Puntua aldizkariaren 505. zenbakiko Erreportajea atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Euskal Herrian ospe handien duen karta jokoetako bat da musa, eta baita zaharrenetako bat ere. Jatorri zehatza garbi ez dagoen arren, Euskal Herriko Mus Federazioaren arabera, Manuel de Larramendi filologo eta jesuita andoaindarrak egin zuen musaren inguruan ezagutzen den lehen aipamena. 1754an argitaratutako Corografía de Guipúzcoa izeneko liburuan honela deskribatzen du jokoa: "Herri honetan kartak bezain zaharra den jokoa da musa, eta lau jokaldi ditu. Jokaldi bat galdu eta beste bat irabazi, beste hirurak galdu, eta laugarrenak galduari esaten dio: hordago!, zeinak irabazleari dardara eragiten dion; eta iduqui erantzuten badu, partida amaitzen da. Jolasa oso dibertigarria da engainatzen direnagatik, hitz egiten denagatik eta begiekin eta elkarri begiratzeko moduengatik; eta, batez ere, ezpainekin eta muturrarekin egiten diren keinuengatik, joko honi mus deitzeko arrazoia". Zaharra izan arren, bizirik jarraitzen du; jaietan, elkarteetan, txapelketetan zein lagunartean.
Eskuz esku, belaunaldiz belaunaldi
Musa gaur egunera arte heldu baldin bada, atzetik izan duen transmisio lanari esker izan da. Hainbat jokalarik etxean ikasi dute jokatzen, senitartekoek erakutsita. Hori da, esaterako, Andoni Beitia (Arrasate, 1994) jokalariaren kasua: "Txikia nintzela hasi nintzen musean jokatzen, aitarekin, kanpinean. 8 edo 9 urte inguru izango nituen. Ez dut anai-arrebarik, eta orduan aitarekin hainbat jokotan ibiltzen nintzen; tartean, musean". Jesus Kortabarria Kaxeta (Antzuola, 1952) ere modu bertsuan hasi zen: "Gaztea nintzenean asko egiten zen musean, tabernetan, elkarteetan, kalean... Etxean ere jokatzen zen; bereziki, afalosteetan, gurasoekin zein osabekin. Horrela hasi nintzen jokatzen".
Lagunartea ere ikasteko esparru garrantzitsu da. Lagunekin ikasi zuen jokatzen Aretxabaleta bizitoki duen Marta Gonzalezek (Madrid, 1967), unibertsitatearen bueltan: "Unibertsitatean hasi nintzen jokatzen, lagunekin, beste hainbat pertsona bezala. Hala ere, 16 urte daramatzat hemen bizitzen, eta hona heldu nintzenean konturatu nintzen ez nuela ideiarik, eta hemengo kideek erakutsi didate ondo jokatzen".
Karta onak baino gehiago
Gutxirako balio du transmisio lanak jokoak afiziorik sortzen ez badu gero. Hiru jokalari debagoiendarrek musak engantxatu egiten duen zerbait duela uste dute: "Zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta gehiago jokatu nahi duzu. Oso dibertigarria da", dio Gonzalezek. Horren arrazoietako bat, beste joko batzuekin alderatuz gero, karta onak tokatzearen zorte hutsetik aldenduago egotea dela uste dute hirurek. "Asko gustatzen zait musa, kontua ez delako egokitzen zaizkizun kartak bakarrik. Aurkariaren antzerako kartak edo okerragoak izanda ere tantoak ateratzeko aukera ematen duen jokoa da. Karta onak izateaz gain, jokatzen jakin beharra dago", nabarmendu du Kaxeta-k.
