera. Eta Aretxabaletako andramaixetan berriz ibiliko naiz kazetari Goienan. Polita ari da izaten aurtengo uda".
Naia Zuazubiskar: "Ikasle garaiko azken uda da, berezia"
Ikasle garaiko udetan behin baino gehiagotan lan egindakoa da Naia Zuazubizkar Zubillaga (Arrasate, 2002). Zuzenbide ikasketak bukatu ditu eta irailean masterra egiten hasiko da. Datorren udan, beraz, langile baten oporrak izango dituela uste du, "aste batzuetakoa, ez hiru hilabetekoa", eta, horregatik, "topera" disfrutatu gura du uda hau. "Ikasle moduan pasako dudan azken uda izango da, eta lana eta oporrak, biak uztartzen dituen amets bat gauzatzea pentsatu dut: lan egin janariaren eta lo-lekuaren truke".
Hiru lagun bi ostatutan
Tenerifeko ostatu batean dago uztailaren 1a ezkero Zuazubizkar, lagun batekin batera, eta beste batek ondokoan dihardu. Bezeroen sarrera-irteerak egin eta oheak eta gelak garbitzen ditu. Ez du soldatarik jasoko, baina hilaren amaierara arte ez du lotarako tokirik eta jatordurik ordaindu beharko. "Lana bai, baina zailtasun handirik gabeko lana da. Gainera, etxetik kanpo, ostatuko terrazatik itsasoa ikusten dugula... oporretan egotea bezala da. Aste baten egunean hiru ordu egiten dugu lan, goizetan, eta hurrengoan, bi egunean hamabi ordu bakoitzean. Gainerako orduak eta egunak libre ditugu, geure planak egiteko. Hor gastatu dezakegun dirua kontrolatu behar dugu; etxean bezala".
Langileen artean gazteleraz hitz egiten dute, eta bezeroekin, gehienetan, ingelesez: "Ingeles asko daude herrian, eta irailetik aurrera orain baino atzerritar gehiago egoten direla esan digute. Sasoi hau lasaiagoa ei da".
Mihai Sandro: "Ondo aprobetxatu ahalko ditut jaiak"
Bigarren uda izango da Mihai Sandro Rosocha (Antzuola, 2006) gazteak Antzuolako Elay enpresan lan egingo duena. Mekatronika ikasketak egiten zebilela egin zuen lan lehenbiziko aldiz Elayn. Baina ikasketaz aldatzea erabaki zuen gero, eta orain, irakaskuntzakoak egiten ari da; lehen maila egin du aurten, Gasteizen. "Badakit lan honek irakaskuntza ikasketekin ez duela lotura handirik, baina udan lan egin nahi nuen nik. Hemen ondo ibili nintzen lehen ere, gustura; etxe ondoan dago lantegia, oinez joateko moduan, eta, aukera izanda, ez dut zalantzarik izan".
Aitortu du diruagatik egingo duela udan lan: "Joan den urtean irabazitakoa gidabaimena ordaintzeko erabili nuen, gurasoei ez ordainarazteko. Aurten, dena aurrezteko asmoa daukat, gero suerta daitekeenerako".
Herriko jaien ostean
Hilabete eta erdiz egingo du lan Sandrok, abuztuaren 30era arte. Hasi, baina, herriko jaien ostean hasiko da, uztailaren 20an, eta egutegi hori izanda zortekoa dela iruditzen zaio. "Herriko jaiak ondo aprobetxatu ditzaket, eta, horiek heldu bitartean, lagunekin irteeraren bat egiteko denbora ere badut. Hain justu, Leon aldean pasako ditut egun batzuk lagunekin, eta bestelako plan batzuk ere aterako dira, ziur. Eta lanean nagoen bitartean, dirua aurreztuko dut, gutxiago gastatuko dut eta".
Zerbitzari ere ibili izan da aurreko uda batean: "Jendearekin pazientzia behar dela ikasi nuen esperientzia hartan".
Oihana Romero: "Lana eta oporrak, biak ditut udan"
Udak "ondo" antolatzen dituela dio Oihana Romero Astaburuagak (Arrasate, 2004), saiatzen delako "lana eta oporrak, biak" izaten.
Ekainean eta uztailean lan egin ohi du arrasatearrak –aurtengoa hori egiten duen hirugarren urtea da–, eta abuztuan, berriz, oporrak gozatzen ditu: "Dena egiteko aprobetxatuko dut uda, bai. Eroskin lan bi hilabetez, abuztuan Malagara gurasoekin oporretara eta irailean, berriz, lagunekin Alacant aldera". Hain zuzen ere, azken opor-egun horiek ordaintzeko erabiliko du udako egunetan lan egiten irabaziko duen diruaren zati bat, eta neguko hilabeteetarako aurreztuko du bestea.
Lana zer den ezagutzeko
Eroskik duen online zerbitzuan egiten du lan Romerok, Arrasateko hipermerkatuan. "Joan den urtean ere hemen ibili nintzen. Asko gustatzen zait. Jendeak online egiten dituen enkarguak kudeatzen ditugu. Orga bat hartu eta eurek eskatutako produktuak organ sartzen ditut, eta prest utzi, haiek jasotzera etor daitezen edo banatzaileak euren etxera eraman dezan. Nire lana egiten dudan bitartean, dendan dauden bezeroei ere laguntzen diet gauzak bilatzen, eta gustatzen zait hori ere".
Ikus-entzunezko ikasketak bukatu ditu Romerok aurten, Bilbon, eta marketinari lotutako master bat egingo du hurrengo ikasturtean, Donostian: "Lan egitea zer den ikasi dut hemen, taldean lan egitea ere bai, eta iruditzen zait hori oinarri ona dela". Bilboko La ría del ocio aldizkarian ere badihardu.
Manex Diaz de Gereñu: "Uda erakargarri egiten duen lana da"
Betidanik gustatu izan zaio surfa Manex Diaz de Gereñu Usandizagari (Eskoriatza, 2006). Urtean zehar ere sarritan joaten da lagunekin surfean egitea; N1 mailako surf irakasle titulua aterata dauka, Mundakan, Federazioarekin. Laugarren urtez jarraian egingo du lan udan, Zarautzen, Pukas-en, surf ikastaroak emateen: "Egia da lagunen udako plan asko galdu ditudala, baina beste partida batzuk irabazi ditut lanera etorrita. Dirua lortzea da udan lan egitearen arrazoi nagusia, bai, baina badira uda erakargarri egiten duten lan batzuk, eta hori da horietako bat".
Erasmuserako dirua
Senide baten etxean egoten zen lehen udan, Zarauzko kanpinean pasa zuen bigarrena, eta joan den urtean eta aurten egunero egiten du joan-etorria etxetik, Eskoriatzatik, autoz: "Erregaia bada gastu bat, eta hori ordaintzeko ondo dator udan irabazitako diru hau, urtean zehar ere egiten ditut-eta olatuak hartzeko planak lagunekin. Bestalde, bidaia bat egiteko asmoa ere badut, eta hor erabiliko dut dirua. Datorren ikasturtean Erasmus programarekin kanpora joango naiz hilabete batzuetarako, eta ondo aprobetxatu gura dut irteera hori".
Ekonomia ikasketak ari da egiten Diaz de Gereñu, Bilbon; hirugarren eta laugarren urteak falta zaizkio gradua bukatzeko. "Surfak eta ekonomiak ez dute antzik, egia esan, baina zaletasuna dudan horretan lan egitea sekulako aukera da orain", dio eskoriatzarrak.