"MUS FEDERAZIOAREN HELBURUAK MUSAREN ETA EUSKARAREN SUSTAPENA DIRA"
JESUS KORTABARRIA 'KAXETA', MUS
JOKALARIA
Txapelak eta txapelketak
Bestelako jokoen gisan, musean ere txapelketa ugari izaten dira, eta horren oinarrizko elementu dira dagoeneko. Hemen, esaterako, Euskal Herriko Mus Federazioak Euskal Herriko Mus Txapelketa antolatzen du; herrika, herrialdeka eta nazio mailan. Federazioaren eta txapelketaren helburua musa eta euskara sustatzea direla dio Federazioarekin hartu-emanean izan den Kaxeta-k: "Euskal Herriko Mus Federazioaren helburuak musaren eta euskararen sustapena dira. Txapelketa antolatzen dute, non euskara den hizkuntza nagusia, eta, nola ez, bertako joko bat izanik, hori mantendu nahi dute".
Bertako jokoa izan arren, Euskal Herriaren mugak gainditu dituen jokoa da musa, eta debagoiendarrek ere badakite zer den hemendik kanpo jokatzea. Beitiak lau urtez jarraian lortu du Espainiako Master Txapelketarako sailkatzea, Espainiako txapelketa garrantzitsuena. "300 bikote baino gehiago daude, eta partida asko irabazi behar dira. Ez da erraza izaten, maila ere oso handia delako. Burgosen jokatu zen txapelketan 33. postuaren bueltan gelditu ginen. Hori izan da lortu dugun marka onena".
"AZKEN URTEETAN DEBAGOIENEAN MUSA ASKO HAZI DELA ESANGO NUKE"
ANDONI BEITIA, MUS JOKALARIA
Aretxabaletarra ere izan da hemendik kanpo jokatzen; zehazki, Espainiako Txapelketan. Hori gutxi ez balitz, Antonio Vidrieles bikotekidearekin txapelketa irabazi zuen 2024an, haren estreinako edizioan: "Sekulakoa izan zen, deskribaezina. Ez dakit nola azaldu ere. Inork ez du uste irabaz dezakeenik. Oso zaila zen. Espainia osoko bikoterik onenak zeuden. Oso zaila izan zen, baina dena ondo atera zitzaigun".
Horrez gain, Beitiak eta Gonzalezek Mus Olinpiadetan parte hartu izan dute, Debagoieneko talde batekin. "Olinpiaden ezaugarri bereizgarriena bikoteka jokatu beharrean taldeka jokatzen dela da. Bost bikote joaten gara, eta beste lurralde bateko bost bikoteren aurka jokatzen dugu. Hiru partida irabazten dituen bikoteak eskuratzen du garaipena", azaldu du arrasatearrak. "Bikotean parte hartzen duzunean, normalean serioago hartzen duzu. Olinpiadak katxondeo hutsa dira, ondo pasatzera goaz", gaineratu du Gonzalezek.
Debagoiena: urte luzeetako gainbehera
Zenbait debagoiendarrek txapelketetan maila handia erakusteak ez du derrigorrean musaren osasuna ona dela esan nahi. Egun, bailaran zenbait mus jokalari on dauden arren, Debagoienean musaren garai onenak 70eko hamarkadan bizi izan zirela uste du jokalari antzuolarrak: "Maizago jokatzen hasi nintzenean ikaragarriko bizia zegoen musaren munduan. 70eko hamarkadaz ari naiz hitz egiten, eta hemen musa indartsuen egon den garaia izan zela esango nuke". Musaren osasun hori zenbait urtez mantendu zen horrela, baina, puntu baten, makaltzen hasi zen: "Ez dakit esaten noiz hasi zen musaren gainbehera. Baliteke 2000ko hamarkadatik gaur arte iraun duen prozesu bat izatea".
Gainbeheraren arrazoiak azaltzea zail egiten zaio Kortabarriari, baina lanarekin lotuta egon daitekeela uste du: "Zaila da jakiten zergatik gertatu zen gainbehera hori. Esango nuke baduela harremana lan kontuekin. Lehen, lanaldi etena orokorragoa zen, baina orain, lanaldi jarraituak eta txandaka lan egiteak pisu handia hartu du. Horrek zaildu egiten du lehen bezain beste jokatzea. Goizeko txanda duenak, esaterako, arratsalderako etxean izan behar du".
Gazteen agerpena, loraldi berria
Zenbait urtez protagonismo gutxiago izan duen arren, badirudi musak loraldia bizi duela Debagoienean. Beitiak azaldu duenez, goranzko joera nabarmena gertatzen ari da azken urteetan: "Azken urteetan Debagoienean musa asko hazi dela esango nuke". Arrasatearraren ustez, zenbait txapelketak hartu duten tamainan igar daiteke hazkunde hori: "Txapelketetan izena ematen duen bikote kopuruan ikusten da asko goranzko joera hori. Lehen, txapelketa normal batean hogei bikote espero baldin bagenituen, gutxi gorabehera horrelako kopuru bat agertzen zen. Orain, 40 bikotetik gora agertzen dira txapelketa berera".
Loraldi horren atzean musean jokatzen hasi diren gazteak daude, arrasatearraren iritziz: "Musean badago erreleboa, eta gazteak oso indartsu datoz. 20 urte inguruko gazte asko hasi dira jokatzen". Musa gainbeheran zegoen garaian hasi zen Beitia jokatzen, eta, haren ustez, harrigarria da kolpetik horrenbeste gazte mugitzea musaren bueltan: "Fenomeno nahiko harrigarria da pantailak eta estiloko gailuak nagusi diren garaiotan horrelako zerbait gertatzea. Nik 31 urte dauzkat, eta gure garaian gazteek Playstation eta halako gailuak lehenesten zituzten". Kaxeta-k ere nabaritu ditu loraldi horren zantzuak, baina oraindik ere 70eko hamarkadako egoerara itzultzeko salto handia eman beharko litzatekeela uste du: "Egia da gazte batzuk hasi direla hurbiltzen, eta, lehen adinakoa ez den arren, ezin da ukatu jendea ari dela jokatzen".
2000KO HAMARKADAN GAINBEHERA IZAN OSTEAN, LORALDIA GERTATU DA, ETA GAZTE UGARI HASI DIRA MUSEAN JOKATZEN
Beitiaren ustez, Oñatin dago hazkunde horren foku garrantzitsuena, eta bertan auzoko jaiek duten indarrarekin lotzen du: "Batez ere, Oñatiren kasuan ikusten dut hori, ikaragarria da nola hazi den bertan. Auzoetako jai asko izaten dituzte, eta ia guztietan egoten da mus txapelketa bat". Hala ere, Debagoieneko beste herrietan ere gertatzen ari den kontu bat da. Elgetan ikusi ahal izan da gazteen artean muserako dagoen grina. Bertako gazteek gaztetxe ireki berrian antolatu duten lehen ekintza mus txapelketa bat izan da. "Gure inguruan jende asko hasi da musean jokatzen. Egiteko beste ezer ez dugunean, zenbait lagun elkartu eta jokatzen hasten gara. Orain arte, zaharren kontu bat bezala ikusten zen, baina orain, gazteak gehiago hasi dira jokatzen", azaldu du txapelketaren antolakuntzan ibili den Alazne Errastik. Herrian gazteek zein nagusiek egindako harrerarekin pozik agertu da: "Txapelketa ondo joan zela uste dugu. Bederatzi bikotek eman zuten izena, eta guztiak gustura gelditu zirela esango nuke. Dagoeneko jendea galdezka dugu ea hurrengoa noiz antolatuko dugun".
Gazteak erakartzeko orduan Elgetakoak eta halako txapelketek duten garrantzia nabarmendu du Gonzalezek: "Horrelako txapelketetatik hastea garrantzitsua dela uste dut, jende gaztea engantxatzeko. Kuadrillan jokatzetik eta herrietako txapelketetan parte hartuz hasten diren gazte pila bat daude. Oso garrantzitsua da gazteak erakartzea eta musa sustatzen jarraitzea. Txapelketa horietan hasita, bestelako txapelketa batzuetara salto egiteko aukera izaten da". Bat dator Beitia, eta txapelketa herrikoiago horien atzean dagoen antolakuntzari balioa eman nahi izan dio: "Horrelako txapelketak egongo ez balira, ezinezkoa litzateke jendea bestelako txapelketa batzuetan jokatzen hastea. Antolakuntza lanetan ibiltzen diren horiei asko eskertu behar zaie, inolako irabazirik gabe ekarpen handia egiten dute".
Emakumeak musean
Musarekiko zaletasunak gora egin duen arren, bada historikoki joko horretan izan den ageriko hutsune bat, emakumeen presentzia. "Espainiako Txapelketan ehun pertsonatik gora geunden, eta hamazazpi soilik ginen emakumeak; hau da, kopuru oso txikia", dio Gonzalezek. Parte hartu zuen lehen txapelketetan emakume bakarra izatearena sarri gertatu zitzaiola gaineratu du: "Txapelketetara joaten zaren lehen aldietan oso urduri jartzen zara. Kontuan izan behar duzu duela hamabost urte joaten nintzen txapelketa gehienetan ni nintzela emakume bakarra".
ESPAINIAKO TXAPELKETAN EHUN PERTSONATIK GORA GEUNDEN, ETA 17 SOILIK GINEN EMAKUMEAK" MARTA GONZALEZ, MUS JOKALARIA
Zenbait jarrera matxista jasaten dituztela ere azaldu du; bereziki, jende helduagoarengandik: "Esango nuke matxismoa badagoela, baina ez gazteengandik. Gazteentzat, bat gehiago gara. Nire ustez, adineko jendeari gehiago kostatzen zaio. 'Joe, emakume bat tokatu zait' eta halako komentarioak entzuten dira. Gainera, mahaian gutxiago errespetatzen zaituztela esango nuke".
Egungo loraldiarekin gauzak aldatzeko esperantza gutxi du jokalari aretxabaletarrak: "Egia da geroz eta gazte gehiago dabiltzala jokatzen, baina askoz gizon gazte gehiago ikusten ditut. Emakume gazteak oso gutxi izan ohi dira. Txapelketetan parte hartzen dugun emakumeok, normalean, helduxeagoak gara". Gauzak horrela, zail ikusten du, gaur-gaurkoz, egoera aldatzea: "Ez dakit nola aldatu daitekeen hau. Neska gazteak hurbiltzea lortu ezean, helduagook erretiroa hartzen dugunean gizonak bakarrik geldituko dira jokatzen".
Ahizpa bi, museko txapeldun

Mus txapelketa askotan parte hartutakoak dira Ana Mari eta Elena Arrizabalaga ahizpa aramaioarrak. 2018an Arabako txapeldun bilakatu ziren, Gopegin (Araba) jokatutako finalean.
Euskal Herriaren gailurrean

Euskal Herriko Mus Txapelketa irabazi duen azken bikote debagoiendarra Bergarako Eloi Krespok eta Vicente Uribesalgok osatzen dute. Uztaritzen (Lapurdi) irabazi zuten txapela, 2018an.
Egungo Gipuzkoako txapeldunak

Antonio Ramos eta Ana OT bikote bergararra dira egun Gipuzkoako txapelaren jabeak. Garaipena, gainera, Debagoieneko mugen barruan eskuratu zuten, Antzuolan jokatu zen-eta txapelketa.
Txapel bat; eta bigarrena, gertu

Azken urteetan Euskal Herriko txapeletik gertuen egon den bikotea Eskoriatzako Jose Regañok eta Javier Erañak osatzen dute. 2024an Gipuzkoako txapeldun eta Euskal Herriko txapeldunorde izan ziren
Mus azkarrean nagusi

Oñatiko mus jokalari beteranoetako bi dira Iñaki Arregi eta Txema Gomez. Besteak beste, Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Harrikalariak Mus Txapelketa Azkarreko estreinako txapeldunak dira.
Mus Olinpiadetara

Debagoienak ordezkaritza izaten du Espainia mailan antolatzen diren Mus Olinpiadetan. Taldeko kide Marta Gonzalezek eta Andoni Beitiak esperientzia gomendagarria dela azaldu dute.